Arakilgo eguna euripean

Guaixe 2017ko uzt. 25a, 13:32

Eguraldiak ez du lagundu Arakilgo egunaren hasieran. Itxasperriko ermita erromanikoa, beste behin, arakildarrek bilgune izan da. Makina bat izan dira jai eguna baliatuz Arakilgo Udalak antolatutako ospakizunera elkartu direnak. Ermitaren kanpoko aldean egoteko giro handirik ez zegoenez, otamenerako jarritako estalpean elkartu dira arakildarrak.

Ibarreko abesbatzak kantatu duen mezaren akaberan Aralarko aingerua gurtzeko aukera izan dute fededunek. Elizkizuna despedituta, ermitak berak hartu du udalak urtero egiten duen omenaldia. Joan den urteko otsailaren 21ean profesionaletan debuta egin duen Julen Martijak jaso du aitortza. Mª Paz Gonzalez Sagues alkatearen eskutik ermitaren beraren margolan bat eta ibarreko ttattarra jaso ditu. Dantzariek aurreskua dantzatu diote.

Omenaldiaren ondoren, joan den urtean jaiotako arakildarrei ibarrera harrera egin die udalak. Hiru haur jaio ziren: David Abajo Castro (Zuhatzu), Pablo Artieda Perera (Izurdiaga) eta Iera Moreno Mata (Ihabar). Gaurko ekitaldian haietako bi izan dira eta bakoitzarendako ttattar bat izan da. Kanpoko aldean egin den otamenaren ondoren ospakizuna Hiriberrira lekualdatu da. Bazkaltzera 260 pertsona elkartu dira.

Egitaraua Hiriberrin
13:30 Arku jaurtiketa erakustaldia.
13:30 Fosil, egur taila eta panpina erakusketa.
14:30 Herri bazkaria.
16:30 Bazkalostea rondallak alaituta.
17:00 Haurrendako tailer eta jokoak.
17:30 Mus, briska eta partxis txapelketak.
17:30 Los Andus bikotearekin dantzaldia.
18:00 Puzgarriak.
20:00 Sari banaketa.
20:30 Pintxo-potea.

Erlazionatuak