Koronabirusa Sakanan

'Ikusi mendizaleak…'

Maider Betelu Ganboa 2020ko eka. 1a, 10:48

Mendiak ikusgarriak daude egunotan, eta jende asko dabilela diote mendizaleek. Argazkiak: PEDRO GONZALEZ "BARETA".

Aurreko astetik Nafarroako edozein mendira joateko aukera dute mendizale federatuek eta federatu gabekoek. Jende asko dabil mendian, baina Sakanako mendi taldeek momentuz euren egutegia bertan behera utzi behar izan dute, garai hoberen esperoan

COVID-19 birusak sortutako osasun krisiak eta Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoerak kirol zaletasunak praktikan jartzeko garaian bere aztarna utzi du, baita mendizaletasunean ere.

Konfinamendua arintzeko faseak zehaztu zirenetik, maiatzaren 2tik aurrera, banaka kalera atera eta kirola egiteko aukera egon zen. Mendizaleak, gutxika, mendira joaten hasi ziren, baina federatuta egon edo ez, aukerak ezberdinak izan ziren.  1. fasean federatutako mendizaleek Nafarroako edozein mendira joateko aukera zuten bitartean, federatu gabekoek euren herriko mugetan ibili beharra zuten, bi kasuetan bizilekuko ordutegi eta denbora mugak errespetatuz. Horrek federatzeko eskaerak nabarmen igo zituen –15 egunetan 500 lizentzia eskaera izan omen dira, eta Nafarroako Mendi Federazioan lan ederra izan dute eskaerak tramitatzen eta fase bakoitzeko araudiak azaltzen. Astelehenean Nafarroa konfinamendua arintzeko 2. fasean sartu zen eta mendizale guztiek, bai federatuek eta baita federatu gabekoek ere, Nafarroako edozein menditara joateko aukera dute, gehienez 15 pertsonez osatutako taldeetan.

Jende asko dabil mendian, Urbasa-Andian, Beriainen eta San Migelen bereziki. San Migel santutegiko taberna-jatetxea maiatzaren 23an zabaldu zen eta mugimendu gehiago ekarri du horrek. Jendea mendira bai, baina mendi klubek euren irteera egutegia bertan behera utzi behar izan dute, momentuz, egoerak hobera egin arte.

Larrañeta mendi elkartea: 
"Finalista eguna eta Pirinioetako irteerak bertan behera utzi ditugu"
Etxarri Aranazko Larrañeta mendi taldeko Pedro Gonzalezek adierazi duenez, aurtengo irteerak bertan behera utzi dituzte. "Ekainaren 7an Finalista eguna genuen Auntzetxen. Bestalde, uztailaren 4an, 5ean, 18an eta 19an Pirinioetara bi asteburuko irteerak lotuta genituen. Urtero 50 mendizale inguru joaten gara Pirinioetara eta aurten 3 Erregeen Mahaia eta Peña Forca igotzeko asmoa genuen. Bi asteburutarako Lizako aterpean tokia hartuta genuen, baina Lizakoek esan digute, gauzak ongi, ekaina bukaeran edo uztaila hasieran zabalduko dutela, baina aforoaren %50 edo %30-arekin. Datak beteko dira? Guztiendako tokia egongo da? Aforoa dela eta, autobus baten ordez bi behar izatea ere gerta daiteke. Ezjakintasun handia dagoenez, irteerak bertan behera uztea erabaki dugu" azaldu du Gonzalezek. Pirinioetako bi asteburutako irteerak 2021era atzeratu dituzte eta ordurako tokia hartu dute.

Irailean egoera nola dagoen aztertuko dute, irailaren 20an txikiekin Lezaunera irteera bat egitea aurreikusia baitute, Zunbeltz Bentatik abiatuta Lezaunera joateko, Basabere abereen baserri eskola bisitatzeko eta bazkaltzeko. "60-70 lagun elkartu gaitezke eta ez dakigu egingarria izango den, zenbateko aforoa egongo den… Egoera nola garatzen den ikusiko dugu" gaineratu du Gonzalezek.

Larrañetakoek mendira joaten jarraitzen dute, baina bakoitza bere kabuz edo talde txikietan. "Igandean Maiatzara igo ginen, Bakaikuko Hiru Haitzetatik pasa ginen, ondoren Baizara… jende mordoa zegoen. Beste gauzarik egin ezin denez, jende guztia mendira (kar, kar…). Gero Putterrira joan ginen eta lasai ibili ginen" dio mendizaleak. Klubek antolatutako mendi irteerak berreskuratzea kostako dela uste du Larrañetako mendizaleak. "Kosta egingo da, eta asko" dio. Bestalde, azaroaren 1ean Oroiganera irteera egitea jasoa dago Larrañetako egutegian, eta abenduaren 20an Mendigoizaleen Egunean parte hartzea. Ikusiko da ea posible izango ote den.

Altsasuko Mendigoizaleak: "Erkudengo Erromeriarekin eta Bargagaingo Egunarekin zer egin,aurrerago erabakiko dugu"
Altsasuko Mendigoizaleak taldeak apirilaren 4rako antolatuta zuen Hiru Mendi Zerrak mendi ibilaldi luzea bertan behera utziz ekin zion konfinamenduari. "Aurten martxa antolatzeko oso gogotsu geunden, gure martxak 2019ko ibilbide onenaren Zirkuitua Saria jaso zuelako, baina osasun krisiagatik 2021era atzeratu behar izan genuen. Hurrengo urtean gogo gehiagorekin prestatuko dugu" azaldu du Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Andres Bengoetxeak. Jakina, horrekin batera, taldeak bertan behera utzi zuen bere mendi irteeren egutegia. "Ez dugu egutegi finkorik. Gure artean asteburuko plana adosten dugu, baina gure hitzorduak bertan behera geratu dira. Jendea mendira doa, baina bakoitza bere kabuz. Mendira joateak erlaxatu egiten du, eta hori primeran datorkigu" dio Bengoetxeak.

Altsasuko Mendigoizaleak taldearen ohiko bilerak ere bertan behera geratu ziren, baina atzera ere biltzen hasi beharko dutela argi du Bengoetxeak, urteko ekitaldiekin zer egin erabakitzeko. Izan ere, Altsasuko Mendigoizaleak bi irteera berezi antolatzen ditu uztailean, Erkudengo Erromeriko martxa eta Bargagain Eguna. "Aurten uztailaren 12an izango litzateke Erkudengo Erromeria. Guk egun horretan mendi buelta ederra egiten dugu eta Erkuden baselizan despeditzen dugu txangoa"azaldu du mendizaleak. Bestalde, uztailaren hirugarren igandean, uztailaren 19an, 60. Bargagaingo Eguna ospatzekoa da. Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatuta, mendira abiatzen dira altsasuarrak, Bargagaingo gurutzean biltzeko. Meza elizkizuna izaten da eta ondoren auzatea. "Data gerturatu ahala egoera nola dagoen ikusiko dugu bi hitzordu horiek antolatuko ote ditugun erabakitzeko" dio Andres Bengoetxeak. 

Iratxo: 
"Udako irteerekin zer egin, data gerturatu ahala ikusiko dugu"
Alarma egoeraren aurrean Irurtzungo Iratxo elkarteak hartu beharreko lehen erabakia apirilaren 25erako antolatuta zuen Sakanako Ibilaldia mendi ibilbide luzearekin zer egin izan zen. "Sakanako Ibilaldia ekainaren 22ra atzeratzea aztertu genuen, baina ekainean egoera antzekoa izango zela jabetu ginen eta ez genuen aurrera egin. Martxa udazkenera atzeratzea ere mahai gainean egon zen, baina hala eginez gero, aurtengo martxa bukatu bezain pronto hurrengoaren prestaketekin hasi beharko genuela jabetu ginen, eta, horretaz gain, ideia ere ez genuen begi oso onez ikusten. Hortaz, Sakanako Ibilaldia 2021era atzeratzea erabaki genuen" dio Iratxoko Juan Manuel Morenok. 
Iratxok bertan behera utzi du bere urteko irteeren egutegia. "Bakoitza bere kabuz doa orain mendira. Azken 4 urte hauetan abuztuaren azken asteburuan Pirinioetara irteera bat egiten dugu, eta data gerturatu ahala, erabakiko dugu aurrera egiten dugun" gaineratu du Morenok.

Bitartean, martxoko, apirileko eta maiatzeko irteerak bertan behera geratu dira. "Irailaren ondoren antolatuta ditugunak egingarriak izango direla pentsatzen dut, baina data gerturatu ahala ikusiko dugu" nabarmendu du Morenok. Irailaren 20an Lokitz igotzea dute aurreikusia, urriaren 11n Euskal Herriko Erdigunera joatea, urriaren 12an Belate-Beruete buelta egitea, azaroaren 22an Arakilgo Itzulian parte hartzea, azaroaren 29an Urepel-Mandoegi buelta egitea, abenduaren 20an Aralarko Mendigoizaleen Egunean parte hartzea eta abenduaren 31n urtea Erga gainean despeditzea. 

Sutegi eta Zabalarte: 
Datorrenaren esperoan
Olaztiko Sutegi mendi taldeak eta Lakuntzako Zabalarte mendi taldeak ere momentuz bertan behera utzi dituzte bere irteerak. Sutegikoek apirilaren 19an Olazti-Arantzazu eta Araia-Arantzazu mendi buelta egiteko asmoa zuten, eta, horretaz gain, abenduaren 31n  urtea Aizkorrin despeditzea aurreikusten dute. Bestalde, Lakuntzako Zabalarte taldeak martxoaren 28an Mendaurrera irteera zuten antolatuta eta ondoren sagardotegian bazkaltzea aurreikusia zuten. Maiatzaren 9an familia irteera zuten iragarria, eta maiatzaren 17an Sorogainera joatea zen asmoa. Bertan behera gelditu dira guztiak. Baita ekainaren 14rako iragarria zegoen Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa. Udako irteerekin zer egin, datak gerturatu ahala erabakiko dute. Uztailaren 25rako Deba-Ondarru martxa dute iragarria, irailaren 19an Lakuntza-Goldaratz, urriaren 31n Zabalarte Eguna, eta abenduaren 31n urtea Lakuntzeskuarrin despeditzeko asmoa dago. Ikusiko da.