COVID-19 birusak sortutako osasun krisia dela eta, Sakanako Mendizaleak taldeak bertan behera utzi du urteko mendi irteeren egutegia.
Mendizaleok nola bizi izan duzue COVID-19 birusak sortutako egoera eta konfinamendua?
Gaizki. Egun batetik bestera etxean gelditu behar horrek bizitza erabat aldatu zuen. Hasiera batean bereziki burua nuen gaizki. Ohituta zaude libre egoten, mendian batetik bestera ibiltzen, eta bat-batean konfinamendu egoeran etxean sartuta egotea gogorra izan zen, egia esan.
Martxoaren 15ean Sakanako Mendizaleak taldekoek irteera zenuten antolatuta. Alkiza eta Ernio artean buelta egin eta gero, sagardotegian bazkaltzea zen asmoa. Hain justu alarma egoera ezarri zen orduan.
Dena lotuta genuen: martxako bideak begiratuta, autobusa lotuta eta sagardotegiko tokia hartuta. 35-40 bat pertsona joan behar ginen. Aurreko astean gure artean hitz egiten hasi ginen, zer egin. 'Nola utziko dugu bertan behera?' zioten batzuk. Baina ordurako koronabirusaren gaia bolo-bolo zebilen eta etor zitekeenaz jabetzen hasi ginen. Bospasei egun lehenago autobusetara, medikuetara, sagardotegira eta toki guztietara hasi nintzen deika. Ez zen erabaki erraza izan, baina azkenean irteera bertan behera uztea erabaki genuen eta egin behar zena egin genuen, bezperan bertan alarma egoera ezarri baitzuten. Mendia hor dago, sagardotegia ere bai eta gauzak aldatzen direnean, betiko martxa berreskuratzean, bueltatuko gara.
Apirilaren 19an Olazti-Arantzazu martxa, apirilaren 25ean Sakanako Ibilaldia eta maiatzaren 17an Sorogainera irteera. Guztiak bertan behera.
Bai. Sorogaingo irteera ere goitik behera prestatuta zegoen: ibilbideak begiratuta, izena emango zutenen kopurua, jatetxeekin harremanetan geunden, baina aurreragorako utzi beharko dugu.
Ekainaren 21erako Gasteizko Ganaltoko irteera duzuela dio zuen egutegiak. Ibilbidea egiteko aukera izango al duzue?
Gauden egoera kontuan hartuta, uste dut bertan behera utziko dugula. Uztailean eta abuztuan ez dugu irteerarik antolatzen, norbera bere kabuz aritzen da udan, eta ikusiko dugu irailetik aurreragoko egutegiarekin zer gertatzen den.
Irailaren 13an Larrau-Belagua ibilbidea aurreikusita duzue, Pirinioetako irteera.
Ordura arte denbora asko dagoenez, ikusiko dugu data nola datorren eta zein egoeran gauden. Pirinioetako irteera udako atsedenaldiaren ondotik lehen irteera da eta jendea joateko irrikitan egoten da. Nolanahi ere, Sakanako Mendizaleak taldeak 2020 urte osoko egutegia prest du, zehaztuta, eta irailaren ondotik ikusiko dugu nolako egoera dagoen eta ibilbideak egin ahal ditugun; espero dezagun egoera hobean egotea.
Autobuseko aforoa kontuan hartu beharko duzue hemendik aurrera.
Bai, autobuseko aforoa, jatetxeen aforoa… denetatik. 55 toki dituen autobusa hartzen dugu normalean, 25-30 mendizale inguru ibiltzen garelako, batzuetan gehixeago. Baina aforoa dela eta, ez dakit ziur, baina akaso 70 tokiko autobusa hartu beharko genuke. Eta jatetxeetan berdina, aforoak baldintzatuko digu.
Momentuz zuen irteerak bertan behera geratu dira, baina bitartean mendira joan zaitezkete, norberak bere plana eginez eta talde txikitan.
Bai, momentuz gehienez 15 pertsona joan gaitezke mendira elkarrekin, distantziak errespetatuz. Eta gu mendira ateratzen gara, jakina. Igandeetan bederatzietan elkartzen gara lagunak, beti bezala mendira joaten garenak, bueltatxo bat ematen dugu eta etxera.
Mendian jende asko omen dabil. Bat-batean mundu guztia al da mendizalea?
(Kar, kar…) Orain arte mendian inoiz ikusi ez dudan jende asko ikusi dut egunotan mendian. Nik uste dut konfinamendu honekin asko kirolari bihurtu direla. Leku batzuetan jende asko dabil. Igandean haurrekin Beriain azpira joan nintzen, Ondatzera, eta Gaztelu Plazan baino jende gehiago zegoen. Jende ugari, batzuk taldean, beste batzuk haurrekin, familiak... Egia esan, eguraldia aproposa zen mendira joateko. Baina beste aldera, ni ibiltzen naizen tokietan, Arangun inguruetan (Aralar, Lakuntzako dermioa), jendeak ez du bertara joateko ohitura askorik. San Migelen ez naiz oraindik egon bainahan ere jendea ibiliko da. Eta jende asko lasterka ikusi dut mendian. Presaka bizi gara; ea konfinamendu honek mantsoago bizitzen, pentsatzen, erakusten digun.
Konfinamenduan galdutako ordu horiek aprobetxatzera aterako da orain jendea, korrika batean…
Ba orduan gaizki gabiltza. Nik konfinamenduan nabaritu dudana da denbora mantsoago pasatu dela. Nire irudipena da. Zenbat kostatzen zen eguna pasatzea, eta gero beste egun bat, asteburua ez zen iristen... Normalean asteazkena iristen da eta agur astea, ziztu batean joaten zaigu. Ildo honetan abenduan Mankomunitateak hitzaldi bat antolatu zuen, Lakuntzan, 'slow mountain' fenomenoaren inguruan. Orain horrela esaten zaio, baina finean betiko mendizaletasunera buelta egitea aldarrikatzen du mugimendu horrek. Hori da betiko mendigoizaleek egin duguna. Nik ez dut sekula mendian korrika egin. Motxilarekin, ogitartekoekin, hau begiratu, orain gelditu. Horrela ulertzen eta ikusten dut nik mendia. Korrika egiten dutenek, bere gozamena izango dute, baino ez dute dena barneratzen. Hori da nire irudipena.
Ea uda ondorengo mendi irteerak egiteko aukera duzuen.
Nik uste moldatuko garela. Nola edo hala. Nolanahi ere, datorrena onartu beharra dago, eta berarekin bizi. Uste dut hori egin behar dugula. Dagoena eta duguna onartu, eta aurrera.