Arakilgo Udalak Bizi Arakil parte hartze prozesua martxan jarri zuen urte hasieran Emun Aholkularitzaren laguntzarekin. Talde eragile bat sortu zuten udal ordezkariek eta zenbait herritarrek. Arakildarren parte hartzearekin, prozesuaren helburua da ibarrak eta bertako 12 herriek 2021-2031 hamarkadari begira dituzten beharrak jaso eta etorkizuneko erronkak identifikatzea. Horretarako urte hasieran 16 urtetik gorako arakildar guztiei galdetegi bat bidali zieten. Faltan dituzten zerbitzuez, ibar sentipenaz, espazio berrien beharraz, ibar mailako proiektu beharraz, laborantza ereduaz edo azpiegitura handiez galdetu zitzaien besteak beste.
Udalak jakinarazi duenez, “erantzuna bikaina izan zen, guztira 323 galdetegi jaso ziren, aukera zuten herritarren %38ak erantzun zuen”. Behar eta kezka guztien artean bi nabarmendu direla gaztigatu du udalak: etxebizitza beharra eta balio anitzeko gela baten beharra. Hori ikusita udalak bi gai horietan sakontzea erabaki du, “etxebizitza beharren inguruan argazki osoago izateko”.
Etxebizitza
Arakilen etxebizitza beharrari nola erantzun aztertzen hasi aurretik etxebizitzaren inguruan beste herri batzuetan dauden esperientzia eta proiektuak ezagutzeko aukera eskaini die udalak arakildarrei. Heldu den ostegunean, lastailak 14, Izurdiagan eginen da lehen jardunaldia. Han gizarte alokairurako Imotzen zaharberritutako etxebizitzaren proiektuaren azalpena eta Passive housen (etxebizitza pasiboak) aurkezpena izanen dira.
Lastailaren 21ean Hiriberrin Zeraingo Udalak gazteen emantzipazioa bulkatzeko eta adinekoak herrian gelditzeko egindako alokairu sozialeko etxebizitzen berri emanen du. Horrekin batera, energia komunitateak zer diren azalduko da.
Parte hartze saioak
Bi egun horietako jardunaldien ondoren bi parte hartze saio irekiak eginen dira. Lehenengoa lastailaren 28an izanen da, Izurdiagan. Hartan galdetegiko etxebizitzari buruzko emaitzen azterketa eginen da. Horrekin batera, Arakilgo etxebizitza aukerak eta beharrak identifikatuko dira. Arakildarren konpromisoa zenbaterainokoa den ere ezagutuko da. Bigarren parte hartze saioa Hiriberri Arakilen izanen da azaroaren 4an. Orduan behar errealen inguruan hitz eginen da; dauden etxebizitza aukerek dituzten indargune eta mehatxuak eta aurrera begirako pausoak zein izan beharko luketen zehaztuko dituzte. Saio guztiak 18:00etatik 20:00etara izanen dira.