Etxebizitza eta Itsasperri udalaren aurtengo lanaren ardatzak

Guaixe 2022ko eka. 2a, 14:01

Etxarren ikuspegia Itsasperritik.

Arakildarren etxebizitzarako sarbidea erraztu eta etxeen zaharberritzea sustatzeko lanean ari da udala. Bestetik, ermita erromanikoaren ingurua arautu eta txukundu nahi du ibilgailuendako 30 aparkaleku sortuz, eta bizikletendako ere.

Arakilgo Udalak aurten 1.476.926 euroko aurrekontua izanen du. Kopuru horretatik 590.000 euro inbertsioetara bideratuko ditu udalak. Oihana Olaberria Jaka alkateak azaldu duenez, bi egitasmok hartuko dute inbertsioaren zatirik handiena. Alde batetik, arakildarrak ibarrean bertan etxebizitzarako sarbidea izateko eta jendeak alde ez egiteko neurriak hartu nahi ditu udalak. Bi arazo daude gaur egun: alokairurako etxe falta eta hutsik dauden etxeak ez direla alokatzen. Horren barruan, "etxebizitza bat eskuratu moldatu eta gazte alokairura bideratzeko" 150.000 euro aurreikusi dituztela azaldu du Olaberriak. Bestetik, ibarra lehentasunezko zaharberritze eremua izendatu eta horrela etxeak zaharberritzen dituztenek dirulaguntza handiagoak jaso ditzaten lanean ari da udala. Hori egiteko 12.000 euro aurreikusi ditu. 

Bestetik, etxebizitzak botatzeko 30.000 euroko diru saila du Arakilgo Udalak aurten. Alkateak esan duenez, "arazo bat dugu egoera txarrean dauden etxeekin". Zehaztu duenez, "badaude utzita dauden etxeak, aldamenekoei arazoak sortzen dizkietenak. Udal arkitektoak haiek ikuskatu eta aurri egoeran daudela ondorioztatzen badu udaletik jabeari botatzeko eskatzen diogu. Halakorik ez badu egiten, udalak bere gain hartzen du etxea botatzea eta gero jabeari kobratzen dio", azaldu du Olaberriak. Aurreikusitakoarekin bi etxe botatzeko besterik ez du udalak.

Itsasperri 
Egiarretako ermitaren ingurua "arautu eta txukuntzeko" premia ikusi dute udalean. "Pandemiarekin jende gehiago joan da; autokarabanak, koadrilak igerilekuekin edota barbakoekin… Ermitaren ingurua arautu, txukundu eta hari balioa aitortu nahi diogu, ez masifikatzeko eta toki lasaia izaten segi dezan nahi dugu", argitu du alkateak. Horregatik, NA-7501 errepidearen bazterrean, ermitaren ekialdean aparkaleku bat eginen du Arakilgo Udalak. Eta beste bat ermitaren mendebaldean. Ibilgailuendako 30 plaza izanen ditu eta bizikletendako aparkalekua ere jarriko du udalak. Gainera, inguruarekin hobe bat egiteko zuhaitzak landatzea aurreikusi dute. Lanek 150.000 euroko aurrekontua dute. 

Udaletxean ere lanak eginen dira. Eraikinaren energia eraginkortasuna hobetzeko, lehen solairuko bulegoak kristalekin banatuko dira. Eta beheko solairuan udaleko langileendako aldagela eginen da, orain arte halakorik ez baitute izan. Bi lanetara 50.000 euro bideratu ditu Arakilgo Udalak. Joan den urtean erositako traktoreari jartzeko sasiak garbitzeko makina erosi du udalak. 30.000 euro jarri du horretarako, "sasiak garbitzen lan handia baitugu". Bestetik, bakarrik bizi diren pertsonen premiak asetzeko zerbitzua sortzeko 11.000 euro jarri ditu. Gainera, bertako hazien proiektuari segida eman eta egonkortzeko 10.000 euro daude aurreikusita. Aurrekontu bera du Aixitako gaztelua zaharberritzera bideratutakoak. Urteak dira Arakilgo Udala Iñaki Sagredorekin elkarlanean eginkizun horretan ari dela. "Aurten panelak jarriko ditugu eta opatutakoekin erakusketa bat egin nahi dugu, proiektuari akabera emateko". Ospakizunetan erabiliko den karpa eta eszenatokia erosteko 8.000na euro bideratuko ditu udalak. 

Kontzejuak 
Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegitura Planaren bidez zein lanetarako finantzazioa eskatu argi dute udalean. Etxarrengo sareak eta zorua berritzea "halako lanak egin gabe dagoen herri bakarra baita. Hiriberriko zati bat geldituko litzateke", azaldu du Olaberriak. Zuhatzukoak ere berritzea behar du, baina horiek 2025erako edo lirateke. Eta Ihabarren dauden ur ihesak konpondu nahi lituzke ere udalak. Kontzejuek bestalde, ur biltegi eta hilerrietarako bideak konpontzea eskatu dute. Bestetik, Satrustegiko kaleetako sareak eta zoruak berritzeko eskatutako mailegua bukatzeko aurten 40.000 euro ordaindu ditu udalak. 

Urtero moduan Arakilgo Udalak kontzejuen artean 35.000 euro banatuko ditu; guztiek kopuru finko bera jasotzen dute eta bigarren zatia populazioaren arabera jasotzen dute. Kontzejuak hain zuzen ere udalari azaldu diote beraien herrietan zein lan dauden egiteko. "Bakoitzarendako zein lan den egokiena aztertu ondoren, udaleko lanen taldeak eta Iturraskarrin parte hartzen dutenekin eginen ditugu lan horiek", azaldu du alkateak. "Hala ere, udaleko langileak ez dira guztia egitera iristen eta herriek ezin dute auzolana ahaztu, lan asko auzolanean egin baitaitezke. Auzolana ere bada gure kulturaren zati eta funtzionatzeko era. Eta ez dakit galtzen ari ote den", hausnartu du alkateak. 

Aurten ibarreko herrietara iritsi dena zuntz optikoa izan da. Sakanako hainbat udalek eta Sakanako Garapen Agentziak sustatu dute Guifinet fundazioarekin batera Sakananet zuntz sarea. Haren bidez enpresa handiek zerbitzua eskaintzen ez zieten herriei zerbitzua emateaz aparte, publikoa den zerbitzua eskaini nahi zen. Arakilen dagoeneko martxan dago Interneterako konexioa. Olaberriak nabarmendu duenez, "herri guztiak daude konektatuta eta jendea zerbitzuarekin oso kontentu dago. Oso azkar funtzionatzen du". Alkateak jakinarazi duenez, sarerako konexio ugari daude Arakilen. 

Erlazionatuak