Arakilgo hamabi herrietatik dagoeneko hamarrek berrituak dituzte ur hornidura, saneamendu eta euri urak jasotzeko sareak eta zorua. Etxarrengo kontzejuko presidente Migel Anjel Irurtia Sariok esan duenez, halako hurrengo lanak Etxarrenen eginen ditu Arakilgo Udalak; “egungoak 40 urte ditu”. Halako lanak egiteko udalek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza behar izaten dute eta oraingoan ere hala izanen da. Toki Azpiegitura Planera aurkeztuko ditu udalak Etxarrengo sareak eta zorua berritzeko lanak. Irurtiak azaldu duenez, “lanek 960.000 euro inguruko aurrekontua lukete eta bi faseetan eginen lirateke. Gainera, argiteria publikoko eta telefono kableak lurperatzeko hodiak jarriko lirateke. Baita zuntz optikoa sartzekoa ere”.
Herrian Etxarrengo Kontzejuak egindako azken lanak izan ziren Aranburu frontoiaren barruan eta kanpoan zegoen argiteria berritzea eta LEDak jartzea eta kontzeju etxeko eskailera, lehen solairuko zoruaren zati baten konponketa eta adinduak igotzeko aulki elektrikoa berritzea. Hori 2019an egin zuen eta joan den urteko apirilean jaso zuen lanei zegozkien dirulaguntzak.
Etxarrengo Kontzejuak Nafarroako Gobernuak urtero biztanleriaren arabera ematen duen dirulaguntza jasotzen du. Kontzejuak diru sarrera gutxi ditu eta horietako bat da herri lurrak errentan ematea. Horixe egin berri du eta bi enpresek hartu dute zortzi urterako. Errentamendu horretatik 4.000 euro pasatxo jasoko ditu kontzejuak.
Azkenik, Etxarrengo Kontzejuak, urtero moduan, Arakilgo Udalari jakinarazi dio herriko zein gune garbitu beharko dituen udan kontratatzen dituen langileak.