Etxe hutsak, udalaren buru haustea

Guaixe 2023ko ira. 28a, 09:01

Arakilgo Udalak esku hartuko duen etxeetako bat, Ekaiko ganadero etxea.

Aurri egoeran edo arriskutsuak diren hiru eraikin egonkortzeko udalak 160.000 euro aurreikusten ditu. Holakoek "aurrekontua hipotekatzen" diotela gaztigatu du udalak.

Despopulazioaren ondorio nabarmenena jendea herrietatik joatea eta herriak hustea da. Baina despopulazioak luzera beste ondorio batzuk ditu. Horien artean dago joandakoek utzitako etxeak, etxe hutsak. Inolako erabilerarik ematen ez bazaie, hondatzen hasten dira, eta gero eta handiagoa da denboraren joanak eta eguraldiak eraikin horietan uzten dituzten arrastoak. Garaiz esku hartzen ez bada, aldameneko etxeendako edo herritarrendako beraiendako arrisku bihur daitezke etxe horiek, aurri egoeran egonik, teilak, paretako harriak edo dena delakoa eror daitekeelako. Etxe osoak berak ere hondoa jo dezake. 

Arakilgo Udalarendako egoera hori ez da arrotza. Hainbat eraikin begiz jota ditu. Baina bereziki hiru, Ekain, Zuhatzun eta Ihabarren daudenak. Oihana Olaberri Jaka alkateak azaldu duenez, "bi kasu ditugu: hildako pertsona batek utzitako ondasunak dira, baina jaraunsle legitimoek oraindik erreklamatu ez dituztenak, edo porrot egindako enpresa batenak dira". 

Zuhatzukoa esleituta du udalak. "Ihabarkoa heldu den urtean egitekoak ginen, baina azken euriekin etxearen egoera okerrera doa, eta orain egitea pentsatzen ari gara. Baina aurrekontuaren arabera izanen da". Olaberriak azaldu duenez, "saiatuko gara eraikinak ez botatzen, etxeak hustea da asmoa, garestiagoa ez izateko". Baina udalaren esku hartzeak badu ondoriorik: "guk eraikina egonkortu ondoren, norbaitek etxe edo geldi daitezkeen lursail horietan zerbait egin nahiko balu, udalak egindako gastua eraikina edo lursaila hartzen duenak bere gain hartu beharko du. Horrek etxea berreraikitzea pila zailtzen du". 

Hiruretan esku hartzeko Arakilgo Udalak 160.000 euroko aurrekontua du. Olaberriak aitortu duenez, "halako gauzek udala erabat hipotekatzen dute". Horregatik, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza zuzendari nagusi berriarekin, Maite Arrondo Segoviarekin, hizketatzeko nahia azaldu du alkateak. "Bilera eskatuko diogu. Honek ezin du horrela jarraitu", azpimarratu du Arakilgo alkateak. 

Industrialdeak 
Arakilgo Udalak bi industrialde ditu. Bata Etxarrenen, bestea Nafarroako Autopistaren eta Irurtzungo industrialdearen artean. Nafarroako Gobernuak bakoitzarendako Udalaz gaindiko Eragineko Plan Sektoriala egiteko zain dago Arakilgo Udala. Alkateak azaldu duenez, "azken industrialde horren kasuan 6 urte daramatzagu zain. Gobernuarekin hitzarmena sinatuta dugu, sei hilabetetan egin behar zuten, eta oraindik egin gabe dago. Guk ezin dugu ezer egin. Esan diguten azkena da abendurako egonen dela. Plan sektorialik ez badago ere, gobernuak lurrak salgai ditu".