Udalak gazteendako kooperazio beka deialdia egin du

Guaixe 2025ko mai. 7a, 09:30

Gazteak Etxarrengo festetan dantzan. ARTXIBOA

Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakunderen baten lankidetza ekintzan parte hartzea ahalbidetzen du bekak.

Arakilgo Udalak 18 eta 35 urte artean dituzten arakildarrei zuzendutako beka deialdia egin du. Garapen bidean dauden lurraldeetara bidaiatu nahi dutenak eta han daudela kooperazioa helburu duen erakunde batekin lan egin duten gazteek aurkez ditzakete eskabideak beka deialdian. 2.500 euroko diru poltsaz dago osatuta beka. Izen emateko eta eskatutako agiriak aurkezteko epea maiatzaren 30ean bukatuko da. Informazio gehiago nahi duenak 634 584 226 telefono zenbakira hots egin edo info@arakil.net eta arakilkultura@gmail.com e-posta helbideetara idatzi dezake. Deialdiaren oinarriak eta parte hartzeko betebeharrak arakil.eus webgunean daude. 

Beka deialdi horrekin Arakilgo Udalak arakildar gazteengan sentsibilizazioa piztu nahi du, hain zuzen ere garapen bidean dauden herrialdeei garatzen laguntzeko eta, aldi berean, gazteengan herrialde eta kultura ezberdinen arteko elkartasun kultura sustatzeko. Hartarako, aukeratutako pertsonek zuzenean parte hartuko dute garapenerako borondatezko lankidetzan ekintza batzuen bidez, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakunde (GGKE) baten bidez, eta bertatik bertara ezagutuko dute gutxienez hilabete batez ekintza horien garapena. Epe luzeagoak ere izan litezke, beti ere eskaera egileak ahal badu eta proiektuan sartuak diren erakundeek egokia ikusten badute. GGKEez aparte, bekak beste entitate batzuk kontuan hartuko ditu.