Botika berri batek C hepatitisa gaitza duten pertsona guztiei osasuntsu bizitzeko aukera zabaldu die. “Horrekin leiho bat ireki da eta gaixotasunari buruz gehiago dakigu orain”. Gaixo zeuden pertsonei botika iristen ez zitzaienez, haiekin lan egiten duten elkarteek arazoa azalaraztea erabaki zuten.
Urte hasierarekin batera mobilizazioei ekin diete elkarte, gaixo eta senideek. Horrek “politikariek pilak jartzea ekarri du”. Mobilizazioaren ondorioz gaixoei botika ematen hasi zaizkio. “Pixkanaka mugitzen ari da. Baina ez dakit betirako den edo protestak isilarazteko estrategia. Ahalik eta gaixo gehienengana iristeko lanean segitzen dugu”.
Adanek azaldu digunez, “Sovaldi botika ez da enpresa batena. Amerikako Estatu Batuetako (AEB) diru publikoarekin ikerketa egin zuten. Esaten dutenez, ikerketa ostu eta patentatu egin zuten. Enpresaren egoitza paradisu fiskal batean jarri zuten. Enpresa horrek putre funts bati saldu zion eta hura da orain botikaren jabe. Espekulazioa egiteko erosi du, ez jendeari mesede egiteko”. Beste botika berriak sortu dira, hau baina hobeagoak, eta urte honetan merkatuan egonen dira. “Haiek AEBn saltzen dituzte baina oso garestiak dira”.
Itxialdian, konponbide eske
Iruñeko Bideko Ama ospitalean ilbeltzaren 10ean itxialdia egiten saiatu ziren eta foruzainek eragotzi egin zieten. 13an sartu ziren eta 15ean bota gintuzten. “Atzera ere, saiatu ginen baina atera gintuzten. Ordutik sindikatuek ospitalean duten geletan ari gara protesta egiten”.
Konponbide eske Marta Vera osasun kontseilariari hainbat gutun bidali dizkiote baina ez dizkie erantzun. “Gu nekatzeko estrategia dela pentsatzen dut”. Eskaera zehatza egin diote Verari: “ahal duen jende gehienari botika ematen jarraituko duela esaten duen konpromiso publikoa hartzeko eskatzen diogu. Gaur egun zirrosia dutenei ematen ari baitiete soilik. Botika, lehenbailehen, gaixo denei eman behar diete”.
Foru administrazioaren jokabidea azaldu digu Adanek: “hasieran esan zuten Madrilen eskumena zela, baina mobilizazioekin Nafarroako Gobernuak bere eskutan hartu du gaia. Botika ematen ari dira. Haiek esaten dute sendagilearen aholkuz ematen direla botikak behar dituztenei. Esaten dute ez dagoela diru faltarik. Baina medikura bazoaz eta diagnostikoa egiten badizu, botika ematen dizu. C hepatitisa dugunoi ez. Diru kontua da”.
Adanek argi du: “eurek farmazia enpresekin negoziatu behar dute. Politikoen lana da gaixoei botikak ematea. Horretarako ordaintzen dugu hilero gizarte segurantza. Ez da opari bat”. Bitartean, ospitaleko itxialdian sinadurak biltzen ari dira, “gure eskaerak indar gehiago izateko. Verari adierazteko gizarte nafarra gure alde dagoela”. Aldi berean, Nafarroako Parlamentuko talde guztiekin biltzeko eskaera egin dugu. Itxialdira etor daitezela eskatu dugu. Jendearengandik elkartasun adierazpen handiak jasotzen dute C hepatitisa duten gaixoek.
C Hepatitisa
Gaitzak garaiz ez bazaio heltzen zirrosia eta minbizia eragiten ditu. Lehen gaixoen erdia sendatzen zen. Gaixo askori gibela hondatzen zaie eta transplantea behar izaten dute. Baina, hala ere, birusa gorputzean jarraitzen du. Botika berri batek kasu gehienak sendatzen ditu. Opuseko Herrero sendagileak esan zuen Nafarroako populazioaren %1ek duela gaitza, 10.000 bat nafar. “Askok, ordea, ez dakite dutenik ere”.