Arnaizen eta Casaresen Arbizu

Guaixe 2015ko mar. 30a, 11:56

Beñat Arnaiz (1:36:07) eta Ana Casares (1:52:36) jaun eta jabe izan ziren Arbizuko Duatloian. Sergio Garcia de Eulate 8.a iritsi zen helmugara eta proba herrikoia Isidro Asurabarrena altsasuarrak irabazi zuen. Kadete mailan Fermin Azkargorta izan zen onena

Sakandarrak Arbizuko 19. Duatloian
1.Beñat Arnaiz: 1:36:07
8.Sergio Garcia de Eulate: 1:44:14
18.Felix Benjumea: 1:46:25
41.Mikel Astiz: 1:51:31
87.Jose Ignazio Mikeo: 2:01:16
96.Juantxo Zelaia: 2:03:21

Sakandarrak Arbizuko proba herrikoian eta kadeteetan
1.Isidro Asurabarrena: 53:10
3.Fermin Azkargorta: 58:54
4.Iñigo Razkin: 57:26

*Oharra: Federazioak ez du duatleten jaioterriko daturik eman eta gerta daiteke sakandarren bat ez agertzea.

Larunbatean 160 duatletek hartu zuten irteera Arbizuko 19. Duatloian. Aurten, ohiko probaz gain (8 km korrikan, 32 km bizikletan eta 4 km korrikan), proba herrikoia antolatu zuten, proba nagusiaren distantzia erdia zuena (4 km korrikan, 16 km bizikletan eta 2 km korrikan). Duatleta gehienak, 133, proba nagusian aritu ziren, baina distantzia erdia osatu zuten proba herrikoiaren hautua egin zuten 10 duatletek. Izena eman zuten 16 kadeteek ere distantzia erdia osatu zuten. Bestalde, aurten binaka erreleboka aritzeko aukera zegoen eta bikote batek egin zuen erreleboka lehiatzeko hautua.

Emakumeak atera ziren lehenengo, eta hiru minutura gizonak. Eguraldi goxoarekin hasi zen proba, baina eguzkia estali zenean hotza eta haizea nagusitu ziren. Aitxintxika taldeko Beñat Arnaizek hasieratik aurrea hartu zuen. 34 urteko aretxabaldarrak sekulako erakustaldia eman zuen eta probako jaun eta jabe izan zen (1:36:07), 3 minutu luze pasa atera baitzizkion Patxi Urizarri (1:40:43). Adur Eskisabelek osatu zuen podiuma (1:41:57). Emakumezkoetan hasieran lehia estua izan zuten Altsasuko Duatloia irabaztetik zetorren Ana Casaresek eta Lourdes Oiartzabalek, baina azkenean Casaresek aldea atera zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara (1:52:36). Bi minutu pasara sartu zen Lourdes Oiartzabal (1:54:46) eta Leire Etxezarreta izan zen hirugarrena (1:58:55)

Beñat Arnaiz lau aldiz aritu da Arbizun baina larunbatean bere lehen garaipena lortu zuen Arbizun. “Sendo ikusten nuen nire burua, oso fuerte nago, eta hasieratik tiratu egin dut, nire erritmoa jarriz. Lehen sektorean abantaila atera dut eta gero abantaila hori mantentzen saiatu naiz, eta ondoren disfrutatu egin dut. Hori bai, sufritzea tokatu zait, proba gogorra delako. Lizarragako portua igotzerakoan haizeak bizkarretik jotzen zuen eta nahiko errez igotzen zen, baina jaitsieran aurpegiz kontra jotzen zuen haizeak, eta gogorra egin da. Korrikako tartean eroso ibili naiz, Lizarragako portutik Etxarrira jaistea kostatzen zait gehiena. Proba hau oso polita da, zerbait espeziala dauka, asko gustatzen zait Nafarroan gaudelako eta euskararen alorra lantzen delako. Puntu espezial hori dauka eta ahal dudan guztietan etortzen saiatzen naiz” adierazi zigun Arnaizek proba bukaeran.

Ana Casares ere pozik zegoen irabazi izanagatik. Lourdes Oiartzabalekin parean ibili zen Casares, baina gero aurrea hartu zuen iruindarrak. “Txirrindula tartea bukatzerakoan minutu bateko aldea nuela esan didate eta dena eman dut. Ongi iritsi naiz, baina nekatuta” adierazi zuen. Casares askotan lehiatu da Arbizun eta sarritan irabazi du proba. Oso gustukoa du. “Denboraldi honetan uztaileko Alemaniako Ironmanean lehiatzea dut helburu, eta proba hauek entrenamendu bikaina dira” nabarmendu zuen Casaresek.

Sakandarrak
Sakandarren artean Sergio Garcia de Eulate izan zen onena. Altsasuarra 8.a iritsi zen helmugara (1:44:14). Felix Benjumea altsasuarra izan zen bigarren sakandarra, helmugara 18. postuan iritsi eta gero (1:46:25). “Beti bezala gogorra izan da, baina eguraldia ona izan da eta gustura ibili gara. Espero nuen akaso zerbait hobe ibiltzea baina denboraldi hasiera da eta ez gara kexatuko” adierazi zuen Benjumeak. Aurten Saltoki Trikideak taldearekin ariko da Benjumea. “Aurreko urtean triatloi luzeagoak egiten hasi nintzen. Saltokikoek halako probetan hartzen dute parte eta pentsatu nuen eurekin aritzea, nire martxa berdina duten taldekideak izateko eta probetara norekin joan eta beste izateko. Proba luzeak beste erronka bat dira. Bizikletan hobekien moldatzen naiz, eta aurten bereziki igeriketa ari naiz entrenatzen. Proba laburrago hauek luzeagoak entrenatzeko erabiliko ditut. Aurten hiru erdi ironman egin nahi ditut, hori da nire erronka. Apirilean Katalunian erdi iron bat egingo dut eta maiatzaren 16an Iruñean beste erdi iron bat. Horiek dira nire lehenengo helburuak” adierazi zigun triatletak.

Nafarroako Triatloi Federazioak Sakana Triatloi Taldeko Javier Borrega deskalifikatu zuen, materiala abandonatzeagatik, eta Mikel Lakuntza arbizuarra ere deskalifikatu zuten, bi txartel hori ikusteagatik.

Auzatea eta sariak
Proba bukatzerakoan sari ematea egin zen eta ondoren duatletendako auzate ederra prestatu zuten Aldabide elkartean. Sari ematean 600 euro banatu zituzten esku dirutan eta baita txapelak, trofeoak eta Arbizuko produktuen loteak. Horretaz gain, hainbat sari zozketatu ziren.

Proba herrikoia Asurabarrenarendako eta kadeteeena Azkargortarendako
Proba herrikoian aritu zirenak distantzia erdia osatu zuten. Azkarrena Sakana Triatloi Taldeko Isidro Asurabarrena izan zen (53:10). Hirugarren postuan iritsi zen Fermin Azkargorta (56:54), Arbizuko duatloiko lehen kadetea. Iñigo Razkin arbizuarra laugarrena izan zen (57:26) proba herrikoian.

Goizean haurrak
Goizean Arbizuko III. Haur Duatloia jokatu zen, Nafar Kirol Jokoetarako baliagarria. 125 neska-mutikok hartu zuten parte, kategoria ezberdinetan.