"Street punkarekin aldarrikatzen ditugu gure kezkak"

Maialen Huarte Arano 2015ko aza. 13a, 09:05

Bigarren diskoa kalean du Alerta Gorria talde arbizuarrak Piztia Basoan. Asier, Ander, Joanes, Urtzi eta Jon dira taldekideak. Altsasuko Itxura estudioan, Fonta eta Franekin, grabatutako diskoa aurkezten ari dira.

Noiz jaio zen Alerta Gorria?
2009ko udan hasi ginen elkartzen. Bostok lagun talde berekoak gara eta udako arratsalde aspertuetako batean sortu zen musika talde bat eratzearen ideia. Lehen entseguak Joanesen bajeran egin genituen eta gero, taldea forma hartzen joan zela ikusita udalarekin harremanetan jarri ginen gune bat lortu eta bertan entseguak egin ahal izateko.

Entseguetatik zuzeneko kontzertuetara pasa zineten.
Euskal Herrian barna aritu gara kontzertuak ematen. Plazak eta gaztetxeak izan dira gure eskenatoki nagusi. Jende gaztea izaten da gure ikusle eta entzule, giro polita sortzen da zuzenekoetan. Hasieran gurasoak ere izan ditugu fan.

Zer nolako musika da Alerta Gorriak sortzen duena?
Zaila izaten da musika estilo bat definitzea. Street punk-a izan daiteke gurekin lotu daitekeen estilorik fidelena. Hard core gisakoa da, musika gogorra, erritmoz azkarra. Bigarren lan honekin gure bidea hartu dugu, baina, hasieran talde askoren bertsioak ere jo ditugu, bat aipatzearren, Non Serviun taldearenak.

Zergatik Alerta Gorria?
Krisi garaian sortu zen taldea. Garai hartan manifestazioak eta protestak ia egunero izaten ziren kalean eta halako batean, manifestazio horietako bat iragartzen zuen kartelean "Euskal Herria Alerta Gorrian" irakurri genuen. Hortik heldu da izena.

Alerta Gorri hori islatzen da zuen letretan?
Isla handia du bai. Kantu asko dira egoera hori aldarrikatzen dutenak, baina ez da hori bakarrik gure letrek diotena. Euskal Herriko egoera bai, baina beste gai asko ere lantzen ditugu.

Bigarren diskoa duzue eskuartean, Piztia Basoan.
Egunerokotasunari erreferentzia handiak egiten dizkiogu disko honetako letretan. Gure kezkak islatzen ditugu. Horrekin ahalik eta gazte gehienengana iristea nahi dugu, eta lortu dugula uste dugu. Kontzertuetan jendeak gure kantuak abesten ditu eta hori da lortu nahi duguna.

Kontzertuetan hartu emana lortzen duzue jendearekin, estudioan musika hori grabatzea. Zer nahiago?
Kontzertuetan aritzea, dudarik gabe. Jendeak guk sortutako abestiak kantatzen ditu, zuzenean ari gara eta feedbackak asko asebetetzen gaitu. Grabazioa egitea ere ongi dago, eskuartean izaten duzulako zenbait hilabetez landutakoa, baina, ez dakizu diskoa jendearen eskuetara iristen den edo ez. Kontaktu zuzenagoa da kontzertuetakoa.

Irurtzunen aritu berri zarete. Larrazpi aretoa leporaino bete duzue. Hurrengo hitzorduak non?
Irurtzunen jendearen erantzuna ikaragarria izan da. Kontzertuaz gozatzeko aukera izan dugu. Gipuzkoara goaz datozen egunetan. Azaroaren 28an Ormaiztegin joko dugu festetan eta abenduaren 12an Beasaingo plazan, jaietan.

Etxetik hurbil jotzea edo urrunagoko plaza batera joatea desberdina da?
Bai, aldea nabaritzen da. Etxetik hurbil jotzen dugunetan lagunak eta senitartekoak izaten ditugu, berotasun hori sentitzen dugu. Sortzen den giroa bereziagoa izaten da.

Norekin konpartitu duzue eskenatokia?
Vendetta eta Arkada Sozialekin behin baino gehiagotan izan gara. Baita Disturbiorekin ere. Non Serviunekin joko genuke berriro gustura.

Piztia Basoan salgai duzue, non eskura daitezke diskoak?
Gure kontzertuetan eskuragarri daude eta Sakanako ohiko tabernetan ere. Etxarrin, Arbizun, Altsasun eta Olaztin, besteak beste. Gaztetxe askotan ere izaten dituzte. Bost euroan daude salgai.