“Ikastetxeetan ahozko komunikazioa modu planifikatu eta sistematikoan jorratu beharko litzateke, baina ez da hala egiten”

Guaixe 2015ko abe. 25a, 10:55

Yolanda Olasagarre, EIBZko irakaslea eta ahozko hizkuntza irakasteko webgunearen sortzaileetako bat.

Hezkuntza Departamentuak euskarazko ahozko gaitasunaren inguruko webgune bat aurkeztu zuen urrian. Honek ahozko komunikazio gaitasunaren oinarri teoriko eta didaktikoak eta ikastetxeetan buruturiko praktikak jasotzen ditu. Gobernuko euskara teknikari Esther Mugertza eta EIBZ Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroko irakasle Yolanda Olasagarre arbizuarra arduratu dira web orria hezurmamitzeaz. Azken honi egitasmoaz galdetzeko parada izan dugu.

Esther Mugertza eta Yolanda Olasagarre.


Zergatik erabaki zenuten proiektu honi ekitea?
Estherrek eta biok irakasleentzako prestakuntza eskaintzen dugu euskarazko ereduan. Orduan hor euskararen nolabaiteko sustapena egiten hasi ginen. Egoera pixka bat aztertuta, bi gauza ikusi genituen: batetik, ikasleen motibazioa landu behar zela, eta bestetik hauen ahozko gaitasuna jorratu beharra zegoela. Izan ere, irakasleek ikusten zuten euren ikasleek ez zutela behar adina euskara hitz egiten, eta zerabilten euskararen kalitatea ez zela nahikoa. Horrela, bada, bi adar horiek lantzen hasi ginen, eta webgunean aurkeztu duguna ahozko gaitasunari begirako jarduna izan da.

Ahozkotasuna ikastetxeetan ez da behar bezala lantzen?
Ez. Egokiena modu planifikatu eta sistematiko batean jorratzea litzateke, baina ez da hala gertatzen. Orain arte ahozkoa idatzizko parametroetatik begiratu izan da. Ahozkoak berezko ezaugarri batzuk ditu, eta lanketa apropos bat egiteko hauei erreparatu behar zaie. Esaterako, ahozko ekoizpena momentuan gertatzen da, ezin dezakezu egindakoa zuzendu, atzera egiteko aukerarik ez duzu. Idatzizkoan, aitzitik, bai.  Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, beraz, modu berezituan jorratu behar dira. Bestalde, askotan ekoizpen bakarrean dena eskatu izan zaio ikasleari, eta hori ezinezkoa da.

Zenbat denbora eman duzue egitasmoa garatzen?
Duela zortzi bat urte motibazioaren inguruan lan egiteari ekin genion, eta geroago ahozkoaren lanketa propioa egitera igaro ginen. Hasiera batean prestaketa jasotzen aritu ginen, batik bat Mondragon Unibertsitatearen ikuspegitik. Horretaz landa, ahozko jarduna sortzeko Mintzola egitasmoa eratu zen, eta prestaketa lanetan honi ere erreparatu genion. Behin behar bezala formatuta,  2010-2011 ikasturtean ikastetxeetan esperientziak garatzen eta frogatzen hasi ginen.

Zer aurki daiteke zuen webgunean?
Alde batetik, gure planteamendua zein den; hots, ahozkoaren irakaskuntza zer ikuspuntutatik jorratzen dugun. Horretarako ikasle zein irakasleengandik jasotako inpresioetatik abiatu gara. Bestetik, euskara ikasle askorendako eskolan soilik lantzen den hizkuntza dela kontuan hartuta, oinarri soziolinguistiko bat emateko beharra ikusi dugu. Oinarri hori hizkuntza tratamenduari begirakoa da. Horrez gain, egindakoaren ondorio eta hausnarketak ere bildu ditugu. Horrela, aipaturiko elementuekin oinarri teoriko bat osatu dugu. Baina hori lanaren alderdi bat baino ez da. Izan ere, ondoren, didaktikari begira, sekuentzia didaktiko batzuk landu ditugu. Horretarako Genevako eskolak egindako proposamenetik abiatu gara. Sekuentziak mailaz maila (Haur Hezkuntzatik Batxilergoko lehenengo maila arte) jorratu ditugu, irakasleei prestakuntza eman diegu, eta ondoren hauek praktikan jarri dituzte. Maila bakoitzeko gutxienez eredu bat eskaintzen dugu.  

Genevako eskolak egindako proposamenari egin diozu aipamen. Zer dio honek?
Oso azaletik esanda: hizkuntza elkarrekin interakzioan eraiki eta sortzen dugula eta hori diskurtsoetan gauzatzen dela. Beraiek proposatutako sekuentzia didaktikoa hartu dugu tresna gisa ahozko hizkuntza eskolan lantzeko. Prozesua helburu komunikatibo bat zehaztuta hasten da. Gero ikaslea grabatu egiten da, prozesuaren hasieran zer gaitasun dituen ikusteko. Ondoren, irakasleak prozesua diseinatzen du, beti ere ikasleekin negoziatuta. Behin lanketa burututa, ikaslearen amaierako grabazioa egiten da. Horrela ikasleak aukera dauka ikusteko zertan hobetu duen, zer hutsune dituen oraindik … Lanketa, baina, ez da hor amaitzen, prozesu zikliko batez ari baikara. Horrela, urteen poderioz ikaslea ahozko gaitasuna hobetuz joaten da.

Horrez gain, gertuagoko adituen ekarpenak ere jaso dituzue.
Bai. Hemen aditu oso aproposak ditugu: Joxerra Ruiz, Uri Ruiz, Itziar Plazaola, Josune Zabala edota Mondragon Unibertsitatean ari den Miker taldea, kasu. Guzti horiek esandakoa, dudarik gabe, gertukoa eta kalitatezkoa da, eta kontuan hartu dugu.

Sekuentzia didaktikoak praktikan jartzeko zailtasunik izan da?
Irakasleek ahozkoa tartea dutenean lantzen dute, jarduera solteen bitartez. Kurrikuluma oso zabala da, gauza asko landu behar dira, beraz normala da soilik denbora dutenean jorratzea. Egoera horretan, zailtasunik handiena irakasleari beste modu batean lan egin behar duela erakustea da, ez dituela eduki gehiago gelaratu behar, baizik eta beste modu batean lan egin. Ikasleak protagonismoa hartzen du, irakaslearen funtzioa aldatu egiten da, eta hasieran hori barneratzea kosta egiten da. Baina bukaeran jasotzen ditugun balorazioak oso positiboak izaten dira; bai irakasleenak, eta bai ikasleenak ere. Finean, honek aukera ematen dio ikasleriari hitza hartzeko, mutu ez gelditzeko.  

Testuinguru linguistiko desberdinetako zentroekin aritu zarete elkarlanean.
Zentroak izan ditugu Iruñerrian, Leitzaldean, Elizondon, eta baita Sakanan ere. Datorren urtearen hasieran Agoitz, Doneztebe eta Atarrabiako ikastetxeekin ere hasiko gara lanean. Orduan bai, testuinguru desberdinetako eskualdeak hartu ditugu; gure proiektua ez dugu leku bakarrera mugatu nahi izan.

Sakanan zentratuz, zer ikastetxerekin aritu zarete hemen?
Gurekin hasiera hasieratik egon den zentroa Altsasuko Mikel Donea Institutua izan da. Bidea haiekin batera egin dugula esan daiteke. 2010-2011 ikasturteaz geroztik ia urtero sekuentzia didaktikoak landu eta diseinatu ditu. Oso pozik gaude orain arte zentro honekin izan dugun harremanarekin. Esperientzia oso-oso positiboa izaten ari da.

Honez gain, banaka beste irakasle batzuekin aritu gara lanean. Esaterako, Zelandin bi irakasle aritu dira gurekin elkarlanean azkeneko bi urteetan. Gero Sakanako ikastolan ere esperientziaren bat izan dugu. Prest dauden guztiekin jarduteko pronto gaude.  

Elkarlana norekin hitzartzen duzue, ikastetxearekin edo zuzenean irakasleekin?
Hau prestakuntzaren baitan sartzen denez guk zentroarekin hitzartzen dugu, baldin eta ikastetxeak prestakuntza hori eskatu badu. Altsasuko institutuarekin hori gertatzen da. Gero jazo daiteke irakasle bat interesatua egotea eta eskaera berak egitea; horiendako prestakuntza Nafarroa osoan eskaintzen dugu. Eskaeraren arabera egiten dugu lan. Badakigu ikastetxe batzuetan gure prestaketa jasotzearen aldeko irakasle talde zabala dagoela, baina beste zenbaitetan egoera bestelakoa da. Kasu guztietara egokitzen saiatzen gara.

Sekuentziak ebaluatzeko irizpideak ere jaso dituzue webgunean. Jarduerak behar bezala ebaluatzeak zer nolako garrantzia dauka?
Ebaluazioak aurretik egindakoaz pistak ematen dizkizu. Horrela, ebaluazio apropos bat egiteak aukera ematen dizu handik aurrera egin beharrekoa behar bezala egokitzeko. Webguneko atal honetan bi bide ireki ditugu: batetik ikasleen ahozko ekoizpena ebaluatu behar dugu, eta bestetik proposamen didaktikoaren nondik norakoak. Hala ere, ebaluazioaren atal hau oraindik osatzeke dago. Momentuz Lehen Hezkuntzako 3. mailarako proposamen bat egin dugu.

Beraz, webgunea pixkanaka eguneratzen joango zarete.
Bai, lanean jarraituko dugu. Dena den, jada material asko dago eskegirik. Irakasleek ahozko gaitasuna landu nahi badute, oinarriak, materiala eta ikasleen ereduak dagoeneko eskuragarri dituzte.  Hori guztia hemen helbidean aurki dezakete.