Udalaren aitortza 1936ko biktimei

Guaixe 2016ko eka. 2a, 11:43

Ekitaldi instituzional baten bidez Arbizuko Udalak 1936ko estatu kolpearen ondoriok hil edo errepresaliatu zituzten arbizuarrak gogoan izan zituen. Larunbat eguerdian egindako osoko bilkuran adierazpen instituzionala onartu zuen zeinetan jaso den “faxismoak, errepresioa, gerra eta garai ilunak denbora luzerako” ezarri zituela. “Biktima zuzenek ez eze, herri osoak eta askatasunak ere jasan zituzten haren ondorio larriak”. Nafarroan fronterik ez zela izan eta “garbiketa politikoa” eginez 3.400 pertsona inguru hil zituztela gogorarazi zuten.

Udalak nabarmendu zuenez, “gerraren ondoren, memoriaren desoreka izugarria gertatu zen irabazleen eta galtzaileen artean, diktadura osoan ere segida izan zuena eta frankismoa bukatutakoan ere zuzendu gabe gelditu zena”. Amnistia Internazionalen esanak bere egin zituen udalak: “krimen horiek ez ziren inoiz inpartzialtasunez argitu, eta biktimen eskubideak ere ez zirelako sekula aintzat hartu”.

Aitortza
Orduko gertaerak ahanzturatik atera, aurrerantzean gogoan izan eta berriz halakorik gerta ez dadin”, Arbizuko Udalak aitortza egin zien fusilatuak izan ziren lau arbizuarrei: Ricardo Olejua, Pedro Yabar, Juan Lakunza eta Miguel Flores. Aldi berean, udalak adierazi du 1936an Arbizuko Udaleko zinegotzi ziren Dionisio Mendinueta, Pedro Yabar eta Francisco Olaina kargutik kentzea “guztiz bidegabea izan zela, hautetsi legitimoak zirelako”.

Horrekin batera, estatu kolpearen ondorioz, dela lana kenduta, dela gerrara joatera behartuta edo kartzelatuta, errepresioa eta zigorra sufritu zuten arbizuar guztien memoria jaso nahi izan zuen udalak, “ondoko zerrendakoena eta baita ez dakizkigunena ere”: Fernando Yabar guarda, Julian Lapuente, Jaime Olejua, Andres Maiza, Soledad Olejua eta Anunciacion Mendinueta maisu-maistrak, Inazio Goñi, Juan Goikoetxea apeza, Daniel Garziandia, Martin Flores eta Simon Arbizu. Aldi berean, Arbizuko Udalak erabaki zuen aitortza egitea “urte luzetan oinazea, beldurra, umiliazioa, arbuio instituzionala isiltasunean eta bakardadean, modu sistematiko eta planifikatuan jasan behar izan zuten familiei, bereziki emakumeei, memoriarako eskubidea bera ere ukatu zitzaielako”. Azkenik, arbizuarrei “ oroimen eta aitortza ekitaldiekin bat egiteko” deia egin die udalak.

Elizaren atzeko aldean oroigarria mustu zuten larunbatean. Estatu kolpearen ondoren errepresaliatuak izan ziren eta eraildako lau arbizuarrak gogoan dituen plaka jarri zuten. Aurreskua dantzatu zen lehenik. 1936an hildakoak eta errepresaliatuak gogoan minutu bateko isilunea izan zen. Haien bi senidek olerki bana irakurri zuten (Joxe Azurmendiren Suak erreko ez balu eta Bide Ertzean taldearen Haien bihotzen taupadak gara). Ondoren bildutakoek lore eskaintza egin zuten. Trikiti doinuek Eusko gudariak kantuari bide eman zioten eta auzatearekin despeditu zen ekitaldia.


Erailak
Juan Jose Lakuntza Untzilla
1917ko irailaren 25ean jaio zen Carmen eta Migelen semea. Ezkon gabea. Basozaina, EAJko kidea. Mezeengo borda inguruan zela Guardia Civila bere bila zebilela gaztigatu zuten. Arbizura jaitsi eta atxilotu egin zuten. Jaime Olejuaren lagun mina zen eta, ustez, olejuatarrak salatu zituen berak salatu zuen Lakuntza. 1936ko garilaren 28an Oskiako txipudian eraila, 18 urte zituela.

Ricardo Olejua Irurtzun
Ines eta Cornelioren semea, 1913ko lastailaren 7an jaio zen. Ezkongabea. EAJko kidea.
Komertzial ibiltzen zen familiak Etxarrin zuen dendan eta etxarriarrek Arbixu hots egiten zioten. Familia abertzalekoa. Zinegotzia zen eta kargugabetu egin zuten. 1936ko garilaren 25ean, 23:00etan etxean atxilotu zuten, anaia Jaimerekin batera. 28an, 19:30ean, Oskiako txipudian eraila, 22 urte zituela.

Pedro Ihabar Lakuntza
Lakuntxanekoa, Mª Carmen Lakuntza Lazkoz eta Juan Antonio Ihabar Arbizu ziren gurasoak. 1889ko garilaren 19an jaio zen. Lizarragabengoako trenbideko kaxetan lan egiten zuen, orratzain. Pedro anaia istripuz hil, alarguna eta sei ume utziz. Haiek aurrera ateratzeko koinatarekin ezkondu zen. Zinegotzia. Estatu kolpearen ondoren basoan estali zen. Guardia Civilak etxekoren bat atxilotuko zuela mehatxatu zuen. Kuartelera aurkeztea erabaki zuen, jakinik hil eginen zutela. 1936ko garilaren 28an Oskiako txipudian eraila, 47 urte zituela. Hurrengo egunean atondoarrek hiruren gorpuak jaso eta hilerrian lur eman zieten.

Migel Flores Estanga
Txulokoa, 1910eko azaroaren 7an jaio zen. Fuerzas Electricas enpresako langilea, Amezketa-Berastegi lineaz arduratzen zen, anaia Primitivorekin batera. EAJko kidea. Lanean atxilotu zuten eta Ezkabako espetxean sartu zuten. Antza, atxiloketak politikarekin baino bere lanpostua nahi zuen baten inbidian oinarritzen zen. Ezkaba mendiko espetxetik atera eta 1936ko azaroaren 7an Etxauriko hilerrian eraila. Antza, fusilatu behar zuen mutilak ez zuen halakorik nahi izan, zauritua, hilerriko paretan gora eginez ihes egiten saiatu omen zen. Horretan ari zela beste batek tiro jo zion. 26 urte zituen.