1. Noiz zabaldu zenuen ile-apaindegia?
1991ko maiatzaren 12an zabaldu genuen. Aurten 25 urte bete ditu. Amaren etxean hasi nintzen gela batean eta hor egin nituen hamabi urte edo. Gero lekuz aldatu nintzen. Garai onak eta txarrak bizi izan ditut. Baina pozik egoteko moduko zerbait da. Ilusioa egin dit 25. urtemugara iritsi izana.
2. Arbizuko lehena izan zen?
Ez, bazegoen beste bat. Beste neska bat egon zen urte askoz. Orain dela hiru urte edo jubilatu zen.
3. Nola animatu zinen ile-apaindegia irekitzera?
Betidanik gustatu izan zait. Amarekin joaten nintzen pelukeriara bera ikusteko eta beti laguntzen nion. Txikitatik gustatu zait.
4. Zein bezero dituzu bereziki?
Hiru mota daudela esan dezaket. Emakume oso helduak, gero badauzkat berrogeita hamar urte inguruko emakumeak, gehienak edade horretakoak dira, eta gazteak ere etortzen dira. Herrikoak eta inguruko herrietako jendea. Mutikoak ere etortzen dira, bai. Nahiko mutil etortzen dira. Gizon zaharrak baino gehiago.
5. Sakanan asko zaintzen eta prestatzen gara?
Nik uste baietz. Herri guztietan. Gaur egun itxurari garrantzia ematen zaio.
6. 25 urte hauetan moda asko ikusiko zenituen, ez?
Modak ez. Agian jendea lehen gutxiago etortzen zen pelukeriara. Afaria zutela eta pelukeriara etortzen ziren orraztera. Orain ez. Orain tindatzea tokatzen zaionean, bai etortzen dira; hilero edo hilabete eta erdiro etortzen den jendea badago. Baina astero ez, lehen gehiago etortzen ziren astero orraztera. Orain etxean gehiago egiten du jendeak.
7. Zein dira gaur egungo tendentziak?
Asko aldatu da. Azkenengo bi urteetan metxa gehiago jartzen ziren, orain gutxiago ikusten dira. Tinte gehiago ikusten da orain, eta metxak puntetan. Ilearen luzerari dagokionez nik uste alde honetan motza dela gehien eramaten dena. Badauzkazu gazteak ile luzeekin bakarrik zentimetro bat moztea eskatzen dutenak. Baina gehienak motzak.
8. Sanjuanetarako jendea ile-apaindegitik pasatzen da?
Asko. Asko nabaritzen da. Sanjoanak eta Gabon aurrea izaten dira lan askoko garaiak.
9. Produktuak eta tresnak aldatu dira?
Bai, pila bat. Produktu pila bat dago orain. Nik uste ez dakitela zer izen jarri. Denetarik dago. Ilea kizkurtzeko, adibidez. Nik uste izena aldatzen diotela eta produktu berdinak direla. Asko daude, asko.
10. Zer egiten duzu ile-apaintze munduan eguneratua egoteko?
Urtean behin ikastaro bat edo bi egiten ditut normalean. Otsailean bat eta gero udazken aldean egiten dut, lastailean edo, beste bat.
11. 25 urte bete ditu ile-apaindegiak. Zerbait berezia egin duzu ospatzeko?
Ez. Nik ospatu dut nire senar eta familiarekin. Ezinezkoa da. Jendea oso desberdina da eta ezin duzu denekin kunplitu. Aurreko astean pastak eta kafea atera nituen. Baina ez dut ospakizun handirik egin