Arbizuko Txistor Eguna 2016

Txistorra, eta askoz gehiago

Guaixe 2016ko urr. 7a, 09:39

Igandean ospatuko da Txistorra egunaren zortzigarren edizioa.

Musikarekin hasi eta bukatuko da aurten Txistor eguna. Bezperan, bihar, Haize Berriak bandak kontzertua emanen du. Eta etziko egitaraua trikitixa eskolen aurreneko jaialdiarekin despedituko da. Musikak doinua jarriko dio, beraz, festako protagonistari: txistorrari. Monika Etxeberria zinegotziak aurkezpenean adierazi zuenez, “txistorraren enbaxadore onenak herriko ekoizleak dira: Arbizu, Flores eta Laket”.

Hiru enpresa ekoizleek salmenta postua izanen dute kale Nagusian izanen den azokan. Haiekin batera beste 30 bat salmahai izanen dira. Haietan artisau eran egindako gaztak, pastelak, eztia eta beste hainbat jaki dastatzeko eta erosteko aukera izanen da. Bestalde, gazta nola egiten den erakutsiko dute Arbizuko Juananeko gaztandegiko artzainek.

Dastaketak, bi
Igandean Arbizuko plazatik pasatzen denak txistor pintxoak dastatzeko aukera izanen du. 100 bat kilo txistor prest dituzte 2.000 pintxo inguru banatzeko. Pintxoa eta baso bat ardo 2 eurotan eskuratuko dira. Antolakuntzak jakinarazi du prezioan aurten “igoera txiki bat” izan dela.

Baina txistorrarekin batera berritasuna dago aurten: erretako euskal txerriaren haragi pintxoak  dastatzeko aukera izanen da ere. Aitor Mendoza arbizuarrak arraza horretako txerrien haztegia jarri du. Antolatzaileei txerria zikiro eran, burduntzian erretzeko proposamena egin zien. Iganderako prest egoteko, txerria gau osoan erretzen egonen da, su motelean. Haragia  mozten eta banatzen eguerdian hasiko dira, txistorrarekin batera.  

Garai batekoa
Gaur egun txistor gehiena edo guztia fabriketan egiten da. Etxeberriak gaztigatu zuenez, “komeni da erakustea gauzak nola egiten ziren garai batean, etxean”. Urtero moduan emakume talde batek, jendaurrean, txistorrak, tripotak eta txerri belarriak prestatuko ditu. Beste batzuek txantxigor opilak eginen dituzte. Ukenduak eta sendabelarrekin zerikusia duten kontuak nola egiten diren ere ikusgai izanen da. Txistorra egunak hori guztia ikusi eta dastatzeko aukera emanen du. Eliza ondoan dagoen zotolan euskal txerriak ikusgai izanen dira.

Bestalde, pintxo lehiaketara zazpi parte-hartzaile aurkeztu dira. 8. edizio honetako epaimahaia Javier Diaz (Alhambra jatetxea), Fernando Flores (Enekorri jatetxea), Mª Jesus Telleria (Segura Irratiko esatari izandakoa), Manoli Arza (sukaldaria) eta Mari Paz Barandiaran (arbizuarra).
 
Arbizuarrei esker ona
Egunaren aurkezpenean lehen hitzak egitaraua posible egiten duten arbizuarrei eskerrak emateko izan zituen Etxeberriak: “haiek gabe festa egun hau ezinezkoa litzateke”. Antolaketako lan guztiak arbizuarrei esker egiten direla nabarmendu zuen: publizitatea, muntaia, pintxoen salmenta, lehiaketa, txerrien ingurukoak, erakusketak…

Castillo de Monjardin eta Vega del Castillo upategiei ardoa emateagatik eskerrak eman zieten. Baita antolakuntzan lagundu duten Cederna-Garalurri eta Sakanako Garapen Agentziari ere.


Egitaraua
Lastailak 8, larunbata
19:30ean Haize Berriak banda eta Arrasateko gaitariak, plazan.

Lastailak 9, igandea
10:00etan Arbizuko fanfarrean, herrian barna.
10:30ean Txistor egunaren hasiera eta merkatuaren irekiera.
11:00etan Nafarroako trikitilarien bilkura, Xapiru eskolaren eskutik.
11:30ean Pintxo lehiaketaren hasiera.
13:30ean Pintxo lehiaketaren sari banaketa.
15:00etan Merkatuaren itxiera.
17:00etan Nafarroako Trikitixa Eskolen arteko I. Jaialdia.


Iruditan: Jesus Razkin (herritarra), Alfredo Flores (Flores hestekiak), Monika Etxeberria (zinegotzia), Karmele Marañon (alkatea), Ainara Goikoetxea (Arbizu hestekiak) eta Jon Lakuntza (Laket).