Altsasuko ferietako pilota jaialdia
Gaur, ostiralean, 22:00etan, Burundan:
Binaka: Mendizabal III.a-Zabaleta / Elezkano II.a-Rezusta
Lau t erdian: Retegi Bi / Ezkurdia
Gaur Lau t´erdiko Pilota Txapelketako final laurdenen ligaxka abiatuko da. Final zortzirenetan Arretxe II.ari 16 eta 22 irabazi eta gero, Joseba Ezkurdiak Gorka bidean uztetik datorren Retegi Bi izango du aurkari. Partida gaur jokatuko da, ostiralean, Altsasuko ferietarako Aspek antolatutako jaialdiaren barruan (ETB1, ntb). Partida lehiatua espero da eta Ezkurdiak Arretxeren kontra baino hobe jokatu beharko du ligaxkako lehen puntua lortzeko.
Ezkurdia: “Hobetzeko gogoekin nago”
Pilota aukeraketa asteartean egin zuten Retegi Bik eta Ezkurdiak. “Bakoitzak gure pilota aukeratu dugu. Bereak pixkat lasaiagoak dira eta nireak ezberdinak. Bata biziagoa da eta bestea zakarragoa, baina igual errazago mugitzen dena. Azpitik txispa gehiago duten pilotak. Baina ikusiko dugu zer gertatzen den, aurreko astean banengoelako Lekunberrin pilotak ongi aukeratu nituela eta gero pixkat sosoak iruditu zitzaizkidan” adierazi zuen Joseba Ezkurdiak. Arretxe II.aren kontrako partidatik hoberena “emaitza” izan zela aitortu zuen arbizuarrak. “Deseroso aritu nintzen, tentsioarekin. Azkenean gustura geratu nintzen, sufritzen jakin nuelako. Baina ez nintzen libre ikusten eta ea ostiralean (gaur) hobeto aritzen nintzen” aitortu zigun arbizuarrak. Retegi Biren kontra hobeto jokatu beharko duela argi du Ezkurdiak, hobetzeko gauza asko dituela, defentsan hobetzea, bereziki. “Retegi Biren kontrako partida zaila da. Nire jokoa egiten saiatuko naiz, abiadura jartzen. Ea sakearekin mina egiten dudan eta tantoa bukatzen aztatzen dudan. Badakit zaila izango dela, Retegi Bi pilotari ona delako. Bi eskuekin oso ongi manejatzen du pilota. Gauzak oso ongi egin beharko ditut baina gogoekin nago ea ea zer ateratzen den ostiralean” gaineratu zuen.
Retegi eta Irujo, botillero
Gaur Gorka bidean uztetik datorren Retegi Bi izango du aurkari Joseba Ezkurdiak.
“Uste dut final laurdenetako ligaxkan partida gakoa izango dela hau. Galtzen duenak hanka bat baino gehiago izango du kanpoan eta irabazten duenak gerra ematen jarraituko du” adierazi du Juan Martinez de Irujok, Ezkurdiaren botilleroak. Altsasuko partidak ikusmin handia sortu du, ez bakarrik Ezkurdia eta Retebi Biren arteko lehiak nola bukatuko duen ikusteko, baizik eta botillero lanean Irujo eta Julian Retegi nola moldatzen diren ikusiko baitutelako pilota zaleek, oilarren beste borroka batean.
“Irujok aurretik ere egina dit botillero. Mundu honetan urte asko daramatza eta aholku oso onak ematen ditu. Oso gustura nago berarekin eta ea bera ere gustura dagoen” zioen arbizuarrak pilota aukeraketan. Iberokoak. osasunez ongi sentitzen dela adierazi zuen, medikuei kasu egiten ari dela eta botillero lanetan gustura dabilela onartu zuen.
Partidako sarrerak
Aurretik erreserbatzeko 661 251 009 telefonora deitu. Bestela, gaur, partidaren egunean, txarteldegian, 21:00etatik aurrera.