Gaur, urtebete. Etxarriko kinto ospakizunetan parranda egin ondoren, lagunak agurtu eta etxerako bidea hartu zuen Alexek. Goizean aita lagundu behar zuen. Errepidean eskuin aldetik joatea erabaki zuen, ibilgailuren bat pasako balitz auto-stopa egiteko. Batek aurretik eraman zuen. Gidaria ez zen gelditu eta Alex hil egin zen. Urteurrena gogoratzeko makina bat arbizuar elkartu ziren larunbat eguerdian San Juan ermitan.
Bere lehengusuen izenean Josu Agirrek omenaldian hitza hartu eta gaztigatu zuen Alexek gau hartan egindakoa, eskuineko bide bazterretik herrira bueltatzea, makina bat arbizuarrek egin dutela. “Herri txikia gara, denak ezagunak. Denok sentitu genuen mina berria entzutean. Nola da posible, pertsona bat, herritar bat, lagun bat harrapatu, lurrean botata utzi eta alde egitea? Gure burutan ez da sartzen. Ez dugu ulertzen hori egin zuenak nola eraman ahal izan duen karga hau urte osoan zehar. Eta bizi osoan nola bizi ahalko den zama horrekin”.
Alexen guraso Blanki eta Ibonen izenean Josu Reparazek hartu zuen hitza. “Momentu honetan haien sentimendua esker onarena baino ez da. Eskerrak, bihotzez, guztioi Alexen oroimena mantentzen lagundu duzuelako. Zuen hurbilpenak, zuen keinuak, zuen adiskidetasunak berotasuna eman dielako urte luze eta gogor honetan”. Ekitaldira hurbildu zirenendako esker oneko hitzak ere izan zituen: “zuen presentzia beraiendako erabat garrantzitsua da”. Baita omenaldian antolaketan aritu zirenendako ere eskertu zituzten.
Esandako gehiago
Andra Mari ikastolako Itziar Aldazek Alexen irribarre zabal eta gozoa eta lagunen artean agertzen zuen alaitasuna gogoratu zituen lehenik. “Hasierako garai haietan zuk eman zenion zuritasunari kolorea. Zu izan zinen guretako arrotza zen beste kultura baten seinale. Nahiz eta guregana iritsi aurretik momentu zailak bizi izan zenituen”. Familian eta ikastolan jasotako maitasuna eta elkartasuna “hasieran harrituta eta gero pozik” hartu zituela gogorarazi zuen Aldazek. “Ez zen erraza izan. Hala ere, zailtasunen aurrean ez zenuen zure irribarrea ezkutatu”. Ondoren galdera luzatu zuen Aldazek: “Nork, zergatik moztu dizu Alex biziaren soka? Ez al daki zure hatsa beharrezkoa genuela? Ez al daki zure sokak berea moztu duela?” Alexekin pasatutako uneez eskertuta zeudela esanez despeditu zen.
Ikastolan Alexek izan zituen ikaskideak bere izenaren esanahia “gogoan eta bihotzean” zutela adierazi zuten. Hala, lau hizkirekin eta lau hitzekin, deskribatu zuten mutila: Alaia, Laguna, Euskalduna, Xumea. “Alex, beti izanen zara gure artean” gaineratu zuten. Alexen, Nolanaikuek koadrilakoak hiru bertso kantatu zituzten ekitaldiaren hasieran. Hona:
Urte batez da askorik baina
izan liteke luzea
ez zaigulako xamur egiten
gertatutakoa ulertzea
zu bezalako mutil gazte bat
modu horretan galtzea
baina bertsotan erabakita
dugu zu gogoratzea
kantua izan dadin tristura
goxatzen duen haizea.
Haurra zinela agertu zinen
eta gurea zortea
gustuko izan zenuelako
zuregatik ematea
besteengatik behar zenean
behar zena egitea
eta giroa alaitzen zuen
irri gozo ta betea
azkar lortuaz irekitzea
gure herriko atea.
Euskara azkar ikasi eta
maiz zenekarren ahora
elkarte eta behien artean
ibiltzen zinen gustura.
Gaur familia eta lagunak
bildu gaituzu ondora
goiz esan diguzu agur eta
pasako da denbora
Baina sekula ahazten ez dena
betirako biziko da.