Adur Lasa etxarriarrak Asperekin debutatuko du igandean San Juan festetan murgildua egongo den Eibarren, Lasa IV.a izenarekin. Irujo, Zubieta eta Barriolaren baja garrantzitsuak osatzen ari da gutxinaka Eibarko enpresa eta Adur Lasa da aukeratutakoetako bat.
Adurrek 23 urte ditu eta hirutan Binakako txapelduna izan zen Oskar Lasa, Lasa III.aren pilotariaren iloba da, atzelaria, osaba bezala. Garfe enpresatik dator. Xala eta Titin bezalako pilotariekin aritu da lanean eta prestakuntza hori bikain etorri zaio. Aspek etxarriarrak izandako hobekuntzan erreparatu du eta fitxaketa honekin Aspek atzelarien atala indartuko du. Bere debutean beste sakandar baten babesa izango du Lasa IV.ak, Joseba Ezkurdia izango baitu bikote. Mendizabal III.ari eta Tolosari egingo diete aurre igandean 17:00etan hasiko den jaialdiko lehendabiziko partidan.
Elkarrizketa
Iaz Garferekin profesionalekin debutatu zenuen eta orain Asperekin debutatzear zaude. Profesionala bazinen aurretik, baina koska bat gorago egin duzu.
Bi urtetarako sinatu dut Asperekin. Sorpresa izan zen. Aurretik urte batzuk eman nituen Asperekin eta Asegarcerekin entrenatzen. Oso gustura nenbilen, ilusioarekin, baina iritsi zen puntu bat ezin izan zela profesionaltasunera saltoa eman ahal izan. Horrela, iaz Garferekin sinatu nuen. Garfek laguntza eman zidan; beharrezkoa nuen konfiantza eman zidaten, hobeki sentitu naiz, pilotaz disfrutatu dut eta nire jokoak gora egin du. 23 urterekin pentsatzen nuen enpresa handiak jada ez zirela nigan fijatuko, baina Aspekoek Tolosan entrenamendu bat egitea proposatu zidaten, aukera sortu da eta izugarrizko sorpesa izan da, ongi etorritakoa. Halakoak, espero ez dituzunean, oraindik hobeto hartzen dituzu.
Aspek baja garrantzitsuak izan ditu, Barriola eta Zubieta. Egitura indartzen hasi da eta hor kokatzen duzu zure fitxaketa?
Bai. Guztira lau atzelari joan dira eta beste batzuk behar dira. Aukera eman didate eta aprobetxatu behar da. Pena da Aitor Zubietak utzi izana. Osabarekin batera nire erreferenteetako bat izan da pilotan. Osabarekin profesionaletan jolastu ahal izana nire ilusioetako bat zen. Ezinezkoa izan zen eta pena bat da Aitorrekin ere jokatzeko aukera ez betetzea. Ilusioa neukan berarekin jokatzeko baina ezinezkoa izan da. Baina bizitza horrelakoa da, bakoitzak bere momentua du eta aprobetxatu beharra dago.
Bera asko poztu da zuk Aspera saltoa eman duzulako.
Bai, idatzi zidan eta deitu zidan. Lagunak gara, bera nigatik pozteak poz handia ematen dit. Berak pilota utzi izana pena handia eman dit, pilotari batek pilota momentu onean utzi nahi baitu, ez halako lesio zakar batekin. Baina bera langilea da, borrokalaria, eta orain datorkion etapa berri honetan dena emango du pilotan eman duen bezala.
Bi etxarriar elkarren kontra... horrek bere morboa izanen luke…
Bai, hori morbo handia litzateke. Koadrilak bakoitza bere pilotariarekin... baina lehia sanoa litzateke, Etxarrin bertan denok ezagutzen garelako; ez zen lehiakortasun handia izango, polita baizik.
Zein da Aspek dituen aurreikuspenak zurekin?
Entrenamenduan ikusi zidatenean Vidarte etorri zen eta esan zidan presiorik gabe hasteko baina ahal dudan hobekien aritzeko. Abel eta Aitor joan dira eta zulo hori estali beharra dago; lana ongi egiten badugu euren postua okupatzeko aukera dugu. Azkena sartu naiz, ez naiz inor baino hobe baina ezta txarragorik ere. Nirea egiten saiatuko naiz, ahal dudan hobekien jokatzen eta disfrutatzen eta ahal dudan gorenen iristen.
Garfen penaz hartuko zuten zuk taldea utzi izana.
Pena biok dugu, bai beraiek baita nik ere. Urte oso bat izan da, ez dira izan ez nagusi ez intendente, familia baizik. Guztiek oso harreman ona genuen Garfen, pena eman zidan Aspera nioala esaterako garaian; baina beraiek ongi ulertu zuten, aukera bat da bizitzan ia inoiz azaltzen ez dena. Esan zidaten 6 urte edo 10 urte gero, Garfeko ateak irekirik jarraituko dutela niretako. Horrek poz handia eman zidan. Famiia handi bat izan gara. Hau ez da agur bat, gero arte bat zaizik.
Osaba aipatu duzu, Oskar Lasa. Ibilbide bikaina egin zuen, Binakako hiru txapel tarteko. Horrek presionatzen du edo laguntzen du?
Ez, azkenean bera Oskar da eta ni Adur. Berak bere lana egin zuen, oso ongi gainera. Ni Adur naiz eta nire lana, nire sinadura utzi beharko dut pilotan, nik egiten dudan moduan; izan naiteke hobea edo txarragoa, baina nik nire lana egin beharko dut eta berak berea egin zuen. Beti daukat ondoan, laguntzeko eta aholkuak emateko, entrenatzeko... hori oso garrantzitsua da, berak pilotaz asko dakielako. Berarekin asko ikasi dut eta oraindik asko daukat ikasteko.
Zer moduko irakaslea da?
Oso ona. Beti ditugu gure gutxiak eta gehioak, frontoian berotuta zaude, garraxiren bat edo beste.... Baina azkenean horrela ikasten da, presio bat baduzu nik uste zuk gehiago ateratzen duzula barruan duzun hori, eta ikasteko, noizean behin, ona da.
Biak atzelariak atzelariak. Antzekotasunik?
Bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Bera oso gogorra zen, ez zuen pilota bat ere huts egiten. Nik gehiago huts egiten dut, baina bera ejenplu bezala dut puntu horretara iristeko.
Zein dira zure puntu onenak eta non duzu hobetzeko?
Orain dela urte batzuk beste gauza bat esango nizuke baina Garferekin asko ikasi dut, pilotariago egin naiz. Eskuinarekin beti ongi manejatu izan naiz, pilotari indarrez ematen diot, baina ezkerrarekin gehiago kostatzen zait. Baina azkeneko urtean asko ikasi dut eta geldi-geldi, akats horiek ikusita, hori da hobetu behar dudana.
Igandean Eibarren Joseba Ezkurdiarekin batera ariko zara...
Poz handia da. Bertakoak gara, urte asko pasa ditugu ondoan eta ilusio handia da. Sakanako jendea joango da biok jolastean eta bertako jendea joateak ilusio handia ematen dit. Koadrilak autobus bat antolatu du, Xapateron eta Urtxintxan eman daiteke izena, jendea apuntatzeko. Ez dakit nola dagoen asuntua, entrenatzen nabil eta ia ezin izan dut kalera ateratzerik izan. Herria pozik dago, jendea animatuta eta ilusionatuta eta animuak ematen... Ez dakit autobusa aterako den ala ez, baina jendeak ematen didan animoekin geratzen naiz eta animo horiekin aterako naiz igandeko partida jokatzera.
Urduri zaude?
Orain entrenamenduetan zentratuta nago eta ez nago urduri, baina eguna iristen denean beste gauza bat izango da.
Sanferminetan ariko zara?
Sanferminetan pare bat partida jarri dizkidate; besteren bat atera daiteke norbait lesionatzen bada, espero dezagun ezetz, baina bi partida ditut sanferminetarako eta gogo ikaragarriekin nago, Labriteko giroa ikaragarria baita sanferminetan, oso polita. Poza handia ematen dit.