“Poz aldrebesa. Izenburua gustatzen zait”

Guaixe 2017ko uzt. 28a, 14:46

Juanjo Olasagarre letren plazan bueltan da Poz aldrebesa (2017, Susa) liburuarekin. Joseba eta Axi protagonista dituela, lehena bigarrena baino gehiago. Han da Lekunberri Aranatz. Baita zaintza, dolua, harremanak, gaytasuna edota euskal gatazka ere.

Nola heltzen zaio 416 orrialdeko liburu baten idazketari?
Nik hasiera-hasieratik, duela bospasei urte, oso garbi nuen txandaka joan behar zuela liburuak, iragana-oraina. Denbora nola pasatzen den erakusteko balio du. Nik, berez, idatzi egiten dut eta totxo handi bat daukat. Lehendabiziko bertsioak 30 kapitulu zeuzkan. Totxo oso lodia zen… Gero lagunei pasatu eta hemen akatsa, erritmoa… Moztu, itsatsi, istorioarendako garrantzitsua ez zen informazioa kendu… Uste dut hobeki gelditzen dela. Dena dela, nik ez dut egin izan nahi intrigan oinarritutako nobela bat. Beno, bai, intrigatxo bat badago bukaera aldera. Gehiago zen mundu ikuskera bat adieraztea, baita bizimodu batzuk ere.

Beraz, hasieratik garbi denboran joan-etorriak egonen zirela?
Lehenengo bertsioarekin argitaletxeko batek esan zidan: saltoka ibil beharrean zergatik ez duzu kronologikoki kontatzen? Nik gelan post-itak nituen, horiak eta arrosak. Konbinazioak. Eta, gainera, bien arteko loturak. Nik hori argi neukan. Neurri batean bikote baten eraikuntza nola egiten den, identitate batena, eta bukaera. Bi plano horiek kontrastatzeko ongi ikusten nuen egitura hori.

Batek galdutakoa gehiago nabarmentzeko balio dute denbora-saltoek.
Bai, hori egia da.

Liburuak badu bere soinu banda, baita filmografia bat ere.
Nik uste dut Joseba doluan dagoela eta, gainera, nahiko neurotikoa da. Nolabait dolua gainditzeko kanten laguntza garrantzitsua iruditzen zitzaidan. Giro bat sortu eta baita pertsonaiak horien aurrean erantzun ere. Batendako dolu garaian musika horiek denak salbazioa dira. Soinu bandan, gainera, bat eskapatu dakit. Gauza luzeak ibiltzearen problema izaten da informazio asko dagoela eta, orduan, Amalia Rodriguesen fado bat ez dut sartu. Eta ikusten duten pelikula da, nolabait, euren bikote harremanaren hasieran… armairua, euren afektuak, eskua hartzeagatik lotsatzen dira… horren inguruko hausnarketa bat da.

Atzera ere, Lekunberri Aranatz agertzen da.
Bai. Egia da Ezinezko maletak (2004, Susa) liburuan nahi nuena kontatzeko Sakanaren irudikapena izan zitekeen herri bat sortu nuen. Hurrengo nobelan ere, erreferentzia moduan, ongi. Eta oraingoan atera dut. Eta hurrengoan ere, nolabait, aterako da. Zergatik? Iruditzen zaidalako, beno, hemendik joan dira batzuk, gelditu dira batzuk…

Ezinezko maletak-en Londres izan zen moduan, oraingoan Bilboren eta Iruñearen aldean periferia izatera pasa da Lekunberri Aranatz. Baina, beti presente.
Nik uste dut Ezinezko maletak liburuan oso presente dagoela. Lekunberri Aranatz hor sortu zen. Nahi baduzu poesia liburuetatik ere heldu da neurri batean. Beti Lekunberrin… muga batzuk dauzka: landa eremua eta abar. Orain erreferentziak zein ziren, gurasoak hemengoak dauzkatela. Mikrokosmos bat sortzea interesatzen zitzaidan.

Zaintza, dolua, harremana… eskua emanda ageri dira.
Lehendabizi da harremana, gero dolua eta gero zaintza. Lehenago ere egonen zen zaintza. Bihotzekoa, memoria galtzea… Ez da nik asmatutako istorio bat. Nire bi laguni hala gertatu zitzaien 2006an, eta horrela bizi dira. Biak oso lagunak ziren eta haietako batekin asko hitz egin dut doluari buruz. Doluak denok pasatzen ditugu. Egoera interesgarri bat iruditzen zitzaidan. Nire lagun honek, eta Josebak, erabaki bat hartu behar dute.

Nahiak eta ezinak elkartzen dira.
Bai. Eta neurri batean, orain arte zeinek egin du zaintza? Gure birramona, amona, ama… Euren zaintza lan hori ez zen erabat askea. Ez zuten soldatarik, segur aski garaiko gizarteak ez zien onartuko gizona utzi eta joaten, baldintzak ere ez zeuden uzteko (erresidentziak), sozialki ere ez zegoen onartuta. Baina Josebak, neurri batean, eskubidea badu. Bikotekideak, familia bezala, hartu eta utz ditzakezu. Hori da teoria, behintzat. Zure bizitza edo zaintzen ari zarenarena.

Hori erabaki bitartean, borrokan etsiturik, berak nahi bezala bizitzeko askatasunik ez duelako eta patuaren eta zoriaren kontra borrokan.
Pasatzen zaio. Jendeak liburua nahiko etsigarria dela esaten didanean, bai, baina, bukaeran esperantza pixka bat badago: hau da nire bizitza eta nik honekin segituko dut!

Joseba jabetu egiten da pasa denaz. Gaitzak zaildu egin du.
Bai. Nik teoria bat daukat: pasako bagina bizi honetatik sufritu gabe, hobeki; baina aldiro nonbaitetik etorri behar zaigu. Nik uste dut sufrimenduaren kontuan hoberena dela onartzea eta ahalik eta hobekien eramatea.

Asko sufritzen dute pertsonaiek.
Haruki Murakami, ez da nire idazlerik maiteena, baina harrek esaten du: mina ekidin ezina da, baina sufrimendua ez. Mina etorri behar dakizu. Sufrimendua zer da? Zer egiten duzun min horrekin. Josebari mina etortzen zaio liburuan zehar, bere minaren onarpena dago. Behin onartuta ez duzu sufritzen. Iruditzen zait.

Zaintze lanetan Joseba jarri duzu, feminizatuta dagoen arlo edo lan bat.
Hori interesatzen zitzaidan. Lehen esandakoa, zaintza emakumezkoek egin dute. Baina beti geldituko den zalantza da noraino egin duten berez edo noraino euren bizi-baldintza sozio-ekonomiko, kulturalak behartuta. Gainera, interesatzen zitzaidan ere ez bakarrik kontatzea gaytasunaren alde friboloa. Niri oso inportantea iruditzen zait.

Gainera, gaytasunean zahartzaroarekin zer gertatuko den kezka bat badago.
Bai. Jende askori pasatzen ari zaio Madrilen eta horrela, armairutik atera oso gaztetan, baina adinduen-egoitzara sartzean, berriro ere armairura. Ez dakizulako norekin topo eginen duzun. Manchesterko Udalak gay eta lesbianendako zahar-etxea egin du. Madrilen ekimen pribatu bat dago. Ez da gizartea banatzea. Baina zu bizi osoa “liberatua” izan ondoren berriro armairura sartzea…  

Gaytasuna, atzoko eta gaurkoaren isla opatuko du irakurleak.
Denboran saltoka ibiltzeak, neurri batean, balio du dena kontatu gabe, jendeak ikusteko gauzak nola izan diren. Nola gay klase batzuek nahi zuten mundua aldatu haien “marikitismorik”, hori baitzen hitza. Eta bukatu dugu jenderik integratuena izaten eta bakarrik larrua jotzen eta modan interesatuta. Hor tartean zer pasatu da. Kontakizuna denboran saltoka egitean, bien kontrastea, jendeak, beharbada ez arrazoi guztiak, baina zer pasatu den ulertuko du: neoliberalismoa, kapitalismoa eta abar.

Azken batien, gizartearekin batera aldatu da mugimendua.
Bai, zoritxarrez.

Atal batien Gayakanpadako bileretako aktei hautsa kentzen ibili zarela ematen du. Baina aurreko guztia ulertzeko balio du.
Gayakanpadan, berez, ez zen eztabaida politikorik egoten. Egon zen. Beno, hasteko, ni EHGAMen bi urte ibili nintzen, gainera, nahiko “soldado raso” nintzen. Bartzelonako batek biltzen zituen ponentzia guztiak eta abar. Bidali zizkidan. Txarrak dira. Pixka bat hobetu ditut.

Ética marica aipatzen duzu.
Neurri batean tranpa egiten dut. Paco Bidarteren liburu bat da, 2005ekoa edo. Nik uste dut kontatzen ditudan garai horietan Ética marikaren hori bazegoen, baina airean zegoen. Oraindik ez zegoen nahikoa hausnarketa, sortzen ari zen. Nik uste dut ni egon nintzen bi urte haietako gauzarik interesgarriena zela Euskal Herriko gay mugimendua, Espainiakoa ere neurri batean, San Franciscon, Los Angelesen eta Parisen pasatzen ari ziren gauzak zuzenean jasotzen zituen. Hilabeteko edo hiru asteko atzerapenarekin. Estatuko talde iraultzaile gay horien artean bazegoen madrildar bat Parisen ikasten zuena eta hura Parisko Act-Up-ekoa zen. Hark informazioa, eztabaidak, proposamenak itzuli… Hori oso bizia zen. Garai horretan zer pasatzen ari zen: HIESAren epidemia ikaragarria, AEBko gobernua hori marikoien kontua dela esanez, homofobia ikaragarria… Act-Up taldea New Yorken sortu zen, eta gero San Franciscon eta gero Parisen. Hirurak ziren oso mugimendu indartsuak. Haiek hasi ziren haien gaixotasuna eta marika hartu eta betetzen. Hortik sortuko da gero Queer esaten dena. Gauza bera da, iraina eta estigma jaso eta buelta eman.

Teknologiak gayen harremanei ekarri dien eragina aipatzen duzu.
Teknologiaren munduan iruditzen zait ez dagoela desberdintasunik hetero eta gayen artean.

Aplikazioek armairutik ez ateratzeko ere balio dute. Jende bat oso eroso omen dago hor.
Bai. Gay baten helburua baldin bada larrua jotzea eta gero, amets moduan, ea printze urdina agertzen den. Ez duzu. Edo, agian, printze urdinarekin zortzi urte bizi ondoren…

Bikote irekia. Fideltasunaren eta leialtasunaren arteko haria luzatu duzu.
Hiru belaunaldi aurrerago Jean Paul Sartrek eta Simon de Beauvoirrek horrela funtzionatzen zuten. Dena dela, niri iruditzen zait gay munduak bikote irekiaren kontua jendarteratu duela. Batzuk, zeren beste batzuek ezin dute ikusi. Iraupen luzeko bikote gay askok harreman irekia dute larrua jotzeko kontuetan. Are gehiago, orain lesbiana gazteek, eta gazteek ere bai, polimaitasuna dute: harremanak hiru-lau jenderen artean. Zer edo zer asmatu beharko da. Amatasun subrogatua. Niri oso tristea iruditzen zait bi gizonek zerbait erostera joan behar izatea hirugarren mundura. Zergatik ezin duzu asmatu emakumezko lagun batekin haurra izatea, hirurek nahi badute. Edo bi neskekin. Zergatik ez? Gauza horiek zaila dira, baina ezkontza tradizionalak ere…

Axi edo Joseba emakumeak balira, lesbianak, desberdina lirateke liburuko gogoetak?
Lesbianen gogoetak ez lirateke berdinak izanen.

Euskal gatazka. Oso presente, beste behin. Baina konponbidera begira jarri zara.
Nire kezka da badirudiela bukatu dela dolurik egin gabe. Eta, klaro, doluak egiten ez badituzu ematen du bueltatu egiten direla. Bi teoria daude. Jesus Egigurenek (PSE-EE) esaten zuen ez dela gogoratu behar. Beste batzuek esaten dute baietz. Judith Buttler filosofo amerikarrak esaten du dolutik gizartea berregin daitekeela (Life that matter liburua). Niri iruditzen zait krisiarekin eta nekearekin ez dela gelditu dolua irudikaturik. Azken finean dolua irudikapen bat da, zurea eta joandakoena. Hego Afrikan horrela egin zen: bi urteko amnistia prozesu bat zegoen; ustez norbait hil zuen polizia txuria bazinen amnistia eskatu, hori gertatutako tokira epaile talde bat joaten zen eta hainbat kasuren epaiketa kolektiboa izaten zen. Pare batean izan nintzen. Horrekin, astero telebista eta irrati saio bana egiten ziren. Hori da dolua, ez? Zer pasatu da, zer gertatu da, barkamena eskatu behar dutenek eska dezatela, besteek eman diezaiotela edo ez diezaiotela eman eta, legedi aldetik, egon dadila ixteko halako zerbait. Hori ez da hemen gertatzen ari eta bueltatuko da. Espainiako estatuan gerra zibilaren dolua egin da? Ez. Hori jarreretan, portatzeko moduetan… ikusi egiten da. Niri garrantzitsua iruditzen zait. Zergatik da PP den bezalakoa? Inoiz ez duelako barkamena eskatu. Bost axola zaiolako jendea ezpondetan egotea. Bueltatu egiten da. Eta nik uste dut ekonomikoki ere pagatu egiten dela.

Dolu premia hori azpimarratu nahi izan duzu, beraz.
Ez bada orain egiten bueltatuko da. Nik uste dut 1936koa orain bueltatzen ari dela. PP-koak-eta harritu egiten dira: jendeak zergatik hitz egin nahi du gerraz? Aizu, hitz egin beharra dagoelako! Zer pasatu zen, zer ez zen pasatu.

Estrapolatu daiteke. Protagonistak Euskal Herria doluan izan daitezke?
Uste dut gehiegi izanen litzatekeela. Joseba Gabilondok lehendabiziko bertsioa irakurri ondoren esaten zidan ideia hori indartu behar nuela. Badaude bi esaldi edo iradokitzen dutenak hori. Nik ez diot irakurleari esanen zer interpretazio egin behar duen.

Lekunberri-Aranatz, Harakin… Saga bat egiten ari zara?
Ez.

Azala. Txuspo Poyoren argazkia.
Lehendabiziko hiru poesia liburuen azalak Dora Salazarrek egin zituen. Hor erabaki nuen artistei eskatuko nizkiela. Hurrengoa Asun Goikoetxeak. T, ez zidaten utzi. Hau oso argi neukan, Txuspo. Argitaletxeak pagatu zion, sekula ez nahiko.

Zer da poz aldrebesa?
Malagako lagun batek hots egin zidan. Prednisonaren (kontisona) efektu sekundarioen artean “felicidad inapropiada” zegoela esan zidan. Eta esan nion: badut izenburua. Egin nuen itzulpena zen Zoriontasun desegokia. Gaizka Zabartek Jende desegokia (2015, Susa) liburua argitaratu zuen. Lagun batek esan zidan: izenbururako adjektiboa kendu dizute. Bat-batean adjektibo moduan gehiago gustatzen zaidan aldrebesa sortu zen. Gero poza. Izenburua gustatzen zait.

Hurrena prestatzen edo atsedena hartzen?
Denboraldi bat alferkerian daramat. Gertatzen dena da, jarri edo sartu arte, nobela kostatu egiten da. Gero ikusi behar duzu, 50 orrialde eta ea fundamentu pixka bat duen ala ez.