Nafarroako Gobernuak Arbizun Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskola berria egiteko erabakia hartu du gaur. Proiektuaren erredakziorako eta eskola publikoaren eraikuntza lanen zuzendaritza kontratatzeko baimena eman dio Hezkuntza Departamentuko Unibertsitate eta Hezkuntza Baliabideetako Zuzendari Nagusiari. Aipatu lan horiengatik, gehienez, 169.485 euro pagatuko ditu foru administrazioak. Gobernuak aurten proiektu erredakzioagatik 110.468,28 euro ordainduko ditu eta, heldu den urtean, 59.017,23 euro lanak zuzentzeagatik (prezio guztiak BEZ barne). Eskola berria heldu den ikasturtean mustuko litzateke eta 3,2 milioi inguruko kostua izanen du.
Arbizuko eskolan matrikulak gora egin du azken urteetan eta eraikinak gaur egun ez du Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osoa emateko gaitasunik. Horregatik, LH-ko 4. maila bukatu ondoren Etxarri Aranazko eskolara joaten dira ikasle arbizuarrak. Beraz, Akerrauntza kalearen akaberan egonen den eskola berrian Lehen Hezkuntzako ziklo osoa eskaintzeko aukera izanen da. Ikastetxe berriak 4.000 metro karratuko azalera hartuko du. Gaur 54 ikaslerekin hasi dute ikasturtea Arbizuko eskola publikoan.
Dumas
Izen hori du Arbizuko eskola publikoan ezartzen ari diren berrikuntza pedagogikoko proiektuak. Pixkanaka ezartzen ari dira. Hartan “erreferentzia eta abiapuntua ikaslea” da. Hori kontuan izanik hezkuntza paradigma berri horretara egokitutako eskola arkitektura nahi lukete irakasleek. Eta, horregatik, hainbatetan bildu dira Hezkuntza Departamentuko azpiegitura teknikariekin. Departamentuko bilera hauetan lerro bakarreko ikastetxe batek behar dituen espazioen taulak aztertu dituzte eta nolako espazioak behar dituzten eta espazio horien arteko harremanak nolakoak izatea nahi duten pentsatu dute. Bilera horietara Clara Eslaba arkitektoak lagunduta joan dira eta hausnarketa fasean Alfredo Hoyuelos bidelagun izan dute. Bileren ondorioz aurki arkitektura plegua argitaratuko dute, baina eskolan ez duten oraindik horren berri.