1. Liburutegiko xagua zara?
Esan daiteke, bai. Nahiko aditua halako gauzetan.
2. Nolaz bururatu zaizu Arbizuri buruz XIX. mendeko prentsan argitaratutako albisteak jasotzea?
Ni Bidakonzekoa naiz. Nire herrian hainbat gai landu ditut, haien artean hemeroteka bildumak. Han dagoeneko XIX. mendetik 1970era bildu dut dagoeneko. Duela 10 urte Arbizun bizi naizenez, eta emaztea bertakoa denez, bururatu zitzaidan interesgarria litzatekeela Arbizun halako zerbait egitea.
3. Zein artxibotara jo duzu horretarako?
Interneten hainbat gordailu ditugu non hainbat hedabide eskaneatuta dauden eta bilatu ahal den testuaren arabera. Kultura Ministerioaren web orrian eta Liburutegi Nazionaleko hemeroteka birtualean, azken horretan dexente gutxiago dago. Nafarroako 18 hedabide daude. Batzuetan ez dago gauza handirik, besteetan gehiago. El Pensamiento Navarro Nafarroako Liburutegi Nagusian begiratu dut ere. Hortik aurrera, egiten segitzen badut, Diario de Navarra ere liburutegietan ikusgai dago. Hori hurrengo baterako izanen da.
4. Hor mami asko, ezta?
Diario de Navarra 1903an argitaratzen hasi zen eta bilduma honetan ez zen sartzen. Ordutik aurrera, horrekin eta El Pensamientorekin batera, bi horiekin, bakarrik aztertzeko eduki dexente daude.
5. XIX. mendean prentsaren booma, ezta?
Bai, batez ere, XIX. mendeko bigarren erdian. Hori lotuta egonen da, alde batetik, kulturaren hedapenarekin eta bitartekoen erabilgarritasunarekin. Baina, beste alde batetik, nahiko lotuta egonen da ideologien garapenarekin. Garaiko hedabide denetan agertzen zen egunkariaren izenaren azpian zein ideologia zeukan. Esaterako, dios y fueros, edo liberala, edo tradizionalista eta abar. Liburuxkan bertan ikus daitezke.
6. Zein hizkuntzatan?
Gaztelaniaz.
7. Noiz agertu zen aurrenekoz Arbizu XIX. mendeko prentsan?
I. Karlistadako testuinguruan, 1835ean. Albiste motz bat da. Arbizun gertatutako kontu bat gerrako testuinguruan kontatzen du.
8. Nolako albisteak sortu zituen Arbizuk?
Denetarik. III. Karlistadara arte, mendeko hiru laurden, batez ere gerraz edo harekin lotutako kontuez hitz egiten da. Esan daiteke, Arbizu nahiko feudo karlista zela. Nahiz eta gerran bertan ez izan, II. Karlistadaren aurretik armen kontrabandoa eta halakoak zeuden, zetorren gerra prestatzeko. Ordutik aurrera denetarik dago: arbizuarrak nekazaritza eta industria erakusketa nazionaletara joan direla, justiziarekin lotutako kontuak (herri epaimahai izatera deitutakoak…), gertakariak (istripuak, suteak…) edo hilketak. Azken karlistadaren ondoren Arbizuko alkatea hil zuten. Hori prentsari esker dakigu, baina ez da oso gertaera jakina.
9. Zeinek idazten zituen albiste horiek, herriko korrespontsalak edo erredakzioan?
XIX. mendeko azken urteak arte, gehien bat, gaur egun agentzietakoak direla esanen genuke. Hainbatetan, batez ere gerretan, ikusi ahal da albiste bera hainbat hedabidetan hitzez hitz errepikatuta. Azken-azken urteetan, batez ere El Pensamiento Navarroren agerpenarekin, berriemailearen figura erabiltzen hasten dira. XIX. mendean oraindik Arbizun ez dago halako figurarik. Hurrengo hamarkadan albaitaria edo izan zen. Horri esker 1905etik aurrera hainbat albiste ditugu berari esker.
10. Mende bateko albisteak jasotzea zenbat kostatu zaizu?
Batek daki. Ez ditut orduak zenbatu, baina denbora asko.
11. Gauza bat da biltzea eta beste bat zabaltzea. Zergatik?
Inolako asmorik gabe egiten hasi nintzen. Nire herrian bildua nuen eta pentsatu nuen Arbizurako gauza polita izanen zela. Kultura zinegotziari proposatu nion: ni edukiaz eta forma emateaz arduratuko nintzen eta udala hedapenaz. Hori da egin duguna. Ea orain jendeak zein harrera egiten dion. Nahiko liburu interesgarria da. Hor bilatu ahal duzu bitxikeriengatik, jakin-minagatik, edo historia gustatzen zaizulako, edo genealogia gustatzen zaizulako; zeren izen-abizenen araberako aurkibide bat dago. Hala familiako norbait agertzen den ikus dezakezu.
12. Zer nolako publikazioa egin duzu?
Publiko orokorrarendako liburuko edukia gaur egungo egunkari baten formatuarekin dago, bere azal, atal eta abarrekin. Arbizuko liburutegian gelditu da askoz ere potoloagoa den beste liburu bat, non aurkitu ahal diren albisteak jatorrizko hedabideetan agertzen ziren moduan; orri osoa eta Arbizuri dagokiona azpimarratuta.
13. Gehigarriak ere gehitu dituzu akaberan, ezta?
Badaude, alde batetik, izen-abizenen zerrenda bat. Horrela norberaren arbasoen inguruko albisteak opatzeko. Bestetik, gaiaren araberako beste aurkibide bat dago. Azkenik, hedabideen zerrenda eta bakoitzetik ateratako albiste kopurua zerrendatzen da.
14. Arbizuko Kazeta. 1. urtea, 1. zenbakia jartzen du. Gehiago etorriko dira?
Beharbada, bai. Lan asko dauka, baina nik uste aurrera segituko dudala.
15. Zerk erakartzen zaitu XIX. mendetik?
Ikusi ahal dugu oso desberdina zela. Bestetik, orain pentsatuko genuke lehen ez zirela gaur bezain aurreratuak, baina badaude antzekotasunak. Esaterako, herri epaimahaia. Pentsatzen dugu hori kriston gauza modernoa dela eta, keba! Garai hartan jendea deitzen zuten: tokatu zaizu herri epaimahaia osatzea. Horrelakoak. Gaur egungo gerretan telebistan ikusten duzuna, lehen hemen gertatzen zela ikusten duzu.