Finalera elkarrekin joango zarete?
Ez, partidatara bakoitza bere familiarekin joaten gara, baina material aukeraketetara elkarrekin goaz. Partida aurretik ez naiz oso hiztuna, eta kotxean lasai joaten naiz gurasoekin, eroso sentitzen naiz.
Takoak jartzen dituzuenean, zertaz hitz egiten duzue?
Pilotaz aparte, beste dena. Politikaz gutxi, zerbait potoloa badago bai.
Zure bizitzako partidako onena izan zen beste egunekoa? Partida perfektua izan zen?
Bizitzko onena ez dakit, baina onenetakoa bai. Kontuan hartuta zein garrantzi zuen partidak, zein tentsioa zegoen, zer zegoen jokoan... partidan sartuta egon ginen, dena eman genuen, zentratuta, partidatik atera gabe... Josek partida oso ona egin zuen, nik ere maila ona eman nuen eta aurtengo txapelketako partidarik onena izan zen
Finalean Elezkano eta Rezusta dituzue aurrean. Txapelketa bikaina egin dute, baina azken partidan estu ibili ziren. Zer espero duzue?
Partida oso zaila eta gogorra. Gauzak oso ongi egin beharko ditugu irabazteko, bikote irabazlea baita, oso erregularra... oso ongi ibili beharko dugu. Azkeneko partida zaila izan zen beraiendako, irabazi behar hori, tentsioa, partida zailak izaten dira horien, baina finalean partida ona egingo dute.
Gainontzeko pilotariek oso paretsu ikusten dute finala... zuek ere?
Hori esaten dute, pareko dagoela. Gu momentu onenean iristen gara eta beraiek oso erregularrak dira. Oso ongi ibili beharko dugu, ez dute ezer oparitzen. Espero dugu partida gogorra izatea, igualatua, eta bukaeran gure alde jotzea.
Zure lehendabiziko finala izango da eta lagun handi batekin, gainera...
Josek eta nik urte asko daramatzagu elkarrekin, afizionatuetatik. Momentu asko bizi izan ditugu elkarrekin, lagun handiak gara. Gertukoak gara, sakandarrak. Ilusioa egin zidan berarekin jokatuko nuela jakin nuenean eta lehen finala berarekin izatea, bizi guztian gogoratuko dudan gauza izango da.
Nola espero duzue eguna?
Egun polita izango da, frontoian tentsioa eta nerbioak izango dira eta gu irabaztera aterako gara. Finalaren aurreko egun hauek ere berriak izaten ari dira niretzat, oso polita eta ilusionantea. Espero dugu dena ongi ateratzea eta Bilbotik buelta txapelarekin egitea.
Afaria elkarrekin egingo dugu, ziurrenik Arbizun. Txapela ekartzen badugu ederki ospatuko dugu eta bestela, festa on bat egingo dugu, finalean egotea gauza handia baita... eta penak ere ahaztuko ditugu. Giro ona egongo da eta ea zer ateratzen den.
Sarrerak lortzeko lagunak toki guztietatik aterako zaizkizue, ez?
165 sarrera eman dizkigute pilotari bakoitzari eta banatuak dauzkagu. Jendea oraindik hots egiten ari da baina ez daude gehiago, hala ere badakit bere kabuz sarrera asko hartzen ari direla hortik. Arbizuko jende asko joango da. Ari dira autobusa antolatzen, nik dakidala.
Ea txapela ekartzen duzuen!
Saiatuko gara. Milesker!