Eskola berria heldu den urterako

Guaixe 2018ko mai. 18a, 10:19

Eskola berria eginen den tokiko urbanizazio lanak despedituta daude.

Eskola berria jasotzeko lanak egiteko gutxienez 8 hilabete eta gehienez 9 izanen dira.

Hezkuntza Departamentuak Arbizuko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskola berria egiteko lanen deialdia egin du. Enpresek euren eskaintzak egiteko astearte gauerdira arte dute. Lanen aurrekontua 3.493.829,69 eurokoa da (BEZ barne). Lanak eskaintza onuragarriena egiten dion enpresari emanen dio departamentuak eta ordainketa bi zatitan eginen dio: aurten 2.564.774,32 euro (BEZ barne) eta hurrengo urtean 998,931,96 euro (BEZ barne). Hau da, lanak uda hasieran hasiko direla eta heldu den urtean despedituko direla. Ia batere kontsumorik izanen duen eraikina izanen da ikastetxe berria. Hala izan dadin lanak egiten diren bitartean entseguak egin eta auditoriak pasako ditu eraikinak. 4.000 metro karratuko azalerako partzela batean eraikiko da eskola berria.

Arbizuko eskolan matrikulak gora egin du azken urteetan eta eraikinak ez du Lehen Hezkuntza guztia emateko gaitasunik. Horregatik, LHko 4. mailan ikasle arbizuarrak Etxarri Aranazko eskolara joaten dira. Akerrauntza kale akaberan eraikiko den ikastetxe berriak LHko sei mailak hartzeko aukera emanen du.