Monika Etxebarria Ariznabarreta, Zinegotzia
Txistor egunak 10 urte. Ospakizuna koxkortzen ari zaizue!
Bai, bai. Batzuetan gezurra dirudi. 10. urteurrenera ailegatu gara. Hasierako urte haien urduritasuna, gauzak nola aterako ziren eta horiek pixka bat pasatuta, baina, emozioa, berdin. Emozioak hor segitzen du. Guretako ere egun inportantea delako.
Zergatik erabaki zuen Arbizuko Udalak txistorrari eskainitako egun bat antolatzea?
Garai hartan zinegotzi zegoenetako batekin hizketan egon nintzen aurrekoan eta galdetu nion: zergatik txistorra? Garai hartan herritar batzuek eskatu zuten herriari proiekzio pixka bat emanen zion zerbait egitea. Buelta batzuk eman ondoren ikusi zen txistorrak betetzen zituela behar ziren baldintzak. Alde batetik, etxe guztietan egon den jaki bat da. Eta garai batean egin ere egiten zena. Modernizatzen joan da. Garaietara egokitzen joan da. Gainera, ez da kasualitatea, hemen ere izatea ekoizle handi xamarrak. Bost produktore daude. Bereziki hiru produkzio handi xamarra egiten dutenak. Bide horretatik jo zuten. Eta, nik uste, erabaki egokia izan zela.
10. edizioaren atarian, proiekzio horretan asmatu da? Zein balorazio egiten duzue?
Nik uste dut baietz. Niri galdetzen didatenean esaten dut iruditzen zaidala eguna finkatu egin dela. Txistorrak bere tokitxoa egin du elikaduraren inguruan antolatzen diren festa horietan. Eta, normala den bezala, aldatzen joan da; 10 urte pasa dira. Hasieran pixka bat zalantzekin-eta zegoena nik uste dut gaur egun egutegian toki nahiko finkoa duela.
Programazioa ere finkatu xamar.
Bai. Egia esan, aurtengoa 10. Txistor Eguna da, ba, zerbait berezia egin beharko genuke… Baina Txistor Egunean bertan baino gehiago agian aurreko egunetan… zerbait osagarria. Baina, berez, Txistor Eguna nahiko betea dago daukanarekin. Herri txiki bat izateko gauza interesgarriak izaten dira egun horretan.
Arbizu mapan jarri du Txistor Egunak?
Bai, txistorrak eta Txistor Egunak. Biak. Nik uste dut jendea hasi dela ezagutzen. Nafarroan, noski. Gipuzkoa bertan daukagu, eta ere bai. Baina ikusten da gero eta jende gehiago etortzen dela urrutiagotik ere bai.
Ezagutzera bai herria, bai produktua.
Bai. Izan ere, hemen protagonistak biak dira: txistorra, baina baita ere gure herria, gure jendea. Eta horri, gainera, hasieratik eman diogu garrantzia: herriak parte-hartzea, auzolanez egiten dira lan asko eta guretako erakusleiho moduko bat da.
Egunetik kanpo zerbait egin nahi zenutela aipatu duzu. Atzo mahai-ingurua.
Egia esan, 10. Txistor Eguna izanda, zerbait osagarri egin nahi genuen. Aspaldian gai hauek boladan daude: elikadura, burujabetza, elikadura nola hobetu, bertako produktuei garrantzia gehiago eman, produktu ekologikoak… Gai interesgarria zenez, pentsatu genuen mahai-inguru hori antolatzea. Gero ere ahate txiki bat izan zen, bertako produktuekin eta ekologikoekin. Gustura egon ginen.
Bezperarako, biharko ere zerbait baduzue.
Azken urtetan arratsaldea pixka bat girotzea eta, bezpera denez, hori pentsatu genuen. Aurten ere musika emanaldi bat izanen da. X. Txistor Eguna denez, haurrendako puzgarri batzuk jartzea pentsatu dugu ere. Horrekin batera, argazki erakusketa mustuko dugu, Txistor Egunak 10 urte hauetan egindako ibilbidea erakusten duena. Eta horrekin igandean bete-betean sartzen gara.
Txerria ardatz.
Horretan ere festa aldatzen joan da. Goizean txerriak eta txerri hiltzeak izaten zuen protagonismoa. Hori, pixka bat, alde batera uzten joan gara. Eta gaur egun protagonismoa produktuek dute. Batetik, txistorra bera, noski. Beste postu batean tripota egiten da, ukendu batzuk, txantxigorrak… Txerritik datorkigun guztia. Azokak kale Nagusi guztia hartzen du. Artisautzazko produktuak izateari garrantzia ematen zaio printzipioz, eta denetarik aurkitu daiteke. Gero eta arrakasta handiagoa du. Parte hartzeko eskaerak jasotzen ditugu. Giro polita izaten da.
Zotolak segitzen du?
Han urte osoan egoten da. Hor txerriak jartzen ditugu, haiek ikusteko. Gero, ahaztu gabe, herriko gaztagile batzuk gazta egiten egoten dira. Hori ere ikusgarria da.
Txistor Egunaren epizentroa plaza da.
Plazan gertatzen da inportanteena esanen nuke. Hor banatzen da txistorra. Gure produktoreek jartzen duten txistor hori. Ehun kilo inguru izaten dira urtero pintxoetan banatzen direnak. Hor egoten da txistor pintxoen lehiaketa, hamargarren lehiaketa aurten. Eta bitartean musika. Aurten abesbatzak ere emanaldi txiki bat eskainiko du. Trikitilariak herrian gora eta behera ibiliko dira. Pintxo lehiaketan oraindik ez dakigu zenbat jende aurkeztuko zaigun. Zortziren bat izanen direla uste dut. Aurten epaimahaian egonen dira aurreko urteetan gurekin izan diren Javier Diaz (Alhambra jatetxea), Fernando Flores (Enekorri jatetxea), Katrin Ginea (Geltoki ekimeneko koordinatzailea), Ainhoa Mañeru (Borda jatetxea) eta Begoña Zestau (Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuko teknikaria). Zestauri proposatu genion iruditzen zaigulako urte hauetan egin duen lana, Munduko Arrozak eta halako egunak antolatzen… oso interesgarria da. Eta erakusten duela hain gauza oinarrizkoa dena, jana eta hori, horren inguruan ere elkartasuna antola daitekeela, eta garai hauetan oso beharrezkoak direla ekimen horiek.
Azoka zein ordutan zabaltzen da? Noiz asten dira pintxoak zerbitzatzen?
Azoka 10:30 aldera zabaltzen da. Urte hauetan ikusi da jendea, normalean, beranduxeago hasten dela gerturatzen. Baina, beno, 10:30erako postu guztiak prest egoten dira, zabalik. 46 salmahai daude. 11:30 aldera-edo, txistor-pintxo lehiaketako epaimahaiak bere tokia hartzen du eszena-tokian, orduan hasten dira pintxoak ailegatzen.
Txistor-pintxoak ardoarekin batera dasta daitezke, ezta?
Urtero bezala txistor-pintxoa eta ardoa 2 euroan banatuko da. Hor du aukerarik onena bertako txistorra probatzeko.
Erosketak egiteko aukera noiz arte izanen da?
Gutxi gorabehera 15:00ak arte, azoka normalean orduan ixten da. Bitartean erosi, jan, argazki erakusketa ikusi… nik uste dut goiz polita pasatzeko aukera dagoela. Ez dut ahaztu nahi aurten beste berritasun izan dela hamargarren urteurrena ospatzeko: literatur lehiaketa antolatu dugu (15 lan aurkeztu dira). Txistor Egunean jakinaraziko da zein izan den irabazlea. Hori ere interesgarria da. Gero, aurrerago, horrekin argitalpentxo bat aterako dugu. Eta espero dugu hori ere hurrengo urteetan mantentzea.
Eta despeditzeko, musika.
Arbizun Xapiru trikitixa eskola daukagu. Eta batez ere Nafarroako Trikitilari Elkartearen arima den Patxi Agirre, antolatzen dute Nafarroako Trikitixa Eskolen Jaialdia. Aurtengoa hirugarrena da. Arratsaldea betetzeko modu polita da.
Egitaraua
Lastailak 13, larunbata
16:30ean Haurrendako puzgarriak, plazan.
19:00etatik 20:30era Argazki erakusketa, udaletxeko batzar gelan.
19:30ean Musika emanaldia, plazan.
Lastailak 14, igandea. Txistor Eguna
10:00etan Diana Arbizuko fanfarrearekin.
10:30ean Txistor Egunaren hasiera eta azokaren irekiera.
11:00etan Nafarroako trikitilarien bilkura, Xapiru eskolak antolatua.
11:00etatik 15:00etara Argazki erakusketa, udaletxeko batzar gelan.
11:30ean X. Pintxo lehiaketaren hasiera.
12:00etan Arbizuko abesbatza, plazan.
13:30ean X. Pintxo lehiaketaren eta I. Letrak ahora literatur lehiaketaren sari banaketak.
15:00etan Azokaren itxiera.
17:00etan III. Nafarroako Trikitixa Eskolen Jaialdia.
Goizean zehar ardoa eta pintxoak plazan, azoka kale Nagusian eta txerriaren inguruko produktuen erakusketak egonen dira: tripotak eta txistorrak egitea, txantxigorriak, ukenduak, sendabelarrak… Juananeko gaztagileek gazta eginen dute. Argazki erakusketa udaletxeko batzar gelan.
702.000 kilo txistor urtean
Embutidos Arbizu, Flores Hestekiak eta Laket Artesanos enpresak dira Arbizuko txistor ekoizle handienak. Aurrenekoak 1948an sortutako harategi batean du jatorria. Bigarrenak XX. mende erdialdean sortutako beste harategi batean eta hirugarrenak, berriz, 1915ean Altsasun sortutako harategi batean. Hiru lantegietan 22 pertsonek lan egiten dute. Eta astero 13.500 kilo txistor egiten dituzte. Hau da, 702.000 kilo txistor urtean. Ekoizpen hori Euskal Herrian, Suedian, Norvegian, Ingalaterran, Belgikan, Danimarkan, Holandan, Frantzian, Espainian, Hungarian, Filipinetan, Vietnamen, Laosen, Txilen, Hong Kongen, Dubain, Dominikar Errepublikan… Batzuek ekoizpenaren zati handiena Euskal Herrian saltzen dute, beste batek kanporako ekoizten du.
Arbizuko Txistor Eguneko azokan izanen diren ekoizleak | |
Izena eta Abizenak | Produktua |
Ainhoa Aristizabal Irigoien | Ogia |
Aitor Mendoza Sanzo | Txerrikiak |
Alazne Juaniz | Poltsak |
Altsasukoak aske | Kamisetak |
Anastasio Razkin harategia | Txerrikiak |
Arbizu hestekiak | Txerrikiak |
Artilezko Hodeiak | Artilezko gauzak |
Cristina Baos Ania | Bitxiak |
Dulces Virgen Ujue | Garrapiñadas |
Edorta Murua Ugarteburu | Euskal ikurrak |
Elene Fusté Granell - Luhei art | Arropa |
Elvira Barceló | Bitxiak |
Enara Insausti | Argazkiak |
Fernando Gozotegia | Pastelak |
Fernando Zubiria eta Ines Jimenez | Piper erreak |
Flores hestekiak | Txerrikiak |
Gaizka Saez de Vicuña Martinez | Zura |
Gastaka Bárbara | Pastelak |
Ion Ortiz Muñoz | Txokolatea |
Irular | Marmeladak |
Jeingenekoa | Esnekiak |
Jerusalen Asurmendi Gorraiz | Miniaturak/Ukenduak |
Juananeko gazta | Gazta |
Katealde | Ahatekiak |
Laket artesanos | Txerrikiak |
Legarbe | Karakolak |
Mª Angeles Estanga Reparaz | Baba/Arrauntzak |
Mañekoazpi | Pastelak |
Maria Esparza | Bitxiak eta zeramika |
Marta San Migel | Euskal panpinak |
Mitxel Zenarrubeitia Unamuno | Barazkiak |
Ollaondoa | Arrauntza eta ahuntz gazta |
Otero pilotak | Pilotak |
Pastas I. J. Vidaurre | Pastelak |
Pastelería Goiuri | Pastelak |
Paul Erdozia Azkorra | Bitxiak |
Pedro Mª Olea Armendariz | Zurezkoa |
Postiñeneko gazta | Gazta |
Sandra Cliville Fernandez | Artilezko arropa… |
Sara Redondo | Artilezko lepokoak |
Sojo Natura | Xaboiak-kremak |
Tomas Mauleon Goñi | Zurezkoa |
Txalaparta argitaletxea | Liburuak |
Txus Gruzeta Otaduy | Zillarrezko bitxiak |
Vialde Gurea sl | Eztia |
Xabier Iturrioz | Oinetakoak |
Txistor-pintxo lehiaketako irabazleak
Urtea | Irabazlea |
2009 | Izar Ondo |
2010 | Karrika |
2011 | Olatzea |
2012 | Olatzea |
2013 | Baxerri |
2014 | Arrautseko |
2015 | Arbizuko kanpina |
2016 | Karrika |
2017 | Andra Mari ikastola |
Kartela
Iratxe Reparaz diseinatzaile arbizuarrak egin du. Batetik, Txistor Egunean hasieratik inplikatu ziren emakumeak izan ditu gogoan eta, bestetik, zeregin horietan belaunaldiz-belaunaldi eta urtez urte, etxean aritu direnak.