Ezkurdia: “Oso pozik nago, ametsa egi bihurtu da”

Erkuden Ruiz Barroso 2018ko aza. 20a, 12:16

Arbizuko lau t’erdiko txapeldunak komunikabideei harrera egin zien atzo arratsaldean, eta dituen sentsazioez aritu zen. Pozik dago, gustura ospatu zuen txapela eta maitatua sentitzen dela nabarmendu zuen. Gaur aurkeztuko duten Binakakoari ekiteko gogotsu dagoela gaineratu zuen.

Nola sentitzen zara txapela irabazi ondoren?
Oso pozik, ametsa egi bihurtu da. Urte batean bi txapel irabaztea izugarria izan da.

Ospakizuna nolakoa izan zen?
Oso polita, gertuko jendearekin. Afaria egin genuen frontoian, jende mordoa juntatu ginen eta gero herriko tabernetan ibili ginen, ordu txikiak arte. Oso pozik nago, herrian maitatua sentitzen naiz eta horrek asko balio du. Txapel honek merezi zuen ospakizun polit bat, eta hala egin genuen.

Nafarroa Arenan hemengo jende asko zegoen. Nabaritu al zenuen? Indarra eman zizun?
Gozada izan zen bertan jokatzea. Herriko jende asko, gertuko jende asko,frontoia izugarria… oso polita izan zen. Biak, bai Jokinen aldeko afizioa eta nirea oso ongi portatu ziren; oso giro sanoa egon zen, giro ona, eta gozada bat da horrela jokatzea.

Zer aldatu da? Zergatik irabazi duzu txapel hau?
Lan asko dago txapela honen atzean. Aurreko txapelak, Binakakoak, konfiantza ematen dizu ere, eta nik uste dut urte honetan erregularra izan naizela, gauzak ongi egin ditudala, bai buruz eta fisikoki lan asko egin dudala eta hau da bidea: lana, lana eta lana. Entrenatzen jarraituko dut, izan ere orain emaitza onak daude, baina  etorriko dira ere momentu zailak, landu beharrekoak. Momentuz txapel honekin disfrutatu eta ea hortxe gauden.

Noizbait irudikatu zenuen urte batean bi txapel irabaztea?
Ez, ez nuen pentsatzen. Azkenean kirolean, lanean eta eguneroko bizitzan, egunero presentea dugu buruan, oraina, eta ez duzu pentsatzen ezer; baina polita izan da, erronka zaila da urte batean bi txapel irabaztea. Gauza ongi atera da eta ea horrela segitzen dugun. Lan asko dago honen atzetik eta oso pozik nago. Kolpeak hartuak ginauden, partida garrantzitsuak galduta, baina beti lanean segitu dut eta gauzak ongi atera dira.

Orain Binakakoa...
Bai, asteburuan hasiko da, hemen ez dago deskantsurik. Ea zer ateratzen den eta ea norekin jartzen nauten. Lan egiteko intentzio eta gogo guztiekin nago, ilusioarekin. Ea konpetitiboak garen eta zein lan egiten dugun.

Maila handia emango duzula espero du katedrak…
Exigentzi gehiago, seinale ona. Pozik nago txapelak ekarri didan guztiarengatik, asko eman dit bai buruz bai denez, banaka irabaztea gogorragoa baita. ´Binakakoan saiatuko gara lana ahalik eta hobekien egiten, kantxan ahalik eta konpetitiboenak izaten, eta beste erronkarik gabe, partidaz partida joan eta gauzak ongi egiten saiatu. Ahalik eta urrutienera iritsi nahi dugu, baina partida bakoitza ahalik eta hobekien jokatu, hori da gakoa.

Hirugarren txapela irabazten baduzu?
(kar kar) Latza izango litzateke. Zaila izango da, finaletara iristea oso zaila da eta txapelak oso garesti daude. Borroka horretan gauden bitartean seinale ona da, ongi gauden seinale, eta ea urte asko gauden borroka horretan.