Deep Soda ekoiztetxea sortu dute Paskal Etxepare soinu teknikariak, Pello Reparaz musikariak eta ekoizleak, eta Joseba Razquin musika managerrak. Ekoiztetxearen filosofia "proiektu esanguratsuak eta berritzaileak sortzea da", Razquinek azaldu bezala. Hortaz, Deep Sodak martxan jarri duen lehenengo proiektu "propioa" Baloreak izan da. Bost haurrek osatzen dute Baloreak taldea: Luna, Asier, Iradi, Netxanet eta Kaiet, eta giza balioak lantzen dituen musika talde bat da. "Haurren ahotsetatik haurrendako".
Reparaz eta Razquin Deep Sodako ekoiztetxeko kideek irakasle-ikasketak egin dituzte, eta "haurrekin lan egitea izugarri gustatzen" zaie. Beraz, ekoiztetxea sortzean musika eta haurrak uztartzea erabaki zuten. "Hasieran haurren musika talde bat bertsioak egiteko zen ideia, baina Deep Sodaren filosofia jarraituz aurrerapausu hori ematen erabaki genuen" eta Baloreak proiektua sortzea erabaki zuten.
"Uste genuen beharrezkoa zela haurren talde bat sortzea haiek direlako etorkizuneko musika kontsumitzaileak". Razquinen hitzetan musika proiektu asko egiten dira, baina "gure aportazioa" egin behar zutela uste zuten, eta haien proposamen "publiko honentzat" bideratutako proiektua egitea zen: "giza balioak landu kalitatezko musikaren bidez".
Mezua duten letrak
Pop-a, folk-a eta musika elektronikoa uztartzen ditu Baloreak taldeak. "Baloreak entzuten duzunean mestizaje hori ikusten da". Baloreak-en den soinua lortu dute. "Harpa asiatikoaren doinuak ere baditu, eta nortasuna ematen dio gure musikari".
Letrak Pello Reparazek sortu ditu letrak, baina taldea osatzen duten haurren iritziak eta ideiak kontuan hartu dituzte. "Kontrastatu nahi genuen beraientzat zeintzuk ziren balio garrantzitsuenak. Haiekin landu genituen modu ezberdinetan, eta landuta horietatik zortzi hartu genituen". Gainera, hiru kolektibo aukeratu zituzten lantzeko: Chrysalis, SOS Arrazakeria eta Eraikiz kolektibo feminista. Oinarrian berditasuna dago. "Taldekideek mundu beste bost haur ezagutu zitzuten eta haiekin giza balioen inguruan hitz egin zuten"
Kantek "tipologia ezberdin bat" dute. Haurrek sortutako "eztabaida eta kontraste" horietatik informe txiki bat egin zituzten eta txosten horrekin Pellok letrak sortu zituen. Zortzi abestiko diskoa kaleratu dute. Nortasuna eta erantzukizuna lantzen dira introan eta outroan, eta Baloreak singlea, bideoklipa Sakanan grabatu zena, elkartasunari buruzkoa da.
Luna, Asier, Iradi, Netxanet eta Kaiet gazteek bideo bat bidali zuten Deep Soda kideek martxoan zabaldu zuten kasting digitalera. "Guretzat arrakastatsua izan zen". 300 bideo baino gehiago jaso zituzten, eta, gainera, "izugarria izan zen haurren gogoak eta bertuteak". Kastingean parte hartzeko baldintza bakarra zegoen: 8 eta 14 urte bitartean izan. "Proiektu hau ez da kantu lehiaketa bat edo telebistako talent bat. Guk transmititzen zuten haurrak bilatzen genituen".
Haurrekin lan egitean "ez da batere zaila izan". Gurasoen laguntza eskertu du Razquinek: "haien jarrera, erraztasuna eta beti irribarre batekin egon dira". Haurrendako, baita gurasoendako ere, "esperientzia izugarria" izan dela dio ekoiztetxeko managerrak.
Baloreak proiektua era naturalean sortu dela azaldu du Razquinek, eta aurrerapausu bakoitzean "oso mantso" ari dira. "Erabaki asko hartu behar dira, gauzak egiten pentsatuz". Momentuz bilerak egiten ari direla esan du, "baina gure lehentasuna haurrak dira. Eskolara doaz, futbolean daude, musika klasetara doaz... pila bat gauza egiten dituzte eta gure lehentasuna haiek eta haien familiak dira".
Era naturalean garatzen ari da ere Deep Soda ekoiztetxea Razquinen esanetan. "Etengabe, gainera. Oso pertsona irekiak gara eta jende interesgarria eta aportatzen duena ezagutzea gustatzen zaigu". Jende gaztea idei berriekin bilatzen dituzte. Esaterako, Kerobia taldeko abeslaria izandako Xabi Bandiniren proiektuaren managament-a hartu dute. "Gauzak lasai eta maitasunarekin egiten ari gara".