Razkin harategiko txistorra hirugarren Donostian

Guaixe 2019ko urt. 12a, 12:39

Aurreko urteetatik bi bosgarren sari lortuak zituen Euskadiko eta Nafarroako txapelketetan. Txistorrak egiteko kalitatezko produktuak txukun lantzen dituztela gaztigatu digu Razkinek.

Donostiako Santo Tomasetan XXIII. Euskal Herriko Txistor Lehiaketa jokatu zen eta txapela Getariko Ezkurtzerri SLk irabazi zuen. Hirugarren saria Arbizuko Razkin harategiak irabazi zuen, 200 euroko saria eta trofeoa. Anastasio Razkin Unzillak Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) azaldu duenez, aitak zabaldutako harategian lan egiten du berak, Marta arrebarekin batera. Bere “bizi gehiena” harakina izan dela gaineratu du.

Halako sariak irabazten dutenek eragina nabari dutela aitortu du Razkinek Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus). “Herrikoek ere ikusten dutenean hirugarren egin duzula asko pozten dira ere. Zorionak eta horiek denak esaten dizkizute. Herrian badauka oihartzuna. Baina irabaztea bezala ez da hirugarren egitea, noski, hori argi dago”. Salmentan eragina izanen duen galdetuta, “heldu den urtean esanen dizut” erantzun du, umorez. Saria motibagarria dela aitortu du Razkinek: “zure izena aditzen duzunean, gauza handia da”.

Egikera
Txistorraren errezetaz galdetuta, Razkinek esan duenez, “txistorrari bota nahi diodana erosten dut. Eta nik kalitatea nahi dut erosi. Gauza txukuna eta kitto. Ez dago besterik”. Azaldu duenez, “masa kantitate ttikiak” egiten ditu, “askoz hobeki maneiatzen duzu”. Lehiaketarako ezer berezirik ez zuela eraman aitortu du Razkinek: “haragia ekarri. Egun bat hozkailuan egon, puskatu, nahasi eta bete. Batzuek masa egun batez hozkailuan uzten dute, pixka bat ontzeko edo. Nik masa bat egin nuen. Lehiaketara lau txistor eraman behar ziren eta nik eskuz zortzi lotu nituen. Gero, gutxi gorabehera, laurri berdina zein ziren ikusi nuen eta haiek joan ziren”. Lehiaketara “beti egiten duguna” aurkeztu zuten, beraz. Azaldu duenez, lehiaketarako eskuz lotuta eraman behar dira txistorrak, bestela, harategian grapagailu batekin lotzen dituzte txistorrak. Razkini txistorrak gustatzen zaizkio “egin eta hurrengo egunean” jateko, “bestela, nire gusturako gehiegi sikatzen joaten dira”.   

Gipuzkoa eta Nafarroa artean hiru txistor lehiaketa daude. Hiruretan hamarren bat aldiz parte hartu izan du Razkin harategiak. Bi bosgarren sari lortutakoak dira harakin arbizuarrak. Baina arbizuarrek 2018an soilik Donostiako lehiaketan parte hartu zuten. Nafarroako lehiaketan parte hartzeko asmoa bazuten, “baina eguna pasa zitzaidan, eta ezin joan”. Ordiziakora ere ezin joan.

Donostiako lehiaketara joatea erabaki zuten anai-arrebek. Gipuzkoako hiriburuko Txistor Lehiaketan parte hartzen zuten bigarren edizioan lortu du Razkin harategiak hirugarren saria. Zenbaki bakoitien eskaileran gora,  hurrena lehenengoa litzateke. Razkinek azaldu duenez, bertan egon behar duzu, “bestela saria galtzen duzu. Lehendabizi denei banan-banan hots egiten diete eta denak daudela begiratzen dute. Bakarren bat ez badago zerrendatik borratuko dute eta gero hirugarrenari, bigarrenari eta lehenengoari ematen dizkiote sariak”.

Sariak
13. Euskadiko Txistor Lehiaketan, Ordizian, 5. saria.
9. Nafarroako Txistor Lehiaketan, Iruñean, 5. saria.
23. Euskal Herriko Txistor Lehiaketan, Donostian, 3. saria.