"ETAko espetxe fronteko" kide izatea leporatzen die 11/13 sumarioan auzipetuta dauden euskal herritarrei. Baldarendako fiskaltzak 20,5 urteko espetxe zigorra eskatzen du. Epaiketa irailaren 16tik aurrera izanen da, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuen artean euskal presoen abokatuak, EPPK bitartekari taldeko kideak, Etxerat presoen senideen elkarteak, Jaiki Hadi presoen osasun egoeraz eta eskubideez arduratzen den kolektiboa eta Herrira mugimenduko kideak daude. Fran Balda Araña Herrira kontrako bi sarekadetan atxilotu zuten.
Epaiketari "aurre egiteko" prestatzen hasi dira auzipetuak. Hortaz, lantaldeetan antolatu dira eta koordinazio bilerak egin dituzte. Hiru ildo markatu dituzte: epaiketa ondo prestatzeko beharrezkoak diren zereginak prestatu (lekukoak, defentsari dagokienak, azpiegiturak, garraioa...); epaiketak eraginen dien galera ekonomikoa arintzeko moduak aztertu, eta "epaiketa honen bidegabekeria salatu", jasotzen ari diren "elkartasun guztia" antolatu eta epaiketaren "oinarrian" dagoen preso eta erbesteratuen egoera "konpontzeko aldarrikatuz" mobilizazioak ere abiatu dituzte. Ekimenen berri Donostian, garagarrilaren 1ean, eginen duten agerraldian emanen dituzte. Auzipetuek "azken asteotan" jaso duten "berotasuna eta hurbiltasuna" eskertu nahi izan dute ere.