Arbizuarra unibertsitate publikoko zuzendaritzan

Guaixe 2019ko eka. 14a, 14:33
Martin Larraza Kintana, ezkerretik laurgarrena, errektoretzako gainontzeko kideekin batera.

Errektoreorde kargua gaur eguerdian egindako ekitaldian hartu du

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) errektorea aukeratzeko hauteskundeak maiatzaren 9an egin ziren eta unibertsitateko komunitateak Ramon Gonzalo Garcia aukeratu zuen. Gaur eguerdian egindako ekitaldian hartu du kargua. Eta berearekin batera bere zuzendaritza taldea osatuko dute bederatzi pertsonak. Tartean dago Martin Larraza Kintana. Arbizuarra Ekonomia, Plangintza eta Estrategia errektoreordea da.

Larraza NUPen enpresen kudeaketako irakaslea da eta pasa den astean Enpresen Kudeaketa Saileko “Enpresen Antolaketa” jakintza-arloko unibertsitateko katedradun izendapena jaso zuen. NUPen ardura postuak izatea ez zaio arrotza Larrazari, zortzi urtez unibertsitateko selektibitateko arduraduna izan zelako.