1. Hasteko eta behin. Selektibitatea du izena, edo beste izen bat du orain?
Ez, aurreko urtean araudi aldaketa egon zen eta orain BEUS hots egiten da: Batxilergoaren Ebaluazioa Unibertsitatean Sartzeko.
2. Zergatik aldatu da?
Azken lege aldaketarekin suposatzen zen selektibitatea ez zela guk ezagutu dugun bezala mantenduko eta, horren ordez, Batxilergo bukaeran ikasleek froga bat gainditu beharko zutela. Ez unibertsitatean sartzeko, baizik eta Batxilergoko titulua eskuratzeko. Jose Ignacio Wert ministroaren errebalida famatua. Eztabaida egon zen. Ez zuen zentzu handirik: ikasleak hura gainditu ondoren, unibertsitate bakoitzak bere probak egin behar zituela titulazio bakoitzean eta horrek hainbat arazo sortzen zizkien, batik bat ikasleei. Gure unibertsitatean sartzeko proba bat egin beharko lukete. Euskal Herrikora sartzeko beste bat… Hori ezin zen. Kontuan hartuta beste proba hori, akaberakoa, egin beharko zutela… Azkenean erabaki zen Hezkuntza Estatu Legea lortu arte hori etengo zela eta betiko sistemarekin, hau da, selektibitatearekin jarraituko genuela. Baina bai gelditu zela Batxilergo akaberako izen horrekin. LOMCE Legeko hainbat gauza ez dira indarrean jarri eta hau horietako bat da. Egoera politikoa dela eta hezkuntza paktuarena etenda dago, bestela orduan berrikusiko da. Behin-behinean dago.
3. Eta mamia ere aldatu da?
Ez. Funtsean berdina da. Azken urtetan egia da aldaketak egon direla: fase orokorra eta fase espezifikoa nota 14ra arte igotzeko… Baina funtsean proba oso-oso antzekoa da. Joan zen urtean nola izanen zen, jendeak zalantza handiak zituen. Eta, azkenean, erabaki zena, nik uste, momentura arte egiten zena mantentzea izan zen, jendeak joko-arauak zein ziren gutxi gorabehera jakin zitzan. Fase orokorrak markatzen du gainditzen duzun edo ez eta gero fase espezifikoa nota igotzeko duzu. Gehienezko puntuazioa 14 da. Nahiko ohituta gaude dagoeneko, bere garaian berezia bazen ere. Probaren antolaketaren ikuspuntutik dena hiru egun horietan egiten da. Normalean lehen egunean egiten direnak dira derrigorrezko faseko, orokorreko ikasgaiak. Aurreneko egunean hiru (gaztelania, atzerriko hizkuntza eta historia) eta bigarrenean ere aurreneko probak horietakoak dira (euskara eta Batxiler arlo bakoitzeko derrigorrezko den ikasgai bat). Hortik aurrerako azterketa guztiak fase espezifikokoak dira. Antolaketaren aldetik lehen egun eta erdi horretan ikasle guztiak egoten dira eta nahiko saltsa izaten da. Gelen okupazioa handiena izaten da. Gero batzuk azterketak egiten dituzte, besteek ez, jende gutxixeago ibiltzen da.
4. Ikasle batek zenbat azterketa egiten ditu?
Gehienez zortzi. Baina normalean 7 egiten dituzte. D eta A eredukoek normalean 7, fase orokorra gehi bi. Batzuk hiru ere, baina normalena bi egitea izaten da, nota igotzeko bi erabiltzen direlako.
5. Zenbat azterketa dira prestatzen direnak?
24 ikasgai inguru.
6. Zeinek prestatzen ditu?
Ikasgai bakoitzeko, unibertsitatearen aldetik aholkularia hots egiten dioguna dago. Eta ikastetxeen aldetik koordinatzailea deitzen dena. Normalean aholkulariak azterketak jartzen ditu. Joan den urtean aldaketa txiki bat egon zen, lege berriaren kontura eta azterketak aholkulariaren eta koordinatzailearen artean jartzen dituzte. Normalean hiru azterketa desberdin prestatzen dituzte. Legez azterketa bakoitzak zailtasun eta egitura bereko A eta B aukera izan behar ditu. Eta gero hiru azterketa horiekin zozketa egiten da. Bat ohiko deialdian jartzen da, bestea ezohiko deialdian eta bestea erreserban gelditzen da.
7. Galdera argiak eta garbiak izatea komeniko da, ezta?
Bai, noski. Ahalik eta argienak eta zalantza gutxien sortzeko, azterketa garaian inongo problemarik ez sortzeko. Batez ere ikasleen aldetik. Argi egon dadila zer eskatzen den eta zer idatzi behar den.
8. Noiz egoten dira prest azterketa horiek?
Normalean urte hasieran prestatzen dira eta gordeta egoten dira. Sekretua mantentzeko segurtasun neurriak hartzen saiatzen gara. Oso zaila da. Hiru azterketa egiten dituztelako eta gero zozketatu egiten delako. Azterketa prestatzen duen jendeak ere ez daki zein galdera izango diren. Hori mantendu egin behar da, jendeak asko jokatzen duelako. Unibertsitatean sartzeko ordena horrek markatzen du eta ahalik eta zuzen eta objektiboen izaten duelako jokoan, ez dadila inolako filtraziorik egon.
9. Ikasleek apunteak eta beste ordenagailuz hartzen dituzte. Ez dakit nik boligrafoekin azterketa…
Nik uste oraindik geletan jendeak apunteak eskuz hartzen dituela. Unibertsitatean klaseak ematen dituzunean gero eta jende gehiago dago tabletekin edo ordenagailuekin. Baina nik uste dut, zenbait ikasgaitan, oraindik paper zati bat eta boligrafo bat metodorik azkarrena dela.
10. Proba egunetan gelan zaintzen edo zalantzak argitzen egotea tokatzen zaizue?
Boluntarioak eskatzen dira, bai unibertsitatean bai ikastetxeetan. Zure jakintza arloaren arabera ikasgai batzuk zuzendu ditzakezu edo ez. Adibidez, ni enpresen kudeaketa arloan nago eta badago enpresaren ekonomia ikasgaia. Guk hori zuzendu dezakegu, horretan adituak garelako. Boluntario horiekin, zozketa bidez, epaimahaiak sortzen dira. Azterketa horiek guztiak zaintzeko eta zuzentzeko eta hori guztia, selektibitatea epaimahaika antolatzen da. Zazpi epaimahai daude, sei Iruñean (bi euskaraz) eta bat Tuteran. Bakoitzean hainbat bokal edo epaimahaikide daude eta ikasgai desberdinetako espezialistak dira. Horiek euren espezialitateko azterketa zuzentzen dute. Baina bere azterketa eta beste batzuk ere zaintzen egoten dira: geletara sartzeko kontrola mantentzeko, barruan materiala banatzeko, zaintzeko, zalantzaren bat baldin badago argitzeko, edo batzuetan gerta daiteke zu zaintzen egotea eta azterketari buruzko espezialista bilatu behar izatea. 150 pertsona dira.
11. Beste erkidegoetako sarbide probak berdinak dira?
Ez. Oso antzekoak dira. Ikasgaiak eta egitura oso antzekoa, baina erkidego bakoitzak bere hezkuntza eskumenak ditu eta edukietan aldaketa txikiak egon daitezke. Azterketak nola egituratzen diren, aldaketak egon daitezke. Matematikako azterketa bat, zer galdetu aholkulariak eta koordinatzaileak urtean zehar duten harremanean erabakitzen da, zer sortzen den, nola galdetu behar den, zer nolako azterketa izan behar den.
12. Notak ezin dira parekatu?
Egia da ez dela azterketa berdin-berdina. Wertek egin nahi zuena hori zen, azterketa nazional bakarra jarri. Curriculuma erabat berdindu erkidego guztiendako. Baina gero horrek beste zailtasun batzuk sortzen zituen, logistikakoak, adibidez. Egun berean momentu beran egin behar, azterketak bidali, zabaldu eta… Hezkuntza eskumenak neurri batean deszentralizatuta daudenez, horretan nabaritzen da. Gero, suposatzen da zailtasuna antzekoa izanen dela eta dena batzen da. Azkenean denak zaku berean sartzen dira eta nahiz eta selektibitatea Nafarroan gainditu, nota horrekin Espainiako edozein unibertsitatean sar zaitezke.
13. Guraso batzuk kexu dira ikastetxe batzuek notak puztu edo beste batzuek gutxiegi puntuatzen dutelako. Selektibitateak nork bere tokian jartzen du?
Nik uste dut selektibitateak egiten duen gauza nagusia hori dela. Denek azterketa bera pasatu behar dutenez, hori guztia bere tokian jartzen du. Horrek, nik uste, laguntzen duela ikastetxeetan zuk esandako desbideratze horiek ez gertatzea. Notak oso-oso onak eta gero selektibitatean bi puntu gutxiago. Hori nabarituko zen. Azterketa hori pasa beharra eta denak berdina izatea egiten du ikastetxe guztiak azterketa hori prestatzea, badakite zer azterketa den, zer egitura duen. Azterketa eta irizpide horien arabera zuzendu behar dute. Nik uste horrek dena berdintzen duela eta komentatu dituzunak gertatzea ekiditen duela. Selektibitateak ordenaz aparte, betetzen duen paper nagusia, nik uste, hori dela. Eta ez bakarrik azterketa. Badu ondorioa, guztiak saiatzen dira parametro batzuen barruan egoten.
14. Eta aurten probaren ardurarik gabe, falta sumatuko duzu?
Ez. Beste zergen batean egonen naiz. Ez koordinatzaile, hau dena antolatzen, baizik eta epaimahai batean, epaimahaikide bezala. Nik banituen 8 urte eta halako bat antolatzeak… nekea sumatzen nuen eta erreleboa eskatu nuen. Beste jende bat behar zela. Nik uste hori ongi dagoela. Ni laguntzeko gelditu naiz. Azken finean jende askoren lana behar da halako zerbait egiteko eta saiatuko gara gure ekarpena egiten, lubakitik.
15. Zure sarbide probaz zer gogoratzen duzu?
Gogoratzen dut Gurutze plazako institutuan egin genuela. Altsasutik Iruñera pixka bat erdi galduta joan ginen. Gaur egun ikusten dudan jendearen urduritasuna eta presio modukoa, notak, iruditzen zait. Nik ez dut gogoratzen presio hori nuenik. Nire helburua zen ea gainditzen nuen. Orain iruditzen zait, agian okertuta nago, gure pertzepzioak nahiko subjektiboak dira, presio gehiago dutela ikasleek. Ez bakarrik gainditu, nota honetara iritsi behar naiz. Lasaixeago bezala. Baina esaten dizut, urte asko pasa dira eta agian bakarrik oroitzapen onak ditut.
16. Zer aholkatuko zenieke heldu den astean NUPen azterketak egitera joanen direnei?
Betiko aholkua da. Agian oso erraza dirudi. Nik uste baliagarria dela: lasai egon daitezela. Azkenean, seguru nago, Batxilergoko 2. urte osoan, nolabait selektibitatea entrenatzen egon direla, azterketa horiek eta. Han aurkitu behar dutena institutuan egin berri dituzten azterketen antzekoak dira, egituran, zailtasunean… Hemen gainditu badituzte, pentsa dezatela lasai joatea. Kontzentratuta, hori bai. Dena emateko prest. Badakit betiko aholkua dela, baina nik uste, benetan, hori dela balio duenak. Zaila da lasai egotea, baina hori gomendatuko nieke. Lasai eta kontzentratuta. Azkeneko urteetan beti ongi atera dira eta, nik uste, aurten ere aterako direla.