"San Juanei hasiera ona eman genien, ea sanferminei ere hasiera ona ematen diegun"

Maider Betelu Ganboa 2019ko eka. 28a, 09:31

Gaur sanferminetako lau t'erdiko finalerdia jokatuko du Joseba Ezkurdiak Jokin Altunaren kontra, Sopelan (21:15, ETB1). Hiru txapelketa ofizialak kenduta "dagoen final politenean" egon nahiko luke arbizuarrak hirugarrenez.

Joseba Ezkurdiak Altuna izango du aurkari Sanferminetako lau t’erdiko torneoko finalerdietan. Partida ostiralean jokatuko dute, Sopelan (21:30. ETB1). Sanferminetako finalean egon nahi du arbizuarrak, baina badaki oso arerio zaila duela aurretik.

Igandean, Arbizun, Sanferminetako lau t’erdiko final laurdenetan Erik Jakari irabazita, badirudi zuk eman zeniela hasiera San Juanei...
Bai, ongi atera zen dena. Niretako plazera izaten da herrian jokatzea. Banekien zaila nuela, gauzak oso ongi egin behar nituela Erik Jakari irabazteko. Oso aurkari zaila da, arriskutsua, sake-errematetan min handia egiten du, eta partida guztian kontzentratua eta sartua egon behar da bere kontra. Oso pozik nago irabazi izanagatik, eta, egia esan, festei hasiera ona eman genien.

Finalerdietan, Altunaren kontra ariko zara ostiral gauean Sopelan. Berotzar honek eragina izango du partidan?
Beroa ongi kudeatu beharra dago, ura ongi edan eta behar bezala hidratatu. Detaileak oso garrantzitsuak dira halako partidetan. Eta are gehiago Jokin bezalako aurkari zail baten kontra, bere kontrako partidak oso gogorrak baitira. Baina ea lortzen dugun helburua, uztailaren 7an Labriten egotekoa.

Arerio zaila da Jokin; aurrealdean toki guztietara iristen da, eta txisteratik mota guztietako jokaldiak ateratzen ditu. Nola egingo diozu aurre?
Pilotari oso konpletoa da Jokin, gauzak oso ongi egiten ditu. Une honetan momentu onean dago, txisparekin, pilota azkar ateratzen zaio eskutik eta zaila daukat, baina ni ilusioarekin nago. Orain arte elkarren kontra jokatutako partidak zailak izan dira, batzuetan berak irabazi nau eta beste batzuetan nik, baina azkenean jokatu beharra dago. Ni ere ongi ikusten naiz eta gogoekin nago; ea partidu serio bat, on bat egiten dudan. Bera baino abiadura gehiago ematen saiatuko naiz, ea horrekin mina egin ahal diodan.

Saria potoloa da: sanferminetako lau t’erdiko finala, uztailaren 7an, San Fermin egunean jokatzea. Pilotari batendako oso berezia izanen da.
Nafar bezala guri ilusio berezia ematen digu horrek, hor egotea eta txapel hori irabaztea. Nik bi aukera izan ditut finala jokatzeko, eta egia esan hiru txapelketa ofizialak kenduta, dagoen final politena da jokatzeko. Ea hirugarren aldiz hor egotea lortzen dugun.

Beste adarrean Joanes Bakaikoa sorpresa ematen ari da eta finalerdietan dago. Sanferminetako lau t’erdia sakandarren arteko finala izatea polita litzateke, ez?
Bai, oso polita izango litzateke uztailaren 7an sakandarren arteko lehia ikustea. Badakigu zaila dugula biok, Iñaki Artola ere momentu oso onean dagoelako, baina polita litzateke eta zergatik ez final horrekin amestu?

Sanferminetako binakakoan Zabaletarekin osatuko duzu bikoa. Gustura hartuko zenuen enpresaren erabakia, ez?
Bai, oso pozik. Lehen helburua 7ko finalean egotea da, sanferminak ongi hasteko, baina oso pozik nago Joserekin jokatzeagatik. Lagunak gara, berarekin atera nuen aurreneko txapela, eta ea bikote ona eta torneo polita egiten dugun.