"Erabaki hau hartzea tokatzen zen eta hala egin dugu"

Guaixe 2019ko ira. 20a, 12:48
Baldari harrera egin zioten astelehen arratsaldean.

11/13 sumarioko auzia astelehenean hasi eta bukatu zen aldeek akordioa itxi baitzuten. Akordioaz azalpenak eman dizkigu arbizuarrak.

Zergatik akordioa?
Hasieratik garbi genuen edozein bide esploratzeko aukera. Duela bi urte edo bi urte eta erdi akordiorako proposamenarekin leiho bat zabaldu zen. Fiskalak zigor eskaerak egin zituenean. Orduan abokatuei esan genien bide hori esploratzeko. Uda sarrera zen, abokatuak joan ziren eta auzitegian irailean agertzeko esan zieten, sakontzeko zer akordio mota eta zer zen proposatzen ari ziren hura. Agertu ziren eta esan zieten ezetz, jada ez zela akordiorako aukerarik, biktimen elkarteek zuzendaritzak aldatu zituztela. Horrela orain arte. 

Eta akordioa zergatik? Guk hasieratik garbi geneukan Espainiako Auzitegi Nazionalera gindoazela eta handik ez genuela inongo justizia motarik jasoko. Hasiera-hasieratik ere garbi geneukan ere gure helburua zela jendea kartzelan ez sartzea. Horren inguruan edozein proposamenetarako zabalik geunden. Izan ditugu eztabaidak gure artean. Denon artean erabaki dugu irtenbide egokiena zela 47endako.  

Esan duzue: iraganeko formulak alde batera utzi eta etorkizunerako ateak zabaldu nahi dituzuela akordioarekin; konponbideak bilatzeko bidea sustatu nahi dituzuela eta  zigor eskaera neurrigabeak zirela eta espetxea saihestea nahi zenutela. 
Herrira sortu zenetik, eta azken urteetan bizi dugun egoera ikusirik, hori izan da gure helburua. Eta Herrira-rena. Herrira jaio zen kaleak bete eta kartzelak husteko. Hori izan zen gure lelo nagusia. Eta esan duzuna: eskaerak neurrigabeak ziren, injustizia handia zegoen atzetik, Espainiako Auzitegi Nazionala, 601 urteko espetxe zigorra eskatzen ziguten. Auzitegi horretatik ezin dugu justiziarik espero. Badakigu zer den, han epaiketa eginda ere zigor handiko arriskua zegoela bagenekien. Militante politikoak gara. Badakigu Euskal Herrian zer gertatzen ari den, nondik nora goazen, kartzeletan zer mugimendu dauden eta abar. Erabaki hau hartzea tokatzen zen eta hala egin dugu. 

Eta orain zer?
Kartzeletan 248 preso daude. Eta orain Arantza Zulueta eta Jon Enparantzarekin 250. Epaiketa hauek, gurea, anakronikoak dira. Oraindik 248 euskal herritar preso egoteak ez du inolako logikarik. Haiek eta iheslari guztiak etxeratzeko ahalegin handia egin behar dugu. Guk kanpaina guztian hori adierazten saiatu gara. Guk kalean beharko genukeela. Baina indar handia jarri nahi genuen denok herrian egon behar genuela. Hori dagokigu. Denak eskutik helduta kanpaina honetan behetik gora egin dugun lan hori guztia inportantea izan da. Herrietan kristoren elkartasuna jaso dugu. Ekimen pila egin dira, berritzaileak, ilusiogileak… Hori da behar duguna. Fase bat itxi beharra daukagu. Preso eta iheslaririk gabeko Euskal Herri bat ezagutzeko beharra dugu. Herri honek behar du benetako bake egoera bat. Ez orain duguna. Borrokan eta lanean segitu behar. 

Honek inhabilitazio eta hainbat tokitan ezin eragitea ekarriko du, ezta? 
Akordio honek hori suposatzen du, bi lagun kartzelara joanen direla. 2010etik edozein terrorismoagatik zigortzen bazaituzte, horrek automatikoki inhabilitazioa edo desgaitzea dakar. Hauek ez dituzte aldaketa horiek kasualitatez egiten. 16 lagun desgaitu dituzte, horrek suposatzen duen guztiarekin. Eztabaidak izan ditugu, pertsonaletik kolektibora pasatuz. Eztabaida politikoki kokatuz erabakiak hartu ditugu. Arduraz jokatu da. Jonek eta Arantzak egin dutena oso adierazgarria da, ardura noraino iritsi daitekeen. Baina gainontzeko pertsonek egiten dutena argi erakusten du etorkizunari zabaltzeko ate horretan jartzen direla. Erabakiak kosta egiten dira baina, azkenean, egin dugu. Uste dugu egin beharrekoa zela, egokiena zela. Bakoitza guretik, beti jendearekin, preso eta iheslariak etxean egoteko lanean segituko dugun 47 militante politiko gara. Ez dakit nola eskertu jendeak egin duen guztia: mila esker!

Erlazionatuak