Txistorrarekin hitzordua

Guaixe 2019ko urr. 11a, 10:53

Azokan eskaintza zabala izanen da.

Txistor Egunaren 11. edizioa hartuko du Arbizuk igandean. Pintxo eta literatur lehiaketekin batera, azoka, musika eta beste iragarri ditu udalak.

Etxarri Aranazko eta Altsasuko ferien artean? Arbizuko Txistor Eguna. Aurreko hamar urteetan ez du hutsik egin eta aurten ere hala izanen da. Arbizuko Udalak iganderako dena prest du. Jon Ander Mendinueta Iribarren zinegotzia, Txistor Eguneko arduradunak, esan digunez, “egunak indarra hartu du. Izena hartzen ari da. Jendea asko etortzen da eta harro gaude halako festa bat herrian izateagatik”. 

Txistorrari eskainitako eguna izanik, hura dastatzeko aukera izanen da. Embutidos Arbizu, Flores Hestekiak eta Laket Artesanos enpresek emandako 120 kilo txistorra pintxotan prestatuko dute. “Aurki dena bukatzen da. Urtero dena bukatzen da. Jendeak dexente jaten du”, jakinarazi digu Mendinuetak. Plazatik pasatzen direnak han izanen dituzte txistor pintxoa eta ardo basoa bi eurotan eskuragai. Jakina, plaza parean egonen den azokan txistorra erosteko aukera ere izanen da. 

Azoka 
Aurten karrika Nagusia berritzeak ekarri du espazio zabalagoa izatea Txistor Eguna antolatzeko. Hori ikusita, udalak azoka indartzen ahalegin berezia egin du. “Gauza desberdinekin zortzi postu gehiago sartu ditugu aurten”. Guztira 47 salmahai izanen dira bisitarien zain karrikan. Gehienek jatekoak salduko dituzte (txerrikia, txokolatea, gazta, pastelak, marmeladak, barazkiak, pastak, arrautzak…) baina oinetakoak, bitxiak, liburuak, apainketa elementuak, saskiak, zurezko gauzak, saskiak, artilezko artikuluak edota jantziak erosteko aukera ere izanen du bisitariak. Saltzaileen bederatzi arbizuarrak dira. Udalak “propio” tokia egin die. 10:30etik 15:00etara izanen da azoka bisitatzeko aukera. 

Arbizuko Txistor Eguneko azokako postuak
Zein Zer
Anastasio Razkin Txerrikia
Jon Ortiz Muñoz Txokolatea
Ainhoa Aristizabal Irigoien Ogia
Vialdea Gurea Eztia
Mañekoazpi SL Pastelak
Poxtiñeneko gazta Gazta
Embutidos Flores Txerrikia
Arbizu SL Txerrikia
Irular marmeladak Marmeladak
Goiuri gozo-denda Pastelak
Juananeko gazta Gazta
Laket artesanos Txerrikia
Jeingenekoa SCL Esnekiak
Fernando gozotegia Pastak
Maria Angeles Estanga Barazkiak / Gazta
Oihane Rodrigo Cervantes Euskal txerrikia
Katealde Ahatekiak
Jamacuco Saltsak
Otero pilotak Pilotak
Virgen de Ujue gozoak Garrapiñatuak
Txus Gurutzeta Zilarrezko bitxiak
Alazne Juaniz Poltsak
Enrike Gastaka Barbara Euskal pastela
Ollaondoa Arrautzak / Gazta
Artillezko hodeiak Apainketa elementuak, plantilak…
Arrate Lizarraldea Zubizarreta Saskiak
Cristina Baos Ania Bitxiak
Joseba Gurrutxaga Leatxe Kilikiak
Ortuberri Fruitu eta baso planta
Rosa Garralda Estanpazioak
Fernando Zubiria Piperrak
Tomas Mauleon Zurezko gauzak
Sojo natura Xaboiak-ukenduak
Zapatari Oinetakoak
Elvira Barcelo Bitxiak
Txalaparta argitaletxea Liburuak
Pedro Mari Olea Armendariz Zurezko gauzak
Gure Esku Dago  
Edorta Burua Ugarteburu Egur ikurrak
Gaizka Saez de Bikuña Zurezko koilarak
Jerusalem Asurmendi Gorraiz Miniaturak
Luhei art. Jantziak
Marta San Migel Euskal panpinak
Pastas Vidaurre Pastak
Paul Erdozia Azkorra Bitxiak
Sara Redondo Artillezko lepokoak

Pintxo txapelketa 
Txistorra osagai nagusi duen pintxoen txapelketak ere ez du hutsik eginen aurten Arbizun. Lehiaketara bederatzi proposamen sakandar aurkeztuko dira. Mendinueta aurreko urteetan lehiaketaren bueltan lanean ibili da eta horregatik badaki “izugarrizko nibela” dagoela. Pintxo txapelketako 11 edizioetan epaimahaian hutsik egin ez duten bi epaile daude: Javier Diaz, Iruñeko Alhambra jatetxekoa, eta Fernando Flores, Iruñeko Enekorri jatetxekoa. Haiekin batera epaimahaia osatuko dute Anabel Arraizak, aktore eta kazetari lakuntzarrak, Itziar Inzak, Reyno Gourmet markako komunikazio arduradunak, eta Nerea Caballek, Arbizuko Izar-Ondo jatetxeko arduradunak. Haien dastaketa eta balorazioaren ondoren jakinen da pintxo onenaren txapela eta 300 euroko saria zeinek eskuratzen duen. 

Literatur lehiaketa 
Joan den urtetik Txistor Egunak bere literatura sariketa ere badu: Letrak ahora. Arbizuko Udalak gastronomiari buruzko narrazio laburrak eta poesiak sortzeko gonbidapena egiten du. “Literatura eta jan-edanak, sukaldaritza, elikadura eta antzeko gaiak” dituzten sortze lanak saritu nahi dituzte. Mustutze urtean baino lan gutxiago aurkeztu dira aurten lehiaketara: sei. Hala ere, udaletik azaldu digutenez, “halako ekimenei denbora eman behar zaie egonkortzeko eta oihartzuna izateko”. Literatur sariketak badu erakargarririk: 100 euroko sariaz aparte, lanak argitaratu egiten ditu udalak.  Testuak aurten Maite Gurrutxagaren irudiz lagunduta egonen dira. 

Trikitixa jaialdia
Xapiru trikitixa eskolak sustatuta, Txistor Egunarekin batera Nafarroako Trikitilarien Bilkura egiten da. 11:00etatik aurrera eskusoinu eta pandero doinuak Arbizun barna zabalduko dituzte. Baina doinu berak baliatuko dira Txistor Eguna despeditzeko. Izan ere, 17:00etan, IV. Nafarroako Trikitixa Eskolen Jaialdia ospatuko da Arbizuko plazan. “Ea jendea animatzen den goizaz aparte, arratsaldean gelditzea ere”, esan digu zinegotziak. Plazako eszena-tokitik Nafarroako trikitixa eskola gehienak pasako dira: Lekunberri (Leitza, Larraun eta Ultzamako ikasleak biltzen dituena),, Goizueta, Lizarra, Tutera, Barañain, Berriozar, Iruñeko Alde Zaharra, Txantrea, Altsasu eta Arbizu. Mendinuetak Patxi Agirrek jaialdiaren antolakuntzan egindako lana eskertu du. 


Argazki zaharrak
Udalak badu bilduma bat eta haietako batzuk aukeratu ditu Txistor Egunean erakusketa prestatzeko. Txuri-beltzeko Arbizu hura gaurkoarekin alderatzeko aukera polita izanen da. Ongi begiratuz gero, baita beste makina bat kontuz konturatzeko ere. Oihan Eder dorrearen ondoan egonen da erakusketa. 

 
28 boluntario
Mendinuetak ez dago ziur, baina auzolanean ariko diren arbizuar kopuru horri esker aterako da Txistor Eguna aurrera. Zinegotziak aitortu digunez, “herriko boluntarioek lan asko egiten dute”. Antolakuntza lanetan Arbizuko Udalaren aldamenean izan dira Cederna-Garalur, Sakanako Garapen Agentzia eta Aldabide elkartea. 

Egitaraua 
10:00etan Diana Arbizuko fanfarrearekin. 
10:30ean Azokaren irekiera. 
11:00etan Nafarroako trikitilarien bilkura. 
11:00etan XI. Pintxo lehiaketaren hasiera. 
12:00etan Arbizuko abesbatza, plazan. 
13:30ean XI. Pintxo lehiaketaren eta II. Letrak ahora literatur lehiaketaren sari banaketak. 
15:00etan Azokaren itxiera. 
17:00etan IV. Nafarroako trikitixa eskolen jaialdia. 

Goizean: 
Ardoa eta pintxoak, plazan. 
Azoka, kale Nagusian. 
Txerriaren produktuen erakusketa: tripotak, txistorrak, txantxiorrak, ukenduak… 
Juananeko gaztandegikoek azokako euren postuan gazta eginen dute. 
Argazki zaharren erakusketa. 

Erlazionatuak