Txistorraren inguruko ekonomia

Guaixe 2019ko urr. 12a, 12:56

Txistorra eta tripotak nola egiten diren erakutsiko dute bihar.

Hestekia ekoizten duten hiru enpresa eta harategi bat daude. Gainera, euskal txerria hazten duen ekimen bat ere bada.

Arbizuko ekonomiaren sektore-garrantzitsu bat txistorraren eta txerrikiaren inguruan aritzen da. Hiru enpresek ekoizten dute txistorra. Gaur egun Embutidos Arbizu dena 1948an herrian ateak zabaldu zituen harategi baten bilakaera da. Flores Hestekiak ere Arbizun XX. mende erdialdean ireki zuten harategi batean du jatorria. Azkenik, Laket Artesanos enpresak ere familiako harategian du sorburua, 1915ean Altsasun sortutako batena hain zuzen ere.   

Hiru lantegietan 21 langile ari dira lanean. Urtero 700.000 kilo txistor egiten dituzte gutxi gorabehera. Baina txerrikia, piperrautsa, gatza, baratxuriak eta estalkia diren txistorrez aparte hiru enpresa horiek produktu gehiago ekoizten dituzte. Florestarrek txorizoak (lehorrak eta freskoak) ere egiten dituzte. Arbizu enpresatik, berriz, txistorra ekologikoa, txorizoa, hirugiharra, pateak eta txorizo egosia ateratzen dira. Laketekoek txistorra eta prestatutako hainbat jaki ekoizten dituzte. 

Arbizun egindako txistorrak merkatu zabala dute: Euskal Herria, Suedia, Norvegia, Ingalaterra, Belgika, Danimarka, Holanda, Frantzia, Espainia, Hungaria, Filipinak, Vietnam, Laos, Txile, Hong Kong, Dubai, Dominikar Errepublika… Ekoizpenaren zati handi bat Euskal Herrian gelditzen da, nahiz eta atzerriak tokia duen.  

Bestetik, sektoreari ekarpena egiten dio ere Razkin harategiak, dendatik txistorrak eta beste salduz. Eta esparrua lehengaiaren ekoizpenera zabaldu da azken urteetan. Izan ere, Aitor Mendozak eta Oihane Rodriguez euskal txerriak hazten hasi direlako. 

Erlazionatuak

Txistorrarekin hitzordua

Guaixe 2019 urr 11 Arbizu