Sakanan nazioarteko informazioan aditu bat badago, Mikel Reparaz Extramiana kazetari arbizuarra da. Sarritan ikusteko eta entzuteko aukera izan da munduko txoko ezberdinetatik bertan gertatzen denaren berri ematen. Gainetik begiratua eginez, Eusko Legebiltzarreko korrespontsala izan zen; 2001 eta 2004 artean EITBko Europar Batasuneko korrespontsala izan zen, eta Ekialde Hurbileko eta Pakistango berri eman zuen tarte batean, eta Balkanetako gerrako kontuak zabaldu zituen. Radio Euskadi albistegietako zuzendari lanetan ere aritu zen, eta 2013tik 2018ra EITBko AEBetako korrespontsala izan zen New Yorken. Egun, Euskal Herrira itzuli eta Algortan bizi da, eta ETBko nazioarteko arduraduna da. Nor bera baino hobe fenomeno globala bilakatu den koronabirusaz aritzeko?
Nazioarteari buruzko zure esperientzia zabal horren begietatik, nola ikusten duzu COVID-19 birusaren fenomeno global hau?
Horrelako pandemiak historian gertatu dira. Egon zen gripe espainiarra, beste batzuk, IHESA ere, esaterako, baina inoiz ez da halakorik ikusi, birus batek mundu osoa geldiarazi duela, hemen, Zelanda Berrian eta Afrikan. Nik esanen nuke egun mundua nola dagoen antolatuta, horren neurriko gaitz bat dela COVID-19; alegia, globalizazioaren ondorio ilunenetako bat. Azkenean gaitz hau badirudi Txinan hasi zela eta oso-oso denbora gutxian ikaragarria izan da nola zabaldu den. Oraintxe bertan gaitz hori munduko bazter guztietan dago eta mundua geldiarazi egin du. Askotan esaten da globalizazioak komunikazioa ahalbideratzen duela, teknologia horiek ahalbideratzen dutela lehen mirari bat zirudiena, jendea nola dagoen elkarrekin harremanetan, ekonomia nola zabaltzen den, komertzioa mundu osora nola ahalbideratzen duen... baina hau beste aldea da, globalizazioaren alde iluna; globalizazioak birusaren fenomenoa erabat anplifikatu du. Eta horrek zer pentsa ematen du, norantz goazen eta mundua zein puntutaraino dagoen interkomunikatuta zentzu guztietan, onerako eta txarrerako.
Fenomeno globala da, baina herrialdeek birusari nola aurre egin modu ezberdinetan erabakitzen ari dira. Txinan erabateko konfinamendua egin zuten, Italian eta Espainiar estatuan erdibideko konfinamendua, Erresuma Batuan hasieran ez zuten konfinamenduaren alde egin eta ekonomia mantentzen saiatu ziren, baina gero aldaketak egin zituzten, AEBetan hasieran ez zituzten neurriak hartu eta orain neurriak hartu dituzte…
Egia da hasiera batean oso modelo edo teoria ezberdinak egon direla hartu beharreko neurrien inguruan. Erresuma Batuko presidente Boris Johnsonek hasieran esan zuen hoberena zela lehenbailehen ahal den jende gehien kutsatu zedila, horrela ekonomiari kalterik ez egiteko; AEBetako presidente Trumpek ere oso antzeko teoria zuen hasiera batean, baina azkenean seguraski konturatu dira horrek zer nolako kostu soziala izango zuen haien herrialdeetan, eta horrek politikoki nola eragingo zien; pentsatu dut kalkulu asko egingo zituztela, baina azkenean gauza da egoerak munduko gobernu ia guztiek oso antzeko neurriak hartzera behartu dituela. Esaterako, Boris Johnsonek 180 graduko bira eman zuen bere planteamenduetan. Trumpek ere erabat aldatu du bere diskurtsoa: lehen esaten zuen Aste Santuan irekiko zuela ekonomia, baina orain esaten du maiatzerako edo agian ekainerako ez dela aktibitatea berriz ere hasiko. Honek behartu ditu denak antzeko neurriak hartzera. Zergatik? Oso berandu ibili direlako gobernu guztiak. Badira bi salbuespen, badira gehiago ere, baina bat batez ere Hego Korea izan da.
Hego Koreako kasua berezia da.
Hego Korea garaiz ibili da. Han test asko egin dituzte, mundu guztiari probak egin dizkiote, hasiera hasieratik jakiteko nor zegoen kutsatuta. Gainera, kontrol ikaragarria duen gizartea da eta jarraipena egin diote kutsatutako jendeari, sare sozialen bidez eta interneten bidez zabaldu dute nor zegoen kutsatuta, inguruan zein jende daukan eta horrela lortu dute Hego Korean geldiaraztea birusaren zabalkundea. Alemanian ere garaiz ibili dira, antzeko neurriak hartu dituzte, baina nik esanen nuke beste faktore batek eragina izan duela: Alemaniako osasun sistema oso-oso sendoa dela. 100.000 biztanleko 29 ohe dituzte zaintza berezietan, UCI-etan, eta Euskal Herrian ez da 10-era iristen. Beraz, birusaren arazoaren aurrean osasun sistemaren prestaketa askoz hobe izan da, zaintza berezien sistemak oso oso ongi prestatuak zeudelako. Horrek ahalbideratu du Alemanian, test asko egitearekin batera, birusaren eragina gelditzea. Eta beste muturreko salbuespen bat dago, Suedia. Suedian ez dute konfinamendurik agindu, ziurrenik Suedian distantzia soziala beraiekin datorren gauza bat delako. Ez da gauza bera Eskandinavian horrelako neurriak utzi, hau da jendea atera dadila eta arduraz joka dezala, edo hori Euskal Herrian egitea.
AEBetan ez dago Osasun Publikorik, eta egoera horretan birusari aurre egitea konplikatuagoa izango da, ez? Aspalditik AEBetan Osasun Sistema Publikoa eskatzen duen mugimendua lanean ari da, baina orain areagotu da eskaera hori?
Bai. Debate hori mahai gainean dago. 2016ko hauteskundeetan Bernie Sandersek horrekin egin zuen kanpaina, alegia, Europan dugun antzeko modeloetako bat behar duela AEBak, han osasun sistema publiko bat behar duela, osasuna eskubide bat dela eta ez pribilegio bat; sistema pribatuan azkenean ordaindu dezakeenak baino ez du aseguru medikua eta atentzio medikua. Pobrezian daudenendako badaudela Medicaid edo antzeko programak, baina badago klase ertain bat, asegururik ordaindu ez dezakeena, eta gainera sistema publikorik ez egotean inongo osasun koberturarik ez duena.
Oso garestiak dira mediku-aseguruak AEBetan?
Oso-oso garestiak dira zuk ordaindu behar badituzu. Baina gertatzen dena da lanpostu askotan zuk kontratuarekin batera sinatzen duzula zure kobertura medikua. Hau da, aseguru bat izango duzu zuretzako eta kasu batzuetan familia osoarendako. Baina egoera larritu da, jende asko langabezian dagoelako –azken astean 6 milioi eta erdi estatubatuar joan dira langabeziara– eta horiek guztiek, denek, mediku-asegurua galdu dute. Zuk zure kabuz aseguru pribatu bat ordaintzea oso garestia da, familia batendako izan daiteke 1.000-1.200 dolarretatik gora hilean. Hori oso familia gutxik ordaindu dezakete. AEBetan munduko ospitale onenak daude, baina ordain dezaketenendako dira. Debate hori badago AEBetan, Osasun Publikoa denondako izan behar dela, baina badira oraindik hori babesten ez dutenak; askok esaten dute AEBetan meritokrazia dela gauzarik inportanteena, hau da ordain dezakeenak eta lortzen duenak duela asegurua. AEBetan zu medikura zoaz eta lehendabiziko gauza eskatzen dizutena zure kreditu txartela da. Baina AEBetako Gobernuak esan du COVID-19 sintomak dituztenek dohainik izango dutela atentzio medikua, Gobernuak ordainduko duela hori. Horrek beste hausnarketa batera garamatza: kapitalismoaren edo sistema kapitalistaren ahuldadeetako bat hori dela, azkenean sistema kapitalista noizean behin historian sozialismoak salbatu behar izan duela. Gertatu izan delako.
Hori entzun izan da, ez? Zeinen handia den kapitalismoa noizean behin sozialismoak salbatu behar duenean...
Hori da oraintxe bertan Bernie Sandersen kanpainak zabaltzen duen mezua. Egia da, eta hor daude zenbait adibide, krisi finantziarioa dela, edo orain krisi sanitarioarekin gertatzen dena, azkenean Gobernuak hartu behar izaten dituela neurriak nolabait ere sistema pribatua salbatzeko, kasu honetan ere beraien printzipio guztien kontra. Trump horretan ari da, eta esan du koronabirusa dutenek osasun publikoa izango dutela.
Mundu ia osoa konfinatua dago, edo neurri oso berezi eta zorrotzekin. Emandako datuen arabera, koronabirusak astelehenean munduko 1,3 milioi biztanle gaixotu zituen. Potentziek egoera honi aurre egiten diotenaren arabera ordena ekonomiko eta politiko berria sor daiteke epe motzean. Krisi potoloa dator, Nazioarteko Diru Funtsak ere azaldu du mundua atzeraldian dagoela. Tronuen Joko honetan, zein herrialde ikusten duzu hobeki posizionatua?
Oraintxe bertan ekaitzaren erdian gaude eta ez dakigu nor aterako den garaile, zaila da halako aurreikuspenak egitea. Logikak agintzen duena da oraintxe bertan posizio erosoena Txinak duela. Txina nolabait ere ari zaio hegemonia hori borrokatzen AEBei munduan. Hau guztia Txinan hasi zen, Txinan kontrolatu ahal izan dute, heriotza askorekin baina birusa geldiarazi ahal izan dute eta orain beraiek dira egoera horren aurrean neurriak har ditzaketenak eta beste herrialdeei lezioak eman ahal dietenak. Txina ari da maskarillak bidaltzen, Europako eta Amerikako eta beste hainbat lekutako gobernuei laguntzen ari zaie... Txinak bere posizioa sendotu du munduan. Orain, horrek ez du esan nahi egun batetik bestera, birus hau dela eta AEBetako hegemonia amaituko denik. AEBak munduko lehen potentzia dira militarki eta ekonomikoki ere. Baina argi dago honek munduan orekak aldatuko dituela. Gauza da orain borrokaren erdian gaudela eta ez dakigula gu geu ere bizirik aterako garen. Hau guztia baretzen denean ikusi beharko da nola gelditzen diren posizio horiek guztiak ez, zuk esan duzun Tronuen Joko hori.
Europar Batasunean ez dago posizio sendorik, desadostasuna handia da. Espainiar Estatuak eta Italiak laguntza eskatu dute, eurobonoak martxan jartzea, baina Alemaniak eta Herbehereak kontra azaldu dira. Iparra-Hegoa dikotomia hori beti Europako Batasunean. Justu Erresuma Batua Europar Batasunetik atera denean, honek guztiak ez al du Europar Batasunaren hondamena ekarriko?
Nahiko negargarria da oraintxe bertan Europar Batasunaren jarrera krisi honen aurrean. 2015. urtetik aurrera migrazio krisia gertatu zenean ere ikusi genuen Europar Batasunean elkartasunak ez duela funtzionatzen, ez dela printzipio bat izan beharko lukeen bezala, eta orain hori konfirmatzen ari gara berriz ere. Europar Batasuna beti egon da zatitua, baina orain inoiz baino gehiago esanen nuke nik, herrialde aberats eta pobreen artean, Iparraren eta Hegoaren artean. Hegoaldeko herrialdeek eskatzen dute eurobonoak ateratzea, egon dadila elkartasun bat Europar Batasunarena erakunde gisa gobernu guztiekin, eta Alemaniak, Herbehereak eta beste batzuk diote ez dela halakorik gertatuko. Eta baita Europako Komisioak ere. Ursula Von Den Leyen, Europar Komisioko presidentea alemaniarra da eta argi lerrotu da Alemaniako posizioarekin. Argi ikusten da, Europar Batasunak ez du funtzionatzen erakunde baten modura, eta, jakina, Europatik kanpora ez du irudi sendorik ematen. Krisi handi baten erdian dago aspaldi Europar Batasuna, baina halako egoera batean, gauzak kolokan daudenean eta presio handia dagoenean gabezia horiek gehiago ikusten dira, nabariagoak dira. Europar Batasuna argi uzten ari da elkartasunik ez dagoela eta bakoitza bere burua salbatzen ari da. Eta hori beste gobernu batzuek aprobetxatzen dute propaganda egiteko. Hor ikusi dugu Errusiako Armada Erroman laguntza banatzen, Txinak aprobetxatu du bere presentzia erakusteko, Txinako agintariak Erroman egon dira Italian gauzak nola egin behar diren esanez... joko asko ari dira mahai gainean jartzen, eta potentzia bakoitzak bere kartak jokatzen ditu, bereziki Europak erakutsi duen ahuldade ikaragarri horren aurrean.
Europar Batasunak Hegoaldea ez badu laguntzen, Hegoaldea guztiz itota geratuko da datorren krisiaren aurrean...
Europar Batasunak nolabait epeak luzatu ditu, esan du “ikusiko dugu zein neurri hartzen ditugun”. Hasiera batean esan zuten bi aste behar zituztela horretarako, eta, jakina, krisi eta larrialdi egoera baten erdian, ezin duzu esan ikusiko dugu; neurriak hartu behar dira. Eta hori da Europak egin ez duena. Ikusiko da. Azkenean litekeena da eurobonoak edo koronabonoak ez ateratzea, baina ziurrenik bestelako neurriak joango dira hartzen pixkanaka. Dena den, oso espektakulu patetikoa eman du Europar Batasunak gai honen aurrean, beste hainbat gairen aurrean egin duen bezala, eta zuk zeniona, azkenean hau dator testuinguru politiko oso zehatz baten ondoren, Erresuma Batuak Europar Batasuna utzi eta gero. Europar Batasuna osatzen duten estatuen artean arrakalak gero eta handiagoak dira eta proiektuak ere ez dira berdinak, Ekialdera begiratzen badugu batez ere. Hor daude Polonia, Txekia, Hungaria, oraintxe bertan Europar Batasuneko Justizia epaitegiek salatu eta kondenatu dituzten herrialdeak, errefuxiatuen kuotaren inguruan. Zatiketa ikaragarria dago Europar Batasunean, ez bakarrik Iparraldearen eta Hegoaldearen artean, hori historikoki Europar Batasunean horrela izan delako, baita ere Ekialdearen eta Mendebaldearen artean. Bakoitzak bere proiektu oso-oso ezberdinak ditu, eta kasu batzuetan talka egiten dute elkarren artean. Oraintxe bertan ez dago batasunik; Europa bai, kontinente gisa, baina europar batasunik oraintxe bertan ez da existitzen.