Koronabirusa Sakanan

“Egoerak nire liburuaren argitalpena atzeratu du”

Maider Betelu Ganboa 2020ko api. 13a, 11:48

Mikel Reparaz arbizuarrak etxetik egiten du lan egunotan.

ETBko nazioarteko arduradun den Mikel Reparazen lehenengo liburua, 'Las grietas de America', maiatzaren 12an zen salgai jartzekoa liburudenda eta saltokietan. Baina koronabirusak hau ere atzeratu egin du. 

Arbizuarra telelanaz, osasun-krisi hau nola ari den bizitzen eta idatzi duen liburuaz aritu da.

 

ETBko nazioarteko arduraduna zarenez, ETBko berriemaile eta korrespontsal guztiak koordinatu beharko dituzu, Frantziako berriemailea den eta lehengusina duzun Nerea Reparaz arbizuarra, besteak beste. Etxetik ari zara, telelanean. Aitortu, telelanean askoz ere gehiago lan egiten da…

(Kar, kar...) Dudarik gabe. Orain korrespontsal gisa egin ditudan urteak sarri etortzen zaizkit burura. Korrespontsalei oso gutxi aitortzen zaie hori, baina egia da, 24 orduz aritzen zarela lanean. AEBetan dauden ordu aldaketekin are gehiago, eta gainera irratia eta telebista, hainbat gauza egiten dituzunean.... Orain hori ikusten ari naiz hemen bertan. Etxean zaudenean ez duzu ordutegirik eta inportantea da gauza horiek markatzea, baina egia da kazetaritza bezalako esparru batean ez dagoela mugarik; beti gertatzen dira gauzak, ez dago inoiz atsedenik, gainera munduari begira zaudenean, nazioarteko gauzak egiten dituzunean, beti sortzen dira albisteak, suak hemen, han... oso zaila da. Eta telelana egin duenak, etxetik lan egin duenak, badaki hori. Badaki azkenean muga falta horrek lana biderkatu egiten duela eta askoz ere lan gehiago egiten dela ordutegi zehatz batekin baino.

 

Bi seme dituzue. Nola moldatzen zarete?

Txikienak 9 ditu eta zaharrenak 13 egin ditu. Orokorrean ongi daramagu, baina egia da momentuak daudela. Umeek duten energia hori erre egin behar dute, eta etxetik atera gabe hori kudeatzea zaila da. Sarritan esaten dut: banoa Arbizura, airea hartzera… baina ezin da. Haurrek klaseak online izatearena nik uste dut badela ere proba handi bat, eta segur aski gauzak aldatuko ditu hezkuntzan ere. Kontuan hartu behar da belaunaldi berri horrek oso barneratuak dituela teknologia berriak, eta hizkuntza hori dominatzen duela, bideokonferentziak, Googleleko Classroom aplikazioa... Ziurrenik hemendik ere gauza positiboak aterako dira.

 

Hortaz ez zaude Guraso Agobiatuen Klubean, Mikel? Akaso semeak koxkortuta daudelako?

(Kar, kar…) Bai, ez da gauza bera. Nire arrebak ume txikiak ditu, 5 eta 2 urtekoak. Hor konturatzen naiz beste kontu bat dela, berak nola daraman... Txikiak direnean zuk kudeatu behar duzu dena, baita euren aisialdia ere. Oso gainean ibili behar duzu. Adin batetik gora badituzte euren interesak, irakurtzen ez bada musika jotzen, edo bideo-jokoekin... eta komunikatuta daude bere lagunekin, baita AEBetako lagunekin, etengabe ari dira hizketan... beste gauza bat da, oso ezberdina.

 

Osasunez ongi zaudete?

Familian egokitu zaigu birusarekin hildako bat. Kasuak bai, asko, gehienetan zorionez arazorik gabe, baina geroz eta gehiago, bai hemen eta bai New Yorken dauden lagunen artean. Munduan 1,3 gaixo daudela esan dute, baina gustatuko litzaidake benetan jakitea zenbat kasu dauden... gaixotasuna oso zabaldua dago.

 

Azken orduko aldaketarik ezean maiatzaren 12an zure lehen liburua salgai jarriko da, “Las grietas de America”.

Bada, azken orduko aldaketa dago. Planetak argitaratuko du liburua, eta koronabirusa dela eta bere produkzio osoa gelditu du Planetak, izan ere oraintxe bertan argitaletxeek ez dute distribuziorik, liburu-dendak eta halakoak itxita daudelako. Pentsatzen dut uda inguruan edo kaleratuko dela liburua, zain gaude.

 

Las grietas de America” du izena. Osaba Samen herrialdeko zirrikituetan sartu zara?

Liburuaren ardatza batez ere AEBetan oso barneraturik dagoen arrazakeria da. AEBk nolabait ere nola dauden eraikiak eta nola arrazak, oraindik ere, baduen ikaragarrizko garrantzia. Badirudi Obama lehen presidente beltza boterera iritsi zenean gauza horiek amaitu zirela, baina ez da hala izan. Liburuan kontatzen dut, lekukotasun askorekin eta historia pertsonal askorekin, nola dagoen hori guztia antolatua, AEBetako politikan zein garrantzitsua den beldurraren eta arrazakeriaren erabilpena, boteretik nola erabiltzen diren. Eta hori guztia ikuspegi historiko batetik, nire korrespontsal urteetatik, Obama eta Trumpen Amerika artean. Ardatza bere garaian gertatutako bi heriotza dira. Batetik, 2015ean Baltimoren Freddie Gray izeneko mutil beltz bat hil zuen poliziak, eta horrek izugarrizko matxinada eragin zuen. Nik oso gertutik jarraitu nuen. Bestetik, 2017an Charlottesvillen talde neonaziak eta arrazistak kalera atera ziren momentu hori, Trump gobernura iritsi ondoren. James Alex Fields neonaziak atentatu bat egin zuen autoarekin, eta Heather Heyer hil zuen, Bi heriotza horien artean kokatzen da nire historia.

 

Bi Amerikak.

Bai, AEBetako gizartea erabat zatitua dago. Ez da bakarrik Trumpen Amerikaren errua, nik esanen nuke Obamaren gobernuarekin zatiketa areagotu egin zela, arrakala horiek sakondu egin zirela, eta horrek ondorio asko ekarri ditu, besteak beste Trump bera, AEBetan eskuin muturreko gobernu bat egotea lehen presidente beltzaren ondoren. Testuinguru horren inguruan dago liburua.

 

Munduan barrena ibili zara, baina ematen dit zu zu gehien markatu zaituen herrialdea AEBak direla. Noizbait hara itzuliko zara?

Duela hilabete eskas han egon ginen, bisitan, lagun asko ditugu han. Nire semeek haurtzaroaren parte handi bat han egin zuten eta hori ere saiatzen gara mantentzen. Baina gehien markatu nauena... Azken urteetan bai, zalantzarik gabe, nire bizia han egin dudalako, baina ez dakit esanen nukeen hori dela nire ibilbide pertsonal guztian gehien markatu nauena. Irailaren 11 ondotik egokitu zitzaidan Afganistango gerraren hasiera kontatzea, Ekialde Hurbilean Kaukasoan Georgiako gerra jarraitu nuen 2008an eta horrek ere asko markatu ninduen, Libiako Iraultza... gauza asko dira...

 

Atzera egiten hasi eta guztiak marka uzten du, ezta?

Bai, nazioarteko kazetaritza egiten dugunok, azkenean, gauza horiek guztiak motxilan daramatzagu.

 

Itzuliko zinateke AEBetara bizitzera?

Betirako uste dut ezetz. Orain beste proiektu batzuekin ari naiz, baina tarte baterako itzuliko nintzateke, zergatik ez? Hemendik ikusita AEBak iruditzen zaizkigu... ez dakit...

 

Idealizatuta ditugu.

Bai, batzuek idealizatuta dituzte eta beste batzuek demonizatuta. Eta han dagoen zatiketa hori hona etortzen da, azkenean gu kulturalki AEBetako inperio kultural horren parte garelako, nahi eta nahi ez izan. Influentzia handia datorkigu handik, eta hori bakoitzak bere modura bizi du. Baina egia da AEBak oso interesgarriak direla, ikuspegi humano eta sozial batetik. Bertatik etorri zaizkigu hainbat gauza on eta txar, baina onak ere bai. Eta hainbat konkista ere. Esaterako, burura etortzen zait LGTB mugimendua, New Yorken hasi zen, Stonwalling izeneko tabernan. Maiatzaren lehena Chicagon gertatutako langile matxinada batetik dator... Kontuan hartu behar da AEBak etorkinek egindako herrialde bat dela. Eta New York kulturalki da Alexandria berria munduan. Ikaragarria da New York, hiri bezala eta kulturalki. Bere gauza onak eta txarrak ditu, baina oso interesgarria da.