Erkuden San Martin

"Tritoienakoek aurrera egin zuten, eta hori eskertzekoa da"

Maider Betelu Ganboa 2020ko ira. 7a, 10:42

Aurreko igandean Arbizuko kanpinean jokatutako Tritoiena mendi lasterketan emakumezkoetan laugarrena izan zen Erkuden San Martin

Nafarroako Banakako Txapelketan hirugarrena izan zen etxarriarra. Lasterketa batean aritu izana nahikoa sari izan dela dio etxarriarrak.

COVID-19 birusaren ondorengo lehendabiziko mendi lasterketa izan zen igandean Arbizuko kanpinean jokatu zena, Tritoiena. Lasterketa batean aritu izanagatik bederen, pozik egongo zineten korrikalariak, ez?
Ba bai, oso pozik lasterketa batean aritu izanagatik. Martxoan jokatu zen azkeneko mendi lasterketa eta ondoren zeuden guztiak bertan behera geratu ziren. Tritoienakoek aurrera egin zuten eta eskertzekoa da, zeren ez da erraza egoera honetan horrelako lasterketa bat antolatzera ausartzea. Beraz, Arbizuko kanpinekoei eta Dantzaleku Sakana klubekoei eskerrak eman behar zaizkie. 

COVID-19 birusarengatik lasterketan eskatutako segurtasun neurriak non nabaritu ziren?
Irteerarako, lurrean marra batzuk marraztu zituzten korrikalarien arteko segurtasun distantzia mantentzeko. Horrela, denak batera atera ginen, baina bereiztuta. Irteteko prest geundenean, maskara jantzita, tenperatura neurtu ziguten. Musukoa jantzita atera ginen eta 200 metro korrika egin ondoren maskara kendu eta gorde behar izan genuen; gainean eraman behar genuen. Bestalde, ibilbidean ez zegoen hornidura gunerik. Norberak eraman behar zuen edatekoa eta jatekoa. Nire kasuan, eguraldi kaxkarra zegoenez, ur gutxi edan nuen. Beste aldaketa bat lasterketa bukaerakoa izan zen. Hori da, akaso, niretzat, lasterketen momenturik politena:  proba bukatuta, gainontzeko korrikalariekin bildu, hitz egin, lasterketa aipatu, ezagunak agurtu... baina igandean ez zen giro hori egon. Mahai batean auzatea jarri zuten, baina bertatik jatekoa hartu eta aldentzen ginen, distantzia kontuengatik. Neurriak mantentze aldera, ohiko girotxo hori galdu egin zen. Eta sari ematean ere ez zen podiumik egon. Mikrofonoz sarituak zein ziren aipatu eta banaka joan behar zen saria jasotzera; eskuak desinfektatuta, norberak jaso behar zuen txapela, trofeoa edo dena delakoa. Arraro samarra izan zen, baina ongi. Garrantzitsuena proba batean aritzeko aukera izan zen.

Gustura ibili zinen?
Bai. Egin zuen eguraldia ez zait gustatzen korrika egiteko, nahiago dut eguraldi eguzkitsua eta argia izatea, benetan eguraldi kaxkarra egin baitzuen. Hala ere, esan dezaket gozatu nuela. Laino artean, euripean, haizeak jotzen... miseria guztiak pasa genituen baina benetan oso gustura ibili nintzen. 

Lainopean Beriain ikusten zenuten?
Oso itxia zegoen, eta bat-batean... hara, baselizara iritsi naiz! Eguraldia kaxkarra zen, baina, hala ere, jendea zegoen bidean eta eskertzekoa da. Ibilbidea oso ongi markatuta zegoen eta bidegurutzeetan, galtzeko arriskua duzun bidegurutze horietan jendea zegoen. Benetan eskertzekoa, hor goian egoteko ez baitzegoen giro. Antolakuntza ona, primeran. 

Aurretik egina zenuen Tritoiena?
Ez, lehenengo aldia izan da; aurreko urteetan ezin izan naiz aritu. Eta asko gustatu zitzaidan. Udan inguruan ibili naiz, eta gutxi gorabehera ibilbidea egina neukan, ez osoa, baina nahikotxo; errepikatzeko moduko proba da, oso polita. Nik uste korrikalariak pozik geratu zirela. Hasiera batean eskatutako neurriengatik 200 korrikalariren muga jarri zuten, eta nik pentsatzen nuen egoera honetan jendea animatuko zela; korrikalariak gogoz egongo zirela. Azkenean 124 korrikalarik eman genuen izena, eta 107 atera ginen, horietatik 8 emakume.

Tritoiena Nafarroako Banakako Txapelketa izan zen, aldi berean. Emakumezkoen sailkapenean laugarrena sailkatu zinen, baina irabazlea gipuzkoarra zenez, zu hirugarren nafarra izan zinen eta saria jaso zenuen. Zorionak!
Eskerrik asko! Oso pozik nago. Lasterketa jokatu bitartean ez nuen pentsatzen ez denboran ez ezertan. Nire helburua zen eguraldi horrekin eta baldintza horiekin disfrutatzea, proba bukatzea. Egia esan, ez nekien oso ongi non nengoen, nor nituen aurretik, erreferentziak... eta egindakoarekin oso pozik nago, egia esan. 

Nola zaude sasoiz urte berezi honetan? Zure betiko mailan, okerrago, hobeto…
Egia esan, nahiko ongi sentitu nintzen. Udan oporrak ditut eta ateratzeko aprobetxatzen dut; entrenatzen ibili naiz. Esango nuke ohiko sasoia dudala. Ongi sentitu nintzen, distantzia ongi, desnibela ere… ongi. 

Beste korrikalariren batekin hitz egiteko aukera izan zenuen? Zein zen korrikalarien sentsazioa? 
Jendea gogoz zegoen, baina urduritasun puntu batekin ere. Izan ere, aspalditik lasterketa batean aritu gabe, eta egungo neurri hauekin, badakizu, urduritasun puntu hori sumatzen zen. Bukaeran hitz egin nuen gutxiek aipatzen zuten pozik zeudela lasterketa egin izanagatik. Pozik ikusi nuen jendea, kontentu.

Irailaren 20an jokatzekoa zen Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala bertan behera gelditu da, eta urriaren 4an Etxarriko Mendira Joan Etorria jokatzekoa da. Eginen da lasterketa?
Nik dakidala, aste honetan hartu behar zuten erabakia; ea zer gertatzen den. Ez da erraza. Nafarroako Mendi Federaziotik protokolo bat zehaztu dute lasterketetarako, eta irakurtzen duzunean pentsatzen duzu: ai, ama, hau guztia egin beharra dago? Egiten bada, aterako gara, baina ez dakit zer gertatuko den. 

Hortaz, ez duzu esaterik zein izanen den hurrengo erronka.
Ateratzen dena egiten saiatuko gara. Etxarriko ferietakoa egiten bada, egingo dut. Behobia-Donostia ere erori da, logikoa denez... Unean unekoa, ikusiko dugu. Lasterketak ez badaude ere, korrika egitera aterako gara; hori da gustatzen zaiguna, ateratzea eta ibiltzea. Entrenatzearekin konformatu beharko dugu. 

Erlazionatuak

Tritoiena, lasterketetara buelta

Maider Betelu Ganboa 2020 ira 04 Arbizu