Imanol Rayo

"Begiradak dira filmaren ardatz nagusia"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko ira. 16a, 13:41
Javier Agirre Erauso argazki zuzendaria, Yon Gonzalez antzezlea eta Imanol Rayo zuzendaria. DAVID HERRANZ

Imanol Rayo zinemagile arbizuarra Zinemaldiko Zuzendari berriak sailean izendatu dute. 'Hil kanpaiak' bigarren filma mustuko du Donostiako jaialdian. 

Lehenengo euskal thrillerra dela diote. Imanol Rayo zine zuzendari arbizuarrak bere bigarren filma aurkeztuko du Donostiako Zinemaldian: Hil kanpaiak. 33 kanpai nobelan oinarritutako filma da, eta pelikularen abiapuntua baserri baten ondoan agertzen diren hezur batzuk dira. Hortik aurrera, familia baten iraganeko zauriak azaleratzen joango dira. 

Zinemaldiko Zuzendari berriak sailean izendatuta zaude. Ez da zure lehenengo aldia Zinemaldian, baina zer suposatzen du zure bigarren lanarekin jaialdiko sail honetan egoteak?
Zinema zine aretoan ikusi behar dela uste dut. Gaur inoiz baino gehiago aldarrikatu beharreko gauza da. Zinemaldia aproposa da horretarako. Horretaz gain, aurtengo edizioa oso berezia da, pandemia dela bitarte. Cannes, adibidez, ez da ospatu. Beraz, hango hainbat film Donostian egongo dira lehian.

Zinemaldia bezalako jaialdi batean egoteak ateak irekitzen ditu?
Zentzu batean, bai. Baina bi alde ditu ere. Alde txarra izan daiteke dauden pelikula kopuru handia dela-eta behar litzatekeen baino arreta gutxiagoarekin dastatzen direla. Arriskutsua da kontsumo kontzeptua tartean gehiegi sartzen denean.

Hil kanpaiak’ filma Miren Gorrotxategiren ‘33 ezkil’ nobelan oinarrituta dago. Nola sortu zen film hau egiteko aukera? Nolakoa izan da prozesua?
Joxe Portela ekoizlearekin eta Joanes Urkixo gidoilariarekin batera. Urkixok nobela irakurtzeko eskatu zigun, eta hainbat elementu interesgarri zituela pentsatu genuen. Hortik aurrera, hiruren bat urtetan garatu da, gutxi gorabehera.

Zure lehenengo filma ere ‘Bi anai’ nobelaren adaptazioa izan zen. Desberdintasunik nabaritu duzu?
Funtsean, Bi anai filma, nobelarekiko forma aldaketa sakona egiteko jaio zen. Nobelan animalien ahotsak ziren nagusi eta hauen ikuspuntua erabat eraldatzea, hau da, modu ia dokumental eta gardenean egitea; ahotsik eta hitzik gabe, oso indartsua iruditu zitzaidan. 33 ezkil-en kasuan, forma izan zen gehien erakarri ninduena. Egitura zatikatua zuen. Zinemara moldatzeko beste transformazio mota bat eskatzen zuen. Nire ustez, zinea eta narratiba edo nobela ez dira lengoaia bera. Zatikatze esentzia hori mantentzea zen gakoa, nobelaren hari narratiboak pelikularen mesedera erabat egokituz. Emaitzak zertzelada lodien itxura dauka, eta, gero, margolan inpresionistaren moduan, perspektibarekin osotasun bat eta zentzua hartzen du. Filmean irudiak garrantzia handia du.

Adaptazio bat egiteak liburuaren eta filmaren arteko etengabeko konparazioa ekar dezake. Horren beldur zara?
Nire kasuan, aurrekoarekin gertatzen zen bezala, nobela abiapuntu bat besterik ez da. Nobelaren beste interpretazio bat.

Thriller bat euskaraz. Erronka izan da?
Esaten ari da euskarazko film batean lantzen den lehen aldia dela. Edozein kasutan ere, genero horren kutsua nobelan bertan zegoen. Tonu soilagoa erabiltzen saiatu gara, esaterako, nobelan egon litekeen elementu komiko solteren bat baztertuz edota pertsonaiaren baten perfila gehiago seriotuz. Banaketa korala duen arren, funtsezko pertsonaia Karmen da, Itziar Ituñok egiten duen papera, pertsonaia tragiko eta elegiakoa. Filma genero beltzarekin hasten bada ere, beti du gainean genero guztietan nagusia: tragedia.

Goi mailako aktore ospetsuek parte hartu dute ‘Hil kanpaia’k filmean. Nola izan da haiekin lan egitea?
Oso banaketa heterogeneoa dauka: Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Yon Gonzalez, Asier Hernandez, Josean Bengoetxea, Iñigo Aranburu, Dorleta Urretabizkaia, Kandido Uranga, Itsaso Arana, Andres Gertrudix… Eta horrela izateko interesa handia nuen nik ere pelikulak oso tonu zehatza eta soila duelako. Denak unibertso horretara deituak behar zutelako izan: lan egiteko moduan, hitz egiteko moduan… Filma den unibertso formal horren biztanle dira pertsonaiak.

Zeri eman diozu garrantzia?
Begiradak dira filmaren ardatz nagusia. Erakusten dutenagatik baino gehiago, estaltzen dutenagatik. Bestalde, denboraren aztarnak oso garrantzitsuak dira, filma hiru garaitan banatuta dagoelako: 1970, 1989 eta 2004. Planoen errepikapena denboraren aztarnak marrazteko baliabide bezala erabiltzen da. Eta argiaren hizkuntza propioa ere nabarmena da, filma bera definitzen duen aldarte bat delako. Itzalek dute pisua, besteak beste.

Sakana nolabait pelikulan agertzen da?
Sakanan ez dugu filmatu pelikulak eszenografikoki izaera zehatz bat eskatzen zuelako, baina Arbizukoa izatea, euskalkia dela eta filmeko familia arteko pertsonaiek (Eneko, Itziar, Iñigo eta Asier) Arbizuko euskararen eragin handia dute dikzioan eta belarriz lan egin dute tonu egokira iristeko.

Urte arraroa izaten ari da. Koronabirusaren aferak filmean eragina izan du?
Pandemia orokortu zenean, pelikula ia amaituta zegoen; soinu nahasketekin geunden. Beste batzuentzat okerrago izan da: hasita zeuden filmaketa asko eten behar izan dituzte, hastera zeuden beste hainbat atzeratu...

Behin filma Zinemaldian aurkeztuta, zein espektatiba dituzu?
Data zehazteko dagoen arren, seguruenik urriaren amaieran edo azaroan mustuko da zinema aretoetan. Bien bitartean, nazioarteko jaialdietan bere ibilbideari ekingo dio.

ZINEMA
Zer ematen dizu zineak? Zergatik zuzendaria izan?
Zinea ez da jada XX. mendean izan zen arte popularra, beraz, ez dago ogibideari buruz hitz egiterik. Gaur egun dagoen ikus entzunezko ikuspegi plurala dela eta, espezializazio modu bati buruz hitz egin dezakegu. Eta horren barruan munduaren eta norberaren ikuspegi modu bati buruz. Beraz, zuzendari baino gehiago zinegile kontzeptuari buruz ariko ginateke. Zentzu horretan, erabat bokazionala da, baita egitasmo erreflexiboa ere. Jaime Gil de Biedma idazleak esaten zuen Espainian toreroa hil arte zela toreroa, hondarrera ateratzen ez bazen ere. Horrek ongi definitzen du sortzailearen kontzeptua.

Bigarren filma aurkeztuko duzu, eta biak euskaraz. Hasi zinenean honaino iristea espero zenuen?
Ez daukat etorkizuneko batere ikuspegirik. Beti orainaldian lan egiten dut, beraz, denbora igaro ahala gauzatzen joan diren ekintzak direla esan dezaket.

Nola ikusten duzu zinemaren egoera?
Ohizko galdera da, baina ona. Noiz egon da zinema ongi? Sekulan. Krisian jaiotako arte modua izan zen XIX. mende amaieran eta XX. mendean izan duen bilakaera, lehendabizi mutuan, ondoren, soinuarekin, gero telebistarekin eta abarrekin, ezegonkortasunean oinarrituta egon da. Beraz, nork daki zer ekarriko digun etorkizunak?

Badaukazu proiekturik?
Momentuz ezin dezaket gehiegirik esan, baina heldu den urterako proiektu batekin nabil.

Erlazionatuak