Alokairu sozialeko bost etxebizitza izanen dira

Guaixe 2020ko urr. 7a, 10:50

Arbizuko kale nagusia.

Erdi eraikita dagoen blokearen jabe den enpresak, Nasuvinsa enpresa publikoak eta Arbizuko Udalak akordioa itxi dute. Bestalde, koronabirusak eragindako pandemiak udalaren aurrekontuak eta haren onarpen data guztiz baldintzatu dute.

Arbizuko Udalaren aurtengo aurrekontua 1.133,318 eurokoa da. Francisco Javier Razkin Flores alkateak esan duenez, “COVIDaren kontu honek bete-betean harrapatu gintuen eta, horregatik, aurrekontuak egiten nahiko berandu ibili gara”. Razkinek gogorarazi nahi izan du, udalak pandemiagatik kiroldegia eta haur eskola itxi behar izan zituela. Bietako 20 bat langileendako Aldi Baterako Enplegu-erregulazioko Espedienteak (ABEE) egin zituzten. “ABEE bidez % 70 pagatzen da eta udalean erabaki genuen gainontzeko % 30 pagatzea”. Horrek aurrekontuak ikutzea ekarri zuen. 

Inbertsioei dagokionez, Arbizuko alkateak jakinarazi du herriko borda bat konpondu dutela. Horrekin haurrendako jolas parkeak eraberritu dituzte. Gainera, kiroldegian hoditeria berria jartzearekin batera kloroaren lurrunketagatik herdoilduta zeuden metalezko zutabe batzuk konpondu dituzte. Arbizuko Udalaren asmoa zen argiteria publikoan LED argiak jartzea, energia kontsumoa murrizteko eta, aldi berean, pagatu beharreko faktura txikitzeko. “Dirulaguntza eskatu genuen baina ez digute eman. Geroz, hori nola egin berrikusi beharko dugu”. Izan ere, COVID-19aren eraginari aurre egiteko ekonomia suspertzeko neurriak hartzeko Arbizuko Udalak Nafarroako Gobernuarengandik 65.000 euro jasoko ditu. Laguntza hori, besteak beste, energia-eraginkortasunarekin zerikusia duten lanetarako bideratu daiteke eta horren bidez egin edo ez aztertuko dute udalean. 

Razkinek jakinarazi duenez, baso aprobetxamendu batzuk saldu nahi izan zituzten baina eman gabe eta, ondorioz, udala diru-sarrerarik gabe gelditu zen. “COVID-aren kontuarekin, badirudi merkatua ere gelditu egin dela”. Bestalde, basoan bide batzuk konpondu eta beste zerbait egiteko asmoa zuten, baina udalak lote horiek saldu ez dituenez, lan horiek bertan behera gelditu dira. 

Etxebizitza
Razkinek azaldu duenez, “duela bizpahiru urte hainbat gazte kezkaturik herriko etxera etorri ziren. Arbizun bizi nahi zuten, gurasoen etxetik atera nahi zuten. Baina alokatzeko etxerik ez zegoela, eta salgai zeudenak oso garesti”.  Etxebizitzaren gaia udalean lantzen hasi ziren. Horrek eraman zituen Nasuvinsa enpresa publikoko arduradunekin biltzera. “Arbizuk zerbitzuak dituen herria izanik, jendeak bertan bizitzeko etxerik ez eta alokatzeko zaila zegoela azaldu genien. Eta zer aukera egon zitezkeen galdetu genien”. 

Gainera, herrian 60 etxetik gora hutsik zeudela ikusten zuten udaleko kideek. “Hori jakinik, Nasuvinsari lurra eskaini eta etxeak eraikitzea ez zitzaigun bidezkoa iruditzen. Hutsik dauden etxeei etekin bat ateratzea da kontua. Beste hainbat eraikin erdi eginik dituzte, baina saltzeko momentu egokia ez denez, lanak geldirik daude”. Alkateak bloke batean egin gabeko bost etxebizitzaren berri eman du. “Enpresa, Nasuvinsa eta udala harremanetan jarri ginen. Eta akordioa itxi genuen”. Ondorioz, enpresak lanak despedituko ditu eta Nasuvinsaren alokairu poltsan jarriko ditu. “Gutxienez alokairu tasatuko bost pisu berri egonen dira. Oker ez banago, metroa bost eurotan kobratzen da”. Gizarte alokairuko etxebizitzetan interesa duten pertsonen errolda du Nasuvinsak. “Norberak eman behar du izena. Haiek duten baremoaren arabera ematen dute etxebizitza”. 

Alkateak deia egin du: “jendeak etxebizitzak hutsik baldin baditu eta ez badaki zer egin, zuzenean alokatzea beldurra ematen badio, Nasuvinsarekin harremanetan jarri. Enpresa publikoa arduratuko litzateke denaz, baita maizterrak kalterik sortuko balu ere, haiek konpontzeaz arduratuko lirateke denaz. Nasuvinsa egiten da kargu”. 

Bestalde, Razkinek jakinarazi duenez, udalak izan zitzakeen lursailen inguruko lauzpabost informazio eskaera izan ditu. Azkenik, udalak erabaki du urbanizatutako bederatzi lursail enkante bidez saltzea. Enkanterako proposamenak aurkezteko epea lastailaren 12an despedituko da.  

Olatzea 
Pandemiak Olatzea hotelari ere eragin dio. “Martxoaren 19an dena ixteko agindua eman zuten eta aurrera ezin eraman horretan, alokatuta zutenek utzi egin behar izan zuten”. Razkinek gogorarazi duenez, “hotela dirulaguntzarekin egin zenez, horrek ere bere araudia du. Eta horietako bat da hotela ezin dela itxirik egon”. Horregatik, Arbizuko Udalak, atzera ere, hotelaren kudeaketa enkantera atera du, esanez bezala, guk gure betebeharrak betetzen ditugu. “Baina hutsik gelditu da”. 

Gainera, eraikinak beste egiteko bat izanen du etorkizunean. Europako dirulaguntza baten bidez Iparralde, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Sakanako eragileek zahartze aktiborako egitasmo bat lantzen ari dira. Horren barruan dago sartuta Olatzea hotela, egoitza bihurtuko lukeena. “Lanak urte bete barru hasiko dira, edo urte eta erdi baino lehenago behintzat bai. Eta baldintza horiekin hotel gisa alokatzea ere, ez dira baldintzarik onenak”. 

Zahartze aktiboari buruzko egitasmo hori kontuan izanik, adinekoek ariketak egiteko tresnak izanen dituen parke bat jartzeko asmoa du udalak. Hotelaren ondoko belardian jarriko lukete. 

Kale nagusia 
Lanak despedituta badaude ere, udalaren eta lanak egin zituen enpresaren arteko harremanak segitzen du. “Ez dira batere onak” aitortu du alkateak. “Aurrekontua portzentaje izugarri batean handitu dute”. Lanek 650.000 euro inguruko aurrekontua bazuen enpresak udalari milioi bat eurotik gora eskatzen dio. “BEZa eta guzti sartuz gero, 400.000 euro baino gehiago eskatzen ditu. Administrazioarekiko auzi epaitegian bukatuko duen kontu bat da”. 

Eskola zaharra 
Aurreko ikasturtean Arbizuk eskola berria mustu zuen eta gaur egun eskola zaharra hutsik dago. Alkateak azaldu duenez, “eraikina txukuntzeko” dago. Razkinek jakinarazi duenez, “30 bat pertsona bildu da arte martzialak egiteko asmoarekin. Eta ez dute inongo lekurik. Beraiek txukundu dute dena. Tatamiak eta jarri dituzte. Ikasturte honetan, behintzat, beraiek erabiliko dute”.  

Udalaren asmoa da eraikin horren inguruan parte-hartze prozesua egitea. “Aurten bertan egitea pentsatzen genuen. Baina COVIDaren kontu horrekin ez genituen segurtasun baldintzak ikusten eta heldu den urterako atzeratuko dugu. Enpresa bat ere kontratatu dugu, udalak parte zuzena ez izateko. Hortik ateratzen denarekin aurrera eginen dugu”. Alkateak jakinarazi duenez, eraikin horri erabilera emateko arbizuarren artean hainbat proposamen sortu dira, esaterako: ikastola hor jartzea, kultur etxea egitea, aniztasunari lotutako zerbait egitea… 

Herritarrek erabakitzeko araudia
Alkateak jakinarazi duenez, pandemiaren aurretik hainbat batzar egin ziren araudi hori osatzeko. “Edozein herritarrek herrian edozer aldatu nahi baldin badu, araudiak nola egin zehazten du. Zenbat pertsonaren babesa behar duen. Horrekin, herrian aurkezten du. Batzar bat egiten da, eta proposamenak aurrera ateratzen dira, edo ez”. Araudi onartuta dago eta, beraz, horren bidez arbizuarrek sortzen zaizkien  proposamenak bideratzeko modua dute orain. 

Txistor eguna 
Pandemia ez hedatzeko segurtasun neurriengatik, txistor eguna bertan behera gelditu da. Hurrengo asteburuan izan beharko luke. Ez da txistor egunik egonen, baina bai azoka. Lastailaren 11n izanen da. Azoka antolatuz, Arbizuko Udalak tokiko produktuak saltzen duten ekoizleei babesa azaldu nahi izan die.