Pandemiak azken aatearik gabe utzi ditu arbizuarrak

Guaixe 2020ko urr. 12a, 14:30
Arbizuko plazan izaten dira aateak.

Gaur, 20:00ak aldera, plazan egitekoa zen, baina koronabirusean positibo kasuek gora egin dutenez, udalak makina bat neurri murriztaile hartu ditu osasun egoera bermatu ahal izateko.

Arbizuko festez aparte, aateak lau egun seinalatutan elkartzen ditu arbizuarrak: maiatzaren 15ean, San Isidro; irailaren 8an, Ama Birjinaren eguna; irailaren 29an, San Migel eta, azkenik, lastailaren 12an, Pilarekoa. Gaurko hori ez da izanen, osasun egoera ikusita, Arbizuko Udalak bertan behera uztea erabaki baitu. Atzo egitekoa zen azoka ere arrazoi beragatik gelditu da bertan behera. 

Izan ere, Arbizuko Udalak atzo zabaldutako oharrean jakinarazi zuen herrian 29 positibo baieztatuta daudela, “larunbatetik igandera bikoiztu egin da positibo kopurua. Gaur, bihar eta hurrengo egunetan PCR gehiago eginen dira eta zenbaki horrek gora eginen duela aurreikusten dugu. Bi establezimendu itxita daude pandemia dela eta”.

Hori kontuan izanik eta Nafarroako Gobernuak udalei hark hartutako erabakiak moldatu eta zorrozteko eskumenari heldu dio Arbizuko Udalak eta “herritarron osasuna beste edozeren aurretik jarrita” hainbat erabaki hartu ditu, hilaren 26ra arte indarrean izanen direnak. “15 egun hauetan egoerari buelta emateko neurriak izan nahi dute hauek, zeren eta 15 egunetan kutsatzea eteten ez badugu neurri zorrotzagoak hartu beharko ditugu”.

Neurriak
Batetik, itxita egonen dira kiroldegia, eskola zaharra, jubilatuen taberna eta liburutegia. Jubiloteka bertan behera gelditu da.

Bestetik, tabernetan %30eko aforoa zorrotz bete beharko da eta bezero zein tabernako langile guztiek musukoa jantzita eduki beharko du. Musukoarekin sartu eta eskatuko da kontsumizioa, ezinen da tente ibili tabernan, ez bada kontsumizioa mahaira eramateko, komunera joan edo sartu eta ateratzeko eta momentu guzti horietan musukoa jantzita izan beharko du 12 urtetik gorako edonork. Gainera, tabernek eta jatetxeek 22:00etan itxi beharko dituzte ateak, eta bezerorik ezinen da gelditu barruan. 

Azkenik, udalak gaztigatu du kalean ere musukoarekin ibiliko dela jende guztia. Sintomarik izanez gero 112ra hots egin haren bidez Iruñeko Refenara PCR proba egitera joateko txanda emanen dutela jakinarazi du udalak. “Emaitza jakin bitartean etxean geratu beste inor kutsatze arriskuan jarri gabe.
Bi aste hauetako ahalegin kolektibo zein pertsonalak kutsatze katea eten eta osasuna berreskuratzera eramanen gaituela espero dugu. Denok batera arraun eginda, hobe”.

Aurreko aatea, azkena
San Migel egunekoa izan zen urteko azken aatea. Hura ere itxuraldatua. Zilarrezko tazetatik ezin da ardorik edan eta jatekoa ere ezin du edozeinek nahi bezala eta nahi beste hartu. Osasun neurriak bete ahal izateko itxuraldatutako aate horietan plastikozko edo kristalezko edalontziak erabiltzen ari dira, bakoitzak berea. Eta pintxoak aurrez egindakoak dira, bakoitzak banan banan hartzeko.