Drama indartsu bat

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2020ko aza. 3a, 14:07
Saioa Royo eta Ion Martinez 'Birritan Bortxatua' antzezlanaren une batean. ALDATZEN LAGUNTZEN

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun zerbitzuaren Azaroaren 25eko egitarauaren barruan, 'Birritan bortxatua' antzezlana izan behar zen Arbizun, baina azkenean bertan behera gelditu zen. Bortxaketa batean emakumeek sufritzen duten istorioa islatzen du obrak.

2002. urtean Ion Martinez bakarrizketak egiten hasi zen. 2008an antzerki tailerretara eta ikastaroak jasotzen hasi zen eta bi urte geroago Aldatzen laguntzen antzerki taldea sortu zuen Oteizari buruzko antzezlana taularatzeko. "Antzerki talde gisa hainbat erronka jorratzea gustatzen zaigu". Otsailean Birritan bortxatua antzezlana mustu zuten, taldearen laugarren lana. Azken hiru antzezlanetan Saioa Royorekin lan egin du Martinezek. "Horrekin ari gara orain, ahal den heinean emanaldiak egiten". Larunbatean Sakanako Mankomunitateak Azaroak 25 Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunaren harira antolatutako egitarauaren lehenengo ekimena da antzezlanaren emanaldia izan behar zen Arbizun, baina azkenean bertan behera utzi behar izan zuten. 

Antzerki taldea, beraz, gizarte gaiak jorratzeko sortu zuten. "Azken antzezlana ere Ametsen zirkoa salgai gizarteari, euskarari eta euskalkiei buruz zen, umore absurdoan". Hurrengo lanean estiloaz aldatzea erabaki zuten: "Gu antzerkilari gisa handitzeko eta drama jorratu nahi genuelako". 2016. urtean hasi ziren gaiari bueltak ematen. Urte horretan Manadaren auzia deitutako talde bortxaketa izan zen eta Donostian emakume bat joko sexualak egiten ari zela telefonoarekin grabatu eta bideoak Whatsapp bidez zabaldu zituzten, oihartzun handia izan zuen kasuak ere. "Hortik abiatu ginen eta ideia lantzen hasi ginen". Birritan bortxatua sortu zuten, "jendeari erakusteko emakumeak biktima bikoitzak direla: Bortxatua denean eta ostean, epaiketan eta prozedura horretan guztian".

Beharra
"Nire kasuan aktore gisa derrigorrezkoa ikusten dut horrelako gaiak antzerkiaren bidez lantzea". Antzerkia arte adierazkor bat dela azaldu du Martinezek, "oso zuzenekoa", eta jendeak aktoreak erabiltzen dituen energia, sentimendu eta testua jasotzen dituela esan du: "Horrelako drama indartsu bat eginda ikusten dugu jendeak oso zuzenean jasotzen dituela mezuak eta sentimenduak". Antzerkiak magia hori du.

Birritan bortxatua antzezlana sortzeko Iruñean izandako taldeko bortxaketa eta Donostiako kasu ez ezik, "emakumeek bortxaketara iritsi aurretik sufritzen duten beldurra eta esperientzia txar" guztietan oinarritu dira. "Ikusi genuen horrelako asko iritsi zitzaizkigula, mezu asko jaso genituen, eta antzerkian islatu nahi genituen". Bortxaketara iritsi aurretik emakumeak egoera asko jasaten dituela azaldu du antzerkigileak: "Komatxoen artean, beste maila batean daudenak, baina eraso matxistak eta sexistak dira". Antzezlana sortzeko, beraz, informazio gehiena Internetetik lortu dutela azaldu du Martinezek, "Manadaren epaiketa osoa eskuragai dago". Bestetik, emakume taldeetan ere oinarritu dira lana osatzeko.

Entseguetan "deseroso" sentitzen zirela esan du Martinezek, "eta hori ikusten genuenean ondo gindoazela pentsatzen genuen". Antzezlana berak idatzi du eta buruan zituen ideiak Royori helarazi zizkion. Taularen gainean entseatzen jarri ziren, eta esperientzia "gogorra" izan zela aitortu du. "Momentu gogorretara iritsi nahi genuelako eta horietara iristeko denbora eta entsegu asko behar dira. Tentsio asko sortzen da". Tentsio hori sortzen zenean bide horretatik jo behar zutela pentsatzen zuten: "Ikusten genuen ikuslegoak hori ere sentituko zuela".

Birritan bortxatua antzezlanaren akzioa erdian gertatzen da, eta publikoa lau aldetan eserita dago. Koronabirusagatik eszena batzuk moldatu behar izan dituzte.