Pilota

Ezkurdiak dio materialarekin pozik daudela eta "sentsazio onak" dituztela

Maider Betelu Ganboa 2020ko abe. 4a, 11:00

Gaurko Binakako finalerdietarako prest daudela nabarmendu du Joseba Ezkurdiak eta Agirreri eta Albisuri irabazteko erritmo altua ezartzea eta jokoaren kontrola hartzea ezinbestekoa izango dela

Asteazkenean ostiraleko Binakako finalerdietarako pilotak aukeratu zituzten Joseba Ezkurdiak, Julen Martijak, Asier Agirrek eta Jon Ander Albisuk, eta saskian topatutako materialarekin ez zuten inolako kexarik izan. “Pilota azkarrak aukeratu ditugu, txispa dutenak. Eurek aukeratutakoen artean badago mantsoagoa den pilotaren bat, baina ez dugu inolako kexarik” azaldu du Joseba Ezkurdiak. 

Urte gorabeheratsua izan dela baina Binakako finalerdietara ongi iritsi direla aipatu du aurrelari arbizuarrak. “Sentsazio onak ditugu. Buruz Burukoa bukatu nuenetik bi entrenamendu eta aurreko ostiraleko partida egin ditugu; fisikoki ongi gaude eta eskuak ere ongi ditugu. Urte arraroa izan da hau, gertakari asko bizi izan ditugu, Buruz Buruko kolpea ere  latza izan zen psikologikoki, baina ongi gaude”. Eta argi du ere ostiralean nola jokatu beharko lukete, Binakako Txapelketan hasieran aritu ziren bezala, hain zuzen ere. “Agirreri eta Albisuri irabazteko erritmo altua ezarri eta jokoaren kontrola hartu, horiek dira gakoak” nabarmendu du Ezkurdiak. 

Binakakoa bukatuta, asteburu honetan hasiko den Lau eta Erdiko Txapelketan murgilduko da Joseba Ezkurdia bete betean. Txapelketa azkarra izango da, abenduaren 27an jokatuko baita finala, eta taldeburuetako bat denez, abenduaren 11-13 arteko asteburuan sartuko da lehian arbizuarra, final laurdenetan.