Inork gutxik pentsatuko luke 2020ko Binakako Pilota Txapelketa horren gorabeheratsua izango zenik. Martxoan finalerdietan murgilduta zegoen txapelketa COVID19ak guztia gelditu zuenean. Urrian Binakakoari berrekin zitzaion, baina epaileak galdutzat eman zien finalerdia Agirreri eta Albisuri Baikoko pilotariek greba egin eta partidara agertu ez zirelako, eta orduan COVID gaitza jota zegoen Martija eta Ezkurdia finalerako sailkatu zituen. Baina EAEko Auzitegi Nagusiak finala bertan behera uztea ebatzi zuen, pilotariek eta EPELek pilotaren inguruko akordio sektoriala lortu zuten, Baikokoen greba bertan behera geratu zen, eta EPELeko Borja Oses epaileak Ezkurdia-Martijaren eta Agirre-Albisuren arteko finalerdia jokatu behar zela erabaki zuen. Kapitulu askoko foiletoia izan da Binakakoa, eta datozen egunetan erabakiko da.
Binakako finalerdia jokatuko duzue gaur Bilbon Ezkurdiak eta biek Agirreren eta Albisuren kontra (22:00etan, ETB1). Gertatu den guztiarekin txapelketa honetan kontzentratzea zaila izango da.
Finalerdi bat baino lehenagoko egunak bereziak izaten dira, baina egoera ez da ohikoa, urte honetan gauza asko gertatu dira. Arraroa izan da guztia. Orain publikorik gabe gaude jokatzen, arraroa, baina gaurko partida oso garrantzitsua da. Mentalizatuta gaude, entrenatu dugu, ongi gaude eta ea finalerdia zer moduz ateratzen zaigun.
Justua iruditzen zaizu Agirrek eta Albisuk finalerdia jokatzeko aukera izatea?
Bai. Greba tarteko, beraiek ez zuten gure kontrako finalerdia jokatu eta partida 22 eta 0 galdutzat ematea nire ustez ez zegoen ongi. Hortaz, laurok finalerdia jokatzea justuena iruditzen zait.
“Agirrek eta Albisuk finalerdia jokatzeko aukera izatea justua iruditzen zait”
Aurreko ostiralean ongi ikusi zintugun Bergarako partidan. COVID-a gainditu eta gero beheraldirik nabaritu duzu?
Asintomatikoa izan nintzen, baina etxean geldirik egon nintzen, eta hori beti nabaritzen dut. Bueltatu nintzenean erritmoa hartzea kosta zitzaidan. Nekatuago nengoen. Oraindik hobetzeko gauzak ditut, baina kantxan geroz eta hobe sentitzen ari naiz.
COVID-ak jota zeundenean zure defendatzaile sutsuenetakoa izan zen Joseba. Bai hala bai, finalerdia edo finala zuk jokatu behar zenuela eta ez zuela besterik buruan, hori errepikatzen zuen.
Josebak egun horietan nirekin izan zuen jarrera eskertzekoa da. Egunero zegoen ni animatzen, eta berak nirekin jokatu nahi zuen, hori argi zuen. Bestalde, Altunaren kontra Buruz Burukoa galdu zuenean kolpe latza hartu zuen Josebak, baina orain ongi dago, eta biok oso argi dugu ostiralean irabazi nahi dugula, finalera sailkatzeko. Kontzentratuta gaude eta oso gogotsu.
“COVID pasa ondoren erritmoa hartzea kosta egin zait, baina kantxan geroz eta hobe sentitzen ari naiz”
Asteburuan galdu egin zuten Agirrek eta Albisuk, baina bikote indartsua osatzen dute.
Albisuk, ez badu asko huts egiten, pilotari asko ematen diola badakigu, eta Agirre aspaldian ongi jokatzen ari da. Bikote gogorra da, zaila izango da haiek irabaztea, baina Binakakoan guk erakutsi dugu bikote gisa elkar ongi ulertzen dugula. Hasieratik partidan sartuta eta kontzentratuta egotea funtsezkoa izanen da.
Gaur irabazten duen bikoteak lau egun barru final handia jokatuko du. Tarte labur horrek kalte egiten dizue ala ez?
Egia da denbora gutxi dagoela finalerdietatik finalera. Edozer arazo izanez gero, eskua minduta edo dena delakoa, tarte gutxi dago errekuperatzeko eta ez da egoera oso egokia. Baina txapelketa asko daude jokoan, ez dago tarterik eta jokatu beharra dago.
Finalerdian zentratuta zaude ala final hitzari ere buelta batzuk eman dizkiozu?
Beti pentsatzen duzu finalean: ilusioa duzu hor egoteko, finalera heltzeko, finala jokatzeko, irabazteko.... Baina orain gaurko finalerdietan dugu burua. Publikorik gabe jokatuko dugu, niri ez zait asko gustatzen, baina honetara ohitu beharra dugu, ez dago besterik.
“Partida zaila dugu aurretik, baina kontzentratuta gaude eta oso gogotsu”
Biko irabazleak Olaizola eta Urrutikoetxea izanen ditu zain asteartean Bilbon. Nola ikusten dituzu?
Aimar momentu onean dago; aurrean harrapatzen dituen pilota guztiak bukatzen ditu eta Urrutikoetxeak defentsa ikaragarria dauka. Oso ondo ikusten ditut, baina gu finalera iritsiz gero, gurea egiten eta txapela lortzen saiatuko gara.
Finalera iritsi eta finala irabaziko bazenute, zure lehendabiziko txapela litzateke. Hala ere, ezingo zenuke ospakizun handirik egin…Ospakizunik ez egitea arraroa izango litzateke, baina egoera hori bizi nahiko nuke (kar, kar).
Zorterik onena opa dizuegu!
Eskerrik asko!