Leziza errekaren egoerarekin kezkatuta daude aspaldi arbizuarrak. Kezka horren inguruko batzarra hartu zuen udaletxeak larunbatean. Arbizuko udal ordezkariek enpresakoekin bilera izan zuten joan den astean eta haren berri eman zuten. Udaletik jakinarazi zutenez, “enpresak hobekuntzak egiteko borondatea azaldu du”. Beraz, Nafarroako Gobernuak lanean segitzeko lantegian egin beharreko hobekuntzak eta moldaketak eginen ditu enpresak.
Ingurumen Baimen Integratua lortzeko Agotzaina enpresari Honako lanak egin beharko ditu: emariak modu egokian neurtu ez direnez, kreditatuta dagoen laborategi baten emari neurketaren txostena aurkeztea; enpresaren produkziotik sortzen diren lohiak toki itxian tratatzea, hala usainik ez sortzeko; isuriak kanalizatzea, gaur egun isuriak bideratzeko kanala ez baitago homologatuta eta, azkenik, isurien inguruko azterketa txostena egitea.
Agotzaina enpresaren isurketen ondorioz ubeldea “hilik” dagoela salatu du Leziza Bizirik plataformak. Herritarrak usainengatik ere kexatu dira. Foru administrazioak horiek guztiak egiteko hiru hilabete eman dizkio. Eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentua zuzeneko jarraipena egiten ari zaio, enpresaren ekoizpenak osasun eta ingurunearekiko bermeak bete ditzan. Arbizuko udal ordezkariek espero dute epe motzean arazoa konponbidean egotea.