“Ezin ditugu auzi hau eta besteak inongo erantzunik gabe utzi”

Guaixe 2021ko ots. 9a, 12:10

Auzia salatu eta ruben Gelbentzu Gonzalezi elkartasuna adierazteko manifestazioa.

Ruben Gelbentzu Gonzalezen auzipetzea salatu eta hari elkartasuna adierazteko 600 pertsona elkartuko dira. “Herri gisa erantzutera” deitu zuten, “zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri aske bat eraikitzen”. 

Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAk Leitzan 2002ko irailaren 4an leherkariz egindako atentatu bategatik epaiketa egiteko prozedura abiatu du. Atentatu hartan Juan Carlos Beiro guardia civila hil eta beste lau agente zauritu ziren. Auzitegiaren akusatuen aulkian lau euskal herritar eseriko dira, tartean Ruben Gelbentzu Gonzalez arbizuarra. Hari elkartasuna adierazi eta bere auzipetzea salatzeko, ilbeltzaren 30ean Errepresioari STOP. Elkartasuna Rubenekin manifestazioa egin zen Arbizun eta 600 pertsonatik gora elkartu ziren. 

Deitzaileek azaldu zutenez, “akusazioen larritasuna ikusita, ondorioak oso larriak izan daitezke, hau dela eta, gure elkartasun guztia beharrezkoa izanen da errepresio kasu berri honi aurre egiteko”. Manifestazioko antolatzaileek gaztigatu zutenez, “euskal herritarren kontrako eraso hau ez da kasu isolatu bat eta agerian uzten du Estatuaren izaera zapaltzailea. Askatasun grina duen herria da Euskal Herria eta sistema honen aurka borrokatzen jarraitzen dugun bitartean errepresioarekin erantzuten jarraituko du Estatuak”. 

Mobilizazioaren akaberan “eraso honen erantzuleak seinalatu” zituzten. Alde batetik, “Ismael Moreno, Audientzia Nazionaleko epaile faxista eta polizia ohia. Aurretik ere Jon eta Ruben espetxeratu zituen bera, baina frogarik ez zuenez, libre utzi behar izan zituen”. Bestetik, “Guardia Civila, Rubenen eta Jonen aurreko epaiketan ‘alguien se lo tiene que comer’ adierazi zuena”. Eta, azkenik, “Covite eta AVT bezalako elkarteak. Urteetan diru publikoarekin finantzatutako eragile ultraeskuindar hauek dira orain on eta txarren kontakizuna inposatu nahi digutenak”. 

Erlazionatuak