Lezizara isurketak etetea eskatzen duten 412 sinadura

Guaixe 2021ko mar. 12a, 13:50
Plataformako kideak Irurtzungo foru administrazioaren bulegoaren atean sinadurekin. Utzitakoa.

Plataformak Nafarroako Gobernuari eta enpresari aurkeztu dizkio. Iganderako, 13:00etan, isurketen kontrako manifestazioa deitu du, plazatik abiatuko da. 

Leziza ubeldearen ekologia egoerarekin kezkatuta dauden arbizuarrek sortu zuten Leziza Bizirik plataforma. Erreka bere onera bueltatzea du helburu erakundeak. Eta 16 urte baino gehiago dituzten 412 arbizuarrek bat egin dute haien eskaerekin. Hau da, “Agotzaina enpresak egiten dituen isurketak etetea” eskatu dute, baita “ibaiaren bizitasuna eta herritarren ongizatea berreskuratzeko enpresari dagozkion neurriak hartzeko exijitu” ere. 

Sinadurak Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuari eta enpresari berari ere aurkeztu dizkiote Leziza Bizirik plataformako kideek. Jakinarazi dutenez, “enpresak departamentutik eskatzen diren neurriak betetzeko asmoa erakutsi duen arren, asmoak asmo geldi ez daitezen, plataformak, behin eta berriz enpresari dagokiona eskatzen jarraituko du”. Horregatik, eta igandean Ibaien Nazioarteko Eguna dela baliatuta, plataformak Leziza ibaiaren alde, isurketen kontra leloa duen manifestazioa deitu du. 

Nafarroako Gobernuak enpresari hainbat neurri betetzeko aldaketak eta hobekuntzak egitea eskatu dio. Neurri horiek betetzen diren argitzeko aldian behin jarraipen bilerak egiten dituzte Arbizuko Udalak eta enpresak. Eta hala egiten segituko dute lanak despeditu arte. Otsailaren 23koan udalak baieztatu ahal izan zuen hobekuntza lanak egiten hasiak direla. Enpresatik adierazi zieten bederatzi hilabeteko epea “justu xamar” izanen zela. Bestalde, enpresako arduradunek usainen izaera kimikoa aztertzeko prozesua hasi dute. Hori zehaztu ondoren, herriko hainbat estoldatako usaina aztertuko da izaera berdina duten zehazteko.