AHT gelditu! Elkarlanak 2009an eta Gure Esku Dagok 2017an herri galdeketa bidez arbizuarrei iritzia eskatu ondoren, Arbizuko Udalak bide bera erabiliko du herritarrek plazan estalpe finko bat jartzearen inguruan duten iritzia jasotzeko. Bi galdera erantzun beharko dituzte: frontoi zaharra tapatzeko estalpearen beharra ikusten duzu? Estalpea jartzekotan, zein aukera duzu nahiago?
Estalpearen aldekoek udalak zabaldutako bi proposamenen artean aukeratu beharko dute. A proposamena 285 metro karratuko estalpe lauki luze bat da eta B proposamena, berriz, 306 metro karratuko estalpe lauki bat. Horien berri ematen zuen informazioa etxeetara zabaldu zuen udalak duela bi aste. Aste honetan banatu duena bozketarako irizpideak eta jasotako galderen erantzunak. Horiekin batera, udalak pertsona bakoitzeko bi boto paper banatu ditu etxeetan. Behar baino gutxiago jaso diren etxeetako biztanleek udaletxean hartzeko aukera izanen dute igandean bertan. Herri galdeketan 16 urtetik gorako arbizuarrek iritzia emateko aukera dute, guztira 916k. Udalak arbizuarrak iritzia ematera eta estalpearen inguruan erabakitzera animatu ditu.