Iparraldeko eta Euskadiko erakundeekin batera, Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Sakanako Garapen Agentzia elkarlanean ari dira. Landa eremuan zahartze aktiboa nola egin zehazten ari dira Bertan proiektuaren bidez. Egitasmo zabal horren barruan Arbizuko Olatzea hotela hartu zuen eraikinean cohousing edo komunitate etxebizitza sortzea da asmoa. Hori zer den azaltzeko Sakanako Garapen Agentziako kideek aurkezpena eginen dute.
Edozein sakandar dago aurkezpenera gonbidatuta, baina, bereziki, 55 urtetik gorakoak. Izan ere, eraikin horretan adin horretatik gorakoendako egin nahi dute komunitate bizitokia, espazio pribatuak eta komunak izanen dituenak. Sakanako Garapen Agentziako kideek elkar bizitza aktiborako proiektu horrekin bat eginen luketen pertsonen ekarpenak jaso nahi ditu, besteak beste, eraikinaren barne funtzionamendu, barne arau, zerbitzu, ordutegiak eta bestelakoak zehazteko. Agentziatik aurkezpenera joateko gonbidapena egin dute.