Iparraldeko eta Euskadiko erakundeekin batera eta Sakanako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen hiru mankomunitateak Bertan proiektua garatzen ari dira, adinekoen zahartze aktiboa helburu duena. Egitasmoak Euskadi-Akitania-Nafarroa euroeskualdeko erakundeen lankidetza du. Haren baitan jardunaldia antolatu zuten asteazkenean. Iortia kultur gunean bertatik bertara edo online jarraitzeko aukera izan zen. "Pitzadura digitala gainditzeko" antolatu zuten jardunaldia, "jende larriak galderak egiteko aukera izan zezan".
Martxan diren edo burutu nahi diren elkarlaneko etxebizitza proiektuak ezagutzeko aukera eman zuen jardunaldiak. Horien artean izan ziren: Zeraingo Udala (Gipuzkoa), Bankako Udala (Behe Nafarroa) eta Etxekonak, Etxekide eta Arterra Bizimodu kooperazio proiektuak. "Beraien esperientzia, zein egoeratan dauden eta bidean ikasitako guztiak azaldu dizkigute". Jardunaldia galde-erantzunen txandarekin despeditu zen. Sakanako Garapen Agentzia ere parte hartzen ari da eta agentziako proiektu arduradun Zuhaitz Areitio Rementeriak eskua artean dutenaz azalpenak eman ditu.
Bertan proiektuan biztanleriaren zahartze progresiboaren erronkak eta zerbitzu publikoak eskuratzeko dauden zailtasunak elkarrekin aztertzen ari zarete Euskadi, Iparralde eta Sakana. Horren barruan kokatzen da aipatu jardunaldia. Baina, lehenik, azalduko diguzu zer den Bertan proiektua?
Bertan proiektua behar batzuei erantzuten ahalegintzen da. Hego eta Ipar Euskal Herriko hainbat erakundek parte hartzen dugu proiektuan. Aurretik landa eremuan identifikatuta zeuden behar batzuei erantzuna emateko. Komunean ditugun beharrak dira. Behar komun horiek Europako funtsen bitartez garatzeko aukera genuen proiektu batera aurkeztu genituen. Horrela, lau bazkideren bitartez, lortu genuen proiekturako dirulaguntza jasotzea, zahartze aktiboaren inguruko helburu konkretu batzuk lantzeko.
Zein behar identifikatu zenituzten?
Behar asko, eta proiektu honen bitartez guztiei erantzutea zaila da. Proiektuan ditugun helburuak lau dira. Batetik, landa eremuetan etxebizitzaren inguruan arazo handi bat daukagu. Ez bakarrik adinekoendako, baina haiendako ere. Esaterako, Sakanan ez dugu behar genituzkeen adina erresidentzia plaza. Bestetik, iruditzen zaigu beste eredu oso interesgarri batzuk badaudela; gainera, pandemiak agerian utzi du zahartze aktibo osasuntsuago bat egiteko beharra. Horregatik, eskuartean etxebizitzaren inguruan dugun proiektua da beste herrialde batzuetan dagoeneko frogatuta eta funtzionatzen duena: cohousing eredu bat martxan jartzea (etxebizitza partekatuak, espazio publiko eta pribatuak dituztenak). Helburua litzateke horri asko gerturatzen zaion proiektu bat Arbizuko Olatzea hotela zen eraikinean egitea.
Bestalde, mugikortasuna. Landa eremuetan arazo handi bat da, eta, are gehiago, adineko pertsonen artean. Beste helburu bat komunitate zaintzak hobetzea da. Gero eta herri txikiagoa da, jende gehiago dago bakardadean eta zaintzak hobetu behar ditugu. Eta, azkenik, bakardadearen ondorioa da bakarrik bizi den jende horrek askotan arazoak dituela eta, egunen batean zerbait gertatuz gero, inor ez dela konturatzen. Nolabait, komunitate sistema bat sortu nahi genuke herri txikietako jende bat aktibatzeko zaintza edo alarma egoera hori aktibatzeko. Norbaiti zerbait gertatuko balitzaio, aplikazio bitartez gizarte zerbitzuak martxan jarriko genituzke pertsona hori artatzeko, laguntzeko edo ikusteko zerbait gertatu zaion.
Euskal Herriko landa eremu guztian komunean ditugun helburuak dira horiek eta, elkarrekin, horiei irtenbide bat bilatu nahian gabiltza.
Bazkide guztiak guztia lantzen ari zarete?
Lau bazkide gaude proiektuan: Iparraldeko Mankomunitatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Agintzari kooperatiba, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak (ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateen izenean) eta Sakanako Garapen Agentzia.
Egia da guztiok gabiltzala lau helburuak garatu nahian, baina bazkide bakoitzak erantzukizun handiagoa du batean edo bestean. Sakanan, esaterako, honako hauek dira ditugun helburu nagusiak: kolaborazio etxebizitza Arbizun jartzea eta jende nagusiarendako beste garraio eredu bat garatzea, landa eremuetan beste zerbitzu bat emateko, zerbitzu hobea emateko.
Noiz hasi zineten proiektuarekin?
Proiektua, berez, 2020ko ilbeltzean jarri zen martxan. Baina 2016an Sakanan egin zen diagnosi baten ondorioa da. Behar batzuk agerian gelditu ziren. Hori ikusirik, eta beste erakunde horiekin aurretik ere harremana bagenuenez, guztien artean komuneko proiektua aurkeztea pentsatu genuen. Proiektua martxan joan den urtean jarri zen arren, etxeko lanak aurretik eginak zeuden.
Pandemia tarteko, proiektuaren garapenaren zein puntutan zaudete?
Pandemiak guztiongan eragina izan du. Are gehiago jende larriarengana bideratutako proiektu batean. Joan den urtea oso zaila izan da, proiektu honek eskatzen duelako jende jarriarekin harreman zuzena izatea. Helburua baita beraiekin proiektua gauzatzea. Ez da guk erabakitzea beraiek zer behar duten, baizik eta, beraiei entzutea beraien beharrak zein diren eta proiektua elkarrekin gauzatzea. Oso zaila izan da. Diagnosia egiteko ez da posible izan aurrez aurre elkartzea, guztia telefonoz egin da. Dena den, diagnosi txukun bat egin dugu.
Aurrez aurre elkartzeko zailtasunak ikaragarriak direla badakigu, baina pentsatu genuen jendeari aukera bat eman behar geniola proiektuaren berri aurrez aurre emateko, beraien parte hartzea, fisikoki, gauzatzeko. Badakigu Sakanako mugikortasuna zein den gaur egun. Eta orain ez bada aurrerago ere eginen ditugu ahaleginak jendeak proiektua aurrez aurre ezagutzeko aukerak izan ditzan.
Proiektua, noizko?
Arbizuko Udalarena da eraikina, eta bertan gauzatuko da proiektua (hainbat pauso eman ditu horretarako dagoeneko). Zailtasunak zailtasun, urte interesgarria izan da. Asko ikasi dugu. Eta antzeko proiektu dezente ezagutzeko aukera izan dugu, eta beraiengandik ikaragarri ikasi dugu. Esaterako, proiektuaren hasieran helburu batzuk genituen, eta jabetu gara beste era batera egin behar ditugula. Adibide nagusia da hasieran Olatzeako proiekturako zerbitzu batzuk, helburu jakin batzuk genituen martxan jartzeko, baina proiektuaren gauzarik interesgarriena da bertan biziko diren pertsonen parte hartzea. Helburua ez da erresidentzia bat sortzea, hotel bat sortzea. Helburua da jende larriak espazio bat izan dezala bertan bizitzeko, baina modu aktibo batean. Horrek esan nahi du beraiek ere parte hartu behar dutela proiektuaren diseinuan; zer zerbitzu eman behar diren, espazioak definitu behar dituzte… Hori da urte honetan ikasi duguna beste proiektu batzuei esker. Eta hemendik aurrera horrekin hasi nahi dugu. Interesa daukan jende hori guztia gurekin harremanetan jartzea eta parte hartze prozesu baten bidez, guztion artean, administrazioaren eta pertsona horien artean eraikiko dugu proiektu hau. Beraien hitza kontuan hartuz, jakina, beraiek bertan biziko direlako. Jasangarria izan dadin eta, batez ere, parte hartzailea. Eta han biziko den jendea ahalik eta aktiboen izateko.
Mugikortasunari buruzko hausnarketa bide beretik doa?
Zerbait desberdina da. Diagnosian beharrak eta errealitateak azaldu dira. Eta dagoeneko Europan dauden ereduei buruzko azterketa egina geneukan. Erabaki duguna da proiektu pilotu bat martxan jartzea: jende jarriari eskaeraren araberako mugikortasun zerbitzua eskaintzea. Zertan datza? Sakanan garraio linea batzuk egonen lirateke. Aztertu beharra dugu taxiak edo autobus zerbitzuak izanen diren. Behin hori definituta, sakandarrek garraio zerbitzua behar izanez gero, aukera lukete garraio enpresa edo pertsona abisatu eta jasoko lituzkete zehaztutako leku eta orduetan. Malguagoa izanen den zerbitzu bat izanen da, beharren arabera, ahal den neurrian. Oraindik ez dago martxan, baina aurki jarriko dugu. Lizarraldean halako bat martxan egon zen.
Proiektua noizko bukatu beharko duzue?
Helburu konkretuak betez 2023ko garagartzaroan bukatu behar dugu proiektua. Zailtasunak zailtasun aurrera goaz. Ea hemendik aurrera gai garen guztion artean proiektuari forma ematen eta, batez ere, Sakanak behar dituen zerbitzu horiek lortzeko.