Astekaria

Arbizuko dermioaren sorrera aztergai

Guaixe 2021ko eka. 3a, 14:30

Arbizu, bi industrialdeen artean.

Jose Luis Erdozia Mauleon euskaltzain urgazle eta ikerlariak ‘Arbizuko eremuaren finkatzea’ izenburuko lana argitaratu zuen Principe de Viana aldizkariaren 277 zenbakian. Artikulu horretan Erdoziak azaldu du “Arbizuko eremua edo lurraldea nola finkatzen joan zen”. 

Sakanako herri gehienen modura, Arbizuko "etxe multzoa" noiz sortu zen, "garbi" ez dakite historialariek. "Gutxienez, XII. mendetik Arbizu zegoela badakigu". Aranatzen gaur egun Ergoienako hiru herriak, Arbizu, Lizarragabengoa eta Etxarri Aranatz daude. Baina XII. mendean 19 herri zeudela gaztigatu du Erdoziak, "beno, 21 arte ere".  Illarrazu, (Lakuntza aldera) Maiza, Mundiñano, Ondatz (hirurak Arbizu eta Unanu artean), eta Arozpide.  Horiek ziren Arbizu ondoan zeuden herriak, egun toponimo direnak. "Herri txikiena zena inguru guztian aurrerako gelditu da. 1.360an Mundiñanok 27 auzo (etxe, 108 biztanle) zituen eta Arbizuk, berriz, bost auzo (20 biztanle) bakarrik zeuzkan". 

Arbizu ez despopulatzearen arrazoia kokalekuan bilatu du Erdoziak: "garai batean herriak egiten zituzten babestokia kontuan izanda. Behar zuten ura ondoan izatea. Eta toki bat nondik jende 'arraroa' pasatzen zen ikusten zena. Eta ihes egin behar bazuten, basoa ere gertu. Orduko Aranatzen erdi erdian zeuden bakarrak Arbizu eta Etxarriko dorrea eta eliza ziren". Erregeren bide zaharra ibarraren erditik pasatzen zen, erromatarren garaian Bordele eta Astorga lotzen zituen galtzada. Ikerlariaren iritziz, hari loturiko merkataritza ere herria irauteko arrazoi bat litzateke. 

Gaztelak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa 1.199an konkistatu zituen eta Sakana Nafarroako Erresumako muga bihurtu zen. “Beste erresumako jauntxoek erasoek jotzen zituzten honutz aldera. Nafarroako Erregeak hau guztia babesteko beharra ikusi zuen. Eta herri txiki horiek guztiak bildu arazi zituen hainbat tokitan. Etxarri egin zuen hori 1.312an. Saiatu zen Urdiainekin eta Olatzagutiarekin ere gauza bera egiten. Baita Uharte Arakilen ere”. Azken horretan herriak batu ziren, aurreko bietan ez. "Horrek azaltzen du herri txiki guzti horiek galtzea eta jendea beste norabait joatea". Gaineratu duenez, "Lakuntzari ere agindu zion Etxarrira joateko. Batzuk joan ziren, baina, azkenerako, lortu zuten han bertan gelditzea eta beste herri txiki batzuk ere bertara batzea. Aldaba, esaterako". 

Arbizuko jauntxoa 
Erresumen arteko Sakanako mugak "gaizkileen muga" izena hartuko zuen. "Hasi ziren, batez ere, Lazkaoko jauntxoak erasoak jotzen hemen. Ahal zuten guztia eramaten zuten. Eta jendea hil behar bazuten, hil ere egiten zuten". Etorrera horietarako "hemen nolabaiteko laguntza izan behar zuten. Bestela, ezinezkoa zen". Erdoziak gaztigatu duenez, “jauntxoen erregearenganako leialtasuna ematen zietenaren arora izaten zen. Nafarroako konkistarekin ere hori ikusi zen". 

Antza, Arbizuko jauntxoak Lazkaokoari lagundu egiten zion. "Berak besteak jakinaren gainean jartzen zituen, behi saldo handiak non zeuden eta halakoak. Baina bere semeak eta parte hartzeko prest zeudenak ere parte hartzen zuten. Agirietan Los mal fechores de Arbizu agertzen da. Gaur egun Jakaantxia esaten duten hori, dorrea edo jauregia, badirudi hor egoten zela jauntxo hori". 

Erdoziak azaldu duenez, "agian ehun behi-edo eramaten zituzten. Eta behizeie hil behar bazuten, hil egiten zuten. Eta gero gorde egiten zituzten. Horrelako lanetan agiri horietan oso ezagunak dira Lizarragako eta Bakaikuko apaizak, laguntzen ziotenak Lazkaokoei. Eta apaizen semeak aritzen ziren laguntzen". Bakaikuarrak hostutako gordetzen omen zuen. Francisco Javier Zabalo Zabalegi historialariak mugan egondako erasoen zerrendak eginak dituela azaldu du Erdoziak eta "Sakanan dexente agertzen dira horrelakoak". 

Mugarriztatzea 
Erdoziak azaldu duenez, azken lan hau bere XVI. mendeko auzia Aranazen artikulutik sortu da. "Nahiz eta XII. mende akaberan Arbizu bazegoela bagenekien, baina zer lurralde zuen oraindik ez zegoen finkatuta. Eta etxarriarrek eta ergoendarrek 1.537an arbizuarrak auzitara eraman zituzten". "Bederatzi arbizuarrek arsaldoa harrapatu zuten Utzubardik Arbizu aldera, gaur egun beraiena den lurrean. Faltzesko artzain baten arsaldoa zen hura. Hark Garde abizeneko bat kontratatua zuen. Arbizuarrak joan ziren esanez hura beraien lurraldea zela eta zergatik zegoen han kanpoko arsaldo bat. Ardiak handik botarazi zizkioten, bi ardi hil eta berari kapusaia kendu zioten". 

Garai hartako arbizuarrek lurra beraiena zela esaten zuten eta ergoendarrek eta etxarriarrek ezetz, denena zela. Aranazko Elkartean bi udalerriak gehiengoa ziren eta, horregatik, erabaki zuten artzain harri larreen erabilera ematea eta kobratzea. Auzia jarri zuten Etxarri Aranatzek eta Ergoienak eta lau urte beranduago Iruñeko epaileak erabaki zuen hura egin zutenek "hainbeste ordaindu behar zutela, baina Arbizuren eremua zein zen zehaztu behar zela. Eta garai hartan 26 mugarri jarri zituzten". Mugarriak non jarri erabakitzeko sistema honakoa izan zen: Arbizu erdian baleztaria jarri eta hark alde batera eta bestera 26 balezta tiro egin zituen. Geziak erori ziren tokian jarri ziren mugarriak. “Arbizuarrak esaten zuten tiro bakarra izan zela eta ergoendarrek eta etxarriarrek uste zuten gutxienez hiru izan zirela han. Ez ziren ados jarri mugarriak nola jarri eta Iruñean erabaki zuten Lakuntzako alkateak eta beste batzuk mugarriak jartzea. Objektibo izateko, edo dena dena”. 

Informazio hori beste hiru agirietan jasotakoarekin alderatu du oraingoan Erdoziak, "hortik gaur egun arte Arbizuko eremua nola finkatu den azaltzeko". Lurren jabetzarekin "beti egoten ziren arazoak eta mugarriak begiratu edo ikuskatu egiten zituzten noizean behin". 1699, 1827 eta 1872an mugarrien ikuskatzea egin zuten. Etxarriko, Ergoienako eta Arbizuko ordezkariak joaten ziren ikuskatze horietara mugarriak ongi zeuden edo ez begiratzea. "Askotan gertatzen zen mugarri bat desagertuta zegoela ere. Bakarren batek esanen zuen nik azienda hor sartuko dut eta mugarria kentzen badut zeinek daki nirean dagoen edo bestearenena". Mugarriak nola jarri behar ziren eta zein tokitan "oso zehaztuta" zegoela azaldu du Erdoziak. 

Ikerlariak Arbizuko eremua zein izanen zen jakiteko taula bat antolatu du. "Bi zutabe ditu. Ezkerrekoan XVI. mendeko auzi horren ondorio izan ziren 26 mugarriak daude. Eskuinekoan jarri ditut beste hiru agirietakoak a, b eta c letrekin berezituta. Normalean bat etortzen dira gehienak. Aldaketa txikitxo horiek jaso ditut, konparaketak egiteko". 

XIX. mendeko hirugarren laurdenean Arbizuren dermioa nahikoa zehaztuta zegoen. "Baina gaur egun beste eremu bat du Arbizuk. Eta tartean zer gertatzen da? Arañaz Elkartea 1.878an-edo desagertu egin zela. Lurrak banatu zituzten eta hortik lurrak hartu zituen Arbizuk. Esate baterako, iparraldean, Aralar aldera Arbizuk tokia du".

Arañaz Elkarteko lurrak banatu ondoren, Arbizuk Unanurekin lur trukaketa egin zuen 1888an. Arbizuko Udaleko artxiboan guztiaren berri dago jasoa, plano eta guzti. "Unanuk Arbizuri Putterri inguruan eremua eman zion eta Unanuk hartu zuen Ondatz inguruan. Unanuarrendako gertu izatea askoz  hobeki. Arbizuk Aralar inguruan aziendarendako izatea egoki jo zuten. Ados jarri ziren". Lur trukaketa egiterakoan planoa egin zuten, artikuluan ageri dena. 

Toponimia 
Erdoziak azaldu duenez, arbizuarrek agirietan agertzen diren toponimo gehienak ezagutzen dituzte: Aldabe, Zuiarte, Loinaz, Sarrartea, Ilardia, Zabalarte, Ferdadia, Mainzaziurra (egun Maiza eta Maiza gaina ditugu), Arbizuko errota, Errekabitartea… "Baina oraindik ez dut lortu arbizuar batek esatea gaur egun toponimo hori ezaguna dela". Egizuria leku izenaz ari da. "Jimeno Juriok-eta egin zuten toponimia ofizialean agertzen da. Eta 1984an arbizuar batzuk egin zuten mapan ere agertzen da. Baina gaur egungo arbizuarrek ez dakitela esaten dute, existituko ez balitz bezala". Arbizu eta Utzubar artean dagoen eremua da, bideberriaren kontra hego aldera dagoena. "Gainontzekoak ezagutzen dituzte". Agirietan jasotako Lakuntzasoroak toponimoa gaur egun ez dago. "Baina hor dago Muganea edo mugadenea. Zentzua du, bi herrien arteko muga baita".  

Ikerlariak beste taula batean toponimo horiek 1.537tik gaur egun artera leku izen horiek izandako aldaketak jaso ditu. "Oso gutxi aldatu dira, grafia pixka bat. Kontuan izan behar da datuak hartzen zituztenak erdaldunak zirela askotan eta idazten zuten gaztelanian edo garaiko erromantzearen arauen arora". 

Planoa ere badakar ikerketak, "zer sistema erabili zuten erakusteko. Markatu dut etxeak non zeuden, gaur egungo herrigunea. Bederatzi gezi egin nituen alde batera eta bestera. Eta dokumentuan agertzen diren toponimo garrantzitsuenak agertzen dira. Hasten bagara iparraldetik: Loinaz (Arakil ubelde gaineko zubi ingurua), Sarrarte (eskubirago, Lakuntza aldera), Illardi (Lakuntza aldera), Zabalarte eta Ferdadia (Unanu aldera), Errekabitartea, Aldabea, Egizuri eta, azkenik, Zubiarte (Lizarragabengoa aldera)". 

Eraikinak 
Agiriek informazio asko ematen dutela baliatuta, Erdoziak eraikinen berri ere jaso du, esate baterako: errotak, zubiak, teilategia, San Joan ermita, Arbizuko jaunaren jauregia eta erret-bidea edo Errege bidea. Teilategia ere bazegoen 1.699ko Arbizu hartan. "Teilaria goiena, telleria eta tellerieta ditugu gaur toponimo bezala". San Joan ermita ere agertzen da agirietan. Baita Arbizuko jaunaren jauregia ere, "gaur egungo Jakaantxia esaten diotena". Errepidea edo errege bidearen berri ere jaso zen agiri haietan. “Askotan erregen bide zahar agertzen da; zahar hori betikoa den bidea dela esan nahi du”. 

Itsesiak
Mugarri bat jartzeko garaian erreferentziak jarri behar zituzten eta askotan noren soroa zen edo bestelako datuak erabili zituzten. Itsesiak agertzen dira halako batzuetan. "Lakuntzako lehengo futbol zelaia Itsesalde zen. Eta Rafael Carasatorre Vidaurrek ateratzen dituen dokumentu zaharretan ikusi nuen “el itsesi de Utzubar, reserva voyeral". "Itsesia idi hesia da, gaztelaniazko dehesa. Eta hitz hori, nire ustean, euskarazko hitza da: idihesi, dihesi, dehesa egiteko". 

Egiarretako Itxasperri toki izenaren esanahia ere horri lotu dio Erdoziak, baita Burundako Isasiarekin. "Isesi izan beharko luke. Halakoei hiperzuzenketa esaten zaie. I edo u bokalak silaba batean baditugu, hurrengo silabako a hizkia e bihurtzen dugu normalean hemen: animatu beharrean animetu. Beste kasu batzuetan kontrakoa egiten da eta zuzendu: idehesi, itxesi, itsasi". 

Esan bezala, itsesiak edo aziendaren bazka tokiak edo haiek ez sartzeko (kotoa) agertzen dira agirietan. 

Herriaren izenaz 
Koldo Mitxelenak, “ez oso, garbi baina esaten zuen Arbizuren esanahia arbi tokia litzatekeela. Niri oso arraro iruditzen zait lurrak ematen duen fruitu horrek izena ematea herri bati”. Haren esanahiaren inguruko beste hipotesia du ikerlariak: "Sakanan, eta toki askotan, ar eta ara dauzkagu, esaterako, Arakil. Nik uste dut ara hori iara dela. Aferesia edo lehen bokala galtzearena da oso ohikoa da nafarreran". Beraz, ara hori errota litzateke eta, beraz, Arbizu litzateke: ara+bi+zu edo bi errotakoa. Agiriek bi erroten berri ematen dute. "Bat betiko tokian, Lezizako errekan eta, bestea, berriz, Beldarrain; gaur egun lurperatuta duten erreka. Zentzua izan dezake". 

Hipotesia defendatzeko Arruazu herri izenari ere erreparatu dio Erdoziak: "guk sekula ez dugu Arruazu esan, Arbazu baizik. Ara+bat+zu. Errota bat dagoen tokia litzateke”. Bide beretik Arakil ara+gil+le litzateke, “errotak egiten duen ibaia. Zientoka egon dira ibaian. Edo Aralar, ara+larre". 

Izenak  
Erdoziak bere lanetan izen abizenak jasotzeko ditu eta hala egin du oraingoan ere eta lau mugarriztatzeetako protagonisten berri jasoko du irakurleak. Esaterako, aurrenekoan, Arbizukoen aldetik, izan ziren: Gracian de Beramendi (prokuradorea edo epaitegiko arduraduna), Doctor de Maiza (abokatua), Joan de Arvizu (apaiza) eta Joan de Arvizu (Intzako erretorea, baina mugarritzean egon zena). Etxarriarren eta ergoendarren ordezkariak izan ziren: Joan de Jaca (prokuradorea), Liceciado Elizalde (abokatua), Joan de Zubiri (prokuradorea), Domingo de Erdozia (Etxarriko apeza, etxarriarren eta ergoendarren prokuradorea), Domingo Ulaiar (Etxarriko apeza), Miguel de Lezaun (Lizarragako apeza eta ergoendarren prokuradorea). 

Erlazionatuak